inprimatu
Beti-dantza
Izenburua:
Beti-dantza
Sinadura:
Orixe
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ormaetxea, Nikolas

Argitalpena:
Olerti.
Urtea:
1961
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1961 IV
Orrialdea:
251-252

Beti dantza

Pioner Vgarrena ta ni

 

Orixe

 

         Olerki auxe da nunbait Orixe zananen azkenengoa. Dakusgunez, ba ditu

 bere biur-unak idazkeran eta; goi-mezulari, ortzi zear igorritako Pioner

 V'garren dalakoaren gora-berak ederto azaltzen dauskuz. Auxe nai eban, antza,

 OLERTI'k eratutako sariketara bialdu; baiña Tolosa'n be sari galanta jaso

 ebalako edo, lotsa zan. Onela idatzi eustan berau OLERTIrako bialduaz:

         «OLERTIren batzaldirako enaz ausartzen ezebe bialtzen: lotsa emoten

 deust alde batera. Loba asi da beure saioa egiten. Nik extra concursum bialdu

 bearko dot».

                                                                         A. O.

 

 Zimizten ziztuan

 badoa Pioner

 mundu berri billa;

 artean emen ni,

 oiari josirik,

 neregan bil-billa.

 

 Pioner-ek baiño

 asko bizkorrago

 dut nik eragiña;

 piztu bazan piztu,

 etzait atertuko

 barrungo irakiña.

 

 Goizoroz esnatuz

 aurrea artzen diot

 nonai dijoala;

 zenbat oroitaldi,

 ainbat jun-etorri

 geldi nagoala.

 

 Amairu milla

 milloi argi-urte

 aldetik aldera;

 ontatik, Pioner

 zein beian dabillan

 kontuak atera.

 

 Suziri Pioner,

 i baiño geio nauk

 egon eta ibil;

 nere barrenean

 atergabe ari

 zaizkidak lau gurpil.

 

 Bi txiki, bi aundi,

 morroi ta nagusi,

 ia alkarren etsai;

 amaika burruka

 eman oi zigutek!

 alkar mendera nai.

 

 Batez bat gaztetan!

 lau oien ekiña

 neurriz doanean,

 gaztea gizon duk,

 ez zârra bakarrik

 zugurtasunean.

 

 Lau oien izenak:

 adimen, naimen

 irudi ta gale;

 alkarri zirika,

 maitagarri diran

 gauza denen zale.

 

 Baiña koketatik

 atera balediz,

 ai zer iskanbilla!

 Gaztealdi ua,

 neretzat beinik bein,

 itzul ez dedilla!

 

 Gurpil ortzadunok

 alkar artu eta

 koketan dirala,

 gorputz animetan;

 ez degu sumatzen

 pakea makala!

 

 Ekiñ eta jardun,

 ortz oriek noizbait

 legunduko dira;

 egunen batean

 gorputza ta anima

 bakanduko gira.

 

 Baiña guk ekiñ au

 ez degu galduko

 erdi au galduta;

 beste erdi au bizi

 geldituko zaigu

 trabak askatuta.

 

 Ez ola Pioner.

 Egunen batean

 eingo du eztanda,

 ta, animik ez baitu,

 xirtxikatuko da

 eguratsak janda.

 

 Gorputza piztean,

 biok berdin gera

 lau doaien bidez

 argi eta zailu,

 sarkor eta min-sor,

 bakandu eziñez.

 

 Goga bezain laister

 nonai gerta gaite

 izarrak zulatuz;

 aien igurtziaz,

 aien zulatzeaz

 miñik eziñ artuz.

 

 Eztaiak, eztaiak!

 Bildots arenetan

 ez da atergunerik,

 ez eztaiondorik,

 ez atsedeterik,

 ez baita nekerik,

 

 Atozte guziok,

 gizon, emazteki,

 erri eta enda,

 ospa daigun dantzan

 Jainko-Bildotsaren

 betiko gurenda.

 

 Au da dantza-kanta:

 «Gure Jainkoari

 bekio onespen

 argi ta jakite,

 esker on ta dedu,

 indar eta kemen,

 sekula guzien

 sekuletan. Amen».

 

                                                                 (Apo., XII-12)

 

 Suziri = cohete.

 Eztanda = explosión.

 13.000.000 argi urte. Prantses artikulu batean irakurria.

 

 


inprimatu