inprimatu
Poetika
Izenburua:
Poetika
Sinadura:
Felipe Juaristi
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Juaristi, Felipe

Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
11.zk.
Orrialdea:
30-31

 

Poetika

 

Felipe Juaristi

 

Agur melankoliari

 

 Melankolia aldarrikatzen dute autobus beltzetan

 udako bluesak arras tristeak

 usapalak nabigatzen hezurrezko traineruetan

 benetan diotsuet aroak aldatuz doaz

 profeta baten eskua dakusat guzti honetan

 himno grandios eta sublimea marrazten

 hiriko abenidak eskalea pintatzen ari

 aingeru eroria edo demonioren bat

 c'est la vie c'est la vieoihu urragarria

 esan dut esan behar dudana

 geratzekotan eskuak bete itsasoz ibaiez baietz

 arrabita oblikuo baten notak

 barraskilo bat bizkarra igotzen

 xinaurri begiko gizonek ez dute senditzen

 haize beltzari darion haria

 sugandila luzexka ortzearen geometria

 zaldi saldoa elurraren desfilean

 le temps des miserables

 melankolia aldarrikatzen dute emakumeen ninietan.

 

Poetika

 

 Erabakita. Edertasuna zurbilean datza,

 ilargiar dizdira metaliko hurbilean,

 udako larrosa berantiarrak desegiteko abiaduran,

 mila zatitan apurtzean diamantearen osotasunean.

 

 Goizean jeiki eta Fortuna otzana fragmentoetan banandu,

 egunaren ordu guztietarako lain izan dadin.

 Masail ezagun batek argira ihes egiten ikusi,

 itsasuntzi ilun eta unatuaren moduan.

 Eta lehendabiziko begiradak espiritu setiatuak bihurtu,

 begiak pizten dituen artizarraren suan.

 

 Bai, baina altxorrik handiena ezkutuan

 paper zuriak gordetzen duena.

 

 Hortxe eraikitzen dira gaztelu sineskaitzak,

 esekitzen helduezinezko tenploak,

 bizitako aroak bezain nagiak.

 Hortxe pentsamendua da paseatzen

 insomne, beti bat,

 marea gora edo behera ajola gabe,

 eta suge erraldoien moduan

 bere adarretatik sortzen dira hiririk isilenak,

 aldea zulatzen duten txorien hegalaldiak,

 eskuz margotzerik inoiz lortuko ez ditugunak.

 

 Batez ere hortxe dago geure lurra baino gehiago

 maite dugun arrotzaren ateko giltza,

 urrezkoa, ilunabar basatiaren moduan.

 

 Eta atea irekitzea prestaketa berezirik

 behar ez duen ekintza:

 nor bere baitan itxi,

 itsaskuskuilu edo trikua izan.

 

 Hala ere goiz edo beranduago

 hiria kontzientzia-oihuz da zikinduko,

 gazteluak arrailduko,

 maitaleen ezpainak, kristalezko kalizaren moduan,

 uholde batek eramango du lur sekretoa

 eta tenploak memoriarik gabeko jainkoek

 hartuko dituzte beren atsaldirako.

 

 Paperaren zurbiltasun ozenak besterik ez du iraungo,

 bakarra, Ziklopearen begia, eta nabarmena

 bakardadean landutako elurrezko landa.

 

 Aszetek, bitartean, beren arimak dituzte ereiten.

 

Insomnioa

 

 Abiada azkarrean aditzen ditut insomneen trenak,

 isiltasunezko alfonbretan barrena.

 Ez dira gelditzen inongo estazioan,

 gauak arkoaren moduan tenk egiten du

 bi zatitan hautsirik.

 Pasoa libre utzirik,

 toreadore zaharraren elegantziaz,

 musikarik gabeko orduen beilari.

 

 Itsasoa, baso-itsu eskerga dute min.

 Hortxe, non so egiten bait dute ilargi-niniek.

 Zeru jeloskor batek argi urdinezko sastakaiak sartuz.

 Naufragio aurrean, itsas lapurren galeoi beltzek

 kareletik botatzen dute oroimenaren pozoina.

 Elur-malutak likisten ditu.

 Loreak lohitu.

 

 Oihartzun sendoa, kotxe dardartien gurpilena.

 Honelaxe aditzen dut gure gorputzen kontaktotsa,

 maindireen bakardade ustegabeko honetan

 gogor borrokatu dugun altxorraren soinua.

 

 Gauden une honetan atertuko balu

 eguzkiak libratuko lituzke bere urrezko

 zaldiak ortzeko belaze luzeetan.

 Eta hegadun domatzaile ausartak agertuko

 lirateke besteen ile-kordetatik zintzilik

 kolore guztiek forjatu duten bidetik eramanaz.

 Eta beren lasterketa nekatuaren ondoren

 beren muturretatik goiti lurruna

 ikusiko genuke ihesi

 eta desagertzean azken ur tantoak uzten duen

 arrastoarekin nahasiz.

 Ikusiko genituzke arrapaladan

 tropel bero eta lainotsu batetan.

 

 Biok pentsatuko genuke: ia miraria da.

 Gezur hutsa: Hori biok elkarrekin egotea

 besterik gabe da.

 

 Eta apenas konturatu gabe bustitzea.

 

 Loaren lapurra ikusi dut berriro,

 goibel, oker eta eiharturik,

 begi urrezko huriestraino baten gisa,

 eguzkiak gauari iluntasun eta infidelidade aleak

 lapurtu eta jaten zituenean mantso-mantso,

 iraileko mahatsa bailitzan.

 

 Nik, aitortzen dut, maitasun guda

 iragarritako batetik nentorren,

 irabazle ala galtzaile, nire larruan zer ajola?

 

 Beti galtzen da, irabazten dela sinistuarren.

 

 Bularrekoa, errauts koloreko bi zatitan hautsirik,

 arpegi nekea, ahoa ertirekita,

 begiratu nion beldur-laborriz begietara.

 

 Geltoki hurreneko trenak mututu ziren.

 

 Ikusi nuen nire baitan sendoa izan zena,

 bertebrak, gogoa, txikitzen zirela,

 betirakotzat nuena, erdoiltzen.

 

 Nire bihotza eliza abandonatuaren gisa lurreratua.

 

 Eta ordudanik ez zait sikiera loa geratzen.

 

 Ai, lapur madarikatua!

 

 Jarraitzen natzaio tenebratan,

 arimaren arteko zirrikituetan barrena.

 

 


inprimatu