inprimatu
Negar egiteko katilu handia
Izenburua:
Negar egiteko katilu handia
Sinadura:
Juan Luis Zabala
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zabala, Juan Luis

Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
13.zk.
Orrialdea:
30-31

 

Negar egiteko katilu handia

 

Juan Luis Zabala

 

 Poema hauek Juan Luis Zabalaren Negar egiteko katilu handiapoema bildumatik

 atereak dira. Poema bilduma horrek 1988. urteko Imajina ezazu Euskadilehiaketan

 2. saria irabazi zuen euskarazko poesiaren sailean.

 

Negar egiteko katilu handia

 

 Negar egiteko katilu handia dut

 poesia deritzodana.

 Katilua eman zidanak

 ez zuen jakin zertarako izango zen.

 Poesia erakutsi zidatenek

 ez zidaten inoiz katilu konturik aipatu;

 negarraren kontrakoak ziren gainera haietako asko.

 Poesia eta katilua neuk lotu ditut beraz,

 eta katilu horretan prestatuko direnak

 neuk egindako urak izango dira beti,

 gero guztiei erakutsiko dizkiedanak.

 Badakit malko zaporea ez dela gustokoa izaten

 baina nik ez dut horretan erreparatu behar.

 Nik katilu barruan igeri egiteraino murgildu nahiko nuke

 eta inoiz inon inork ikusi ez bezalako arrain harrigarriak kausitu.

 Orduan beste modu batera begiratuko nindukete denek.

 Ez al da ba hala?

 

Gauaren botila

 

 Gauaren botila

 husten ari den bitartean

 zure haurrak sasi-arantzen odola oroitzen du

 eta haurraren bakero pistolaria pinua eta kaktusa erkatzen ari da.

 Haurrak ez bait zuen uste

 nagusien gauak botilazkoak zirenik.

 Dena den, gaua berez ilargiz jazten dela ere

 nonbait ikasi behar,

 norbaitek irakatsi behar (ilargiaren definizioa jakin beharrik ez dut uste

 dagoenik).

 Hala ere, ordea,

 norbait horri zurrut bat eskaini behar (gabezia —bete ezinik?— ospatu egin

 behar

                                                           den arauera,

 irakaskuntza busti egin behar).

 Eta gauaren botila egunero betetzen dute (ilargi-uraren ordez H2O nahasiz).

 "Handiagoa izaten da larunbatetako botila."

 Ilargia urrunegia da (eta ez du berezko argirik... eta oso geldia da...).

 Eta gauero gauaren botilak bustitzen gaitu

 sasi-arantzen mina eta pinuaren eta kaktusaren arteko ezberdintasunak oroipen

                                                                         soil,

 urrun eta hegatari bihurtuz...

 

Bazkalordu

 

 Eguneroko bazkariaren aspertasunean

 mahai borobilaren aurrean zure begiak.

 

 Izar bat horditzen denean

 gaua apaintzen da argiz

 eta gaukide hordiek

 beren begiak elkartzen dituzte

 ilargi borobila dutela tartean.

 

 Eguneroko bazkariaren aspertasunean

 izar hordi iraganen oihartzunek

 mahai borobilaren aurrean zure begiak

 begira ditzadan eskatzen didate

 bazkalordua apain dezadan maitasunez.

 

Semaforoak

 

 Semaforoak sinisten al ditun?

 Egin ezan gogoeta gauean.

 Polita dun galdera, nik uste.

 

 Ez al din sikiera

 zirrararik sartzen

 ixilean entzuteak,

 begiak itxita?

 

 Gidari moeta ezberdinetan

 pentsa dezaken, esaterako,

 kolore aldaketaren zain guztiak.

 

 Nik aburu bat eman diezanaket:

 semaforoak hitz ditun;

 semaforoak kodigo ditun;

 semaforoak gezurra ditun.

 Errepara ezan hutsune hori.

 

 Ikusiak ditinat

 goiztiri, paraje eta arrats ederragoak,

 baina ikusmen honek zerbait gehiago din.

 Zer edo zer lortu dugulakoan negon.

 

Sentimenduen geltokia

 

 Trenez eginiko bidaien

 geltoki bakartietan

 ene begiek

 esku leun eta ferekatzaile batek pinta ditzan nahi dute.

 Sentimenduen ibilaldi elektrikoa

 geldierazi nahi duen

 eta esistitzen ez duen

 blues dardarti eta motel batek

 eztiro erotzen eta tristatzen dit

 ez dakit zer, urdaila edo.

 Geltokiaren ikusketa

 lainotu eta lausotu egiten da

 betikoratuko duen eskuaren zeinua sentituz

 eta lo egiteko prestatuz.

 Aurpegien misterioak

 elurpeko umeak dira.

 Zoluko hondakinen kasualitateetan

 murgiltzen naiz gozo, emeki, lasai, astiro.

 Geltokia neurekin ados sentitzen dut,

 bere begi ezkutuek

 nire esku leun eta ferekatzaileak pinta ditzan nahi dute.

 

Aterrune

 

 Hitzek bustitzen gaituzte lanbro etengabetan,

 mezuzko hitzak, tantoka hizketan, H2O;

 aterpe eskas, goardasol nekatuak,

 hezetasunaren propaganda laino lerden dotoretatik esekita.

 

 Ez da zaila, bestalde,

 ohituraren beheranzko aldapan,

 larrosaren bat edo beste aitortu behar dugularik ere,

 gabardinarik gabe bizitzea

 eta arrapaladaren zorabioan

 ikuspen busti guztiak bateratu eta nahastea.

 

 Batzutan, ordea, atertu egiten du erabat.

 Noizbait ere baitako galmendietariko ahotsa dantzut

 busti nauten tantoen ezberdintasunak erkatu eta irazkintzen,

 "hidrogeno gehiegi, oxigeno gutxi" izan ohi da kexu,

 hala dio bederen gehienetan.

 

 Gogoetaren lautada mugagabean,

 atseden, indarberritze, begien bake,

 iragan euriak errepasatzen ditut nahasketarik gabe,

 galmendiari ze ur komeni zaion jakiten dudan heinean

 agian asmatuko dut nondik irten.

 

 Behintzat eta bederen, besterik ez bada ere,

 behinik behin, ez da gutxi, deus baino hobe.

 

 


inprimatu