inprimatu
Gauaren lilura kopla luzetan
Izenburua:
Gauaren lilura kopla luzetan
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
10.zk.
Orrialdea:
23

 

Gauaren lilura kopla luzetan

 

Patxi Perurena

 

               1

 Hautsi omen da anfora

 Itsaperatu bafora...

 Euskal poetek ezin asmatu dute

 Bizitzaren metafora.

 

               2

 Ilunpeko argi printzak

 Izarren burnizko hitzak...

 Gaueko oinazeak herdoiltzen ditu

 Irudimenaren giltzak.

 

               3

 Zeruaren urdin hutsa

 Gauaren larru bilutsa...

 Fantasiaren haizkoraz kentzen zaie

 Hitz geldotuei huntza.

 

               4

 Gau poetaren taktika

 Ele galduen praktika...

 Haize boladak leihoan idazten du

 Euriaren gramatika.

 

               5

 Ur gainean hilargia

 Zilarrezko estalkia...

 Argi errainuen lilura gorrizta

 Arratsaren nostalgia.

 

               6

 Zumar etzanen iladak

 Ibai ertzeko isladak...

 Ur eztiaren kantuak neurtzen ditu

 Atseginaren silabak.

 

               7

 Letra urdinen altura

 Zeru garbiko faktura...

 Ur axaleko izar dirdira fina

 Gauezko literatura.

 

               8

 Hodei zuriska ahula

 Grisasta edo azula...

 Zeruak itsas gainean pintatzen du

 Kolore hitsen fabula.

 

               9

 Gauezko argi-hazia

 Izar xurien grazia...

 Elurrezko letretan inprimatua

 Zeru urdineko grafia.

 

               10

 Argi horizten irrika

 Ilun-larruan dirdirka...

 Brisa lehunak aidean zabaltzen du

 Hilargiaren lirika.

 

               11

 Zeru zuriska goibela

 Txistuka hegan horbela...

 Orriz orri irakurtzen du haizeak

 Gau ixilaren nobela.

 

               12

 Putzuetan ur geldia

 Lur beroen izerdia...

 Baso beltzean kantatzen dute hontzek

 Ilunaren tragedia.

 

               13

 Laino berdaska horia

 Ur gainera eroria...

 Kurriloek zeruan idazten dute

 Haizearen historia.

 

               14

 Goiz-argien ironia

 Ur garbien sintonia...

 Errekondoetan musika zuria

 Izotzaren sinfonia.

 

               15

 Argi ezkilen danbada

 Ozena ta zabala da...

 Ibar luzean galtzen da oihartzuna

 Gau tristuraren balada.

 

               16

 Euskal poeten asmoak

 Ilunpeko espasmoak...

 Herri honi gailentzen ari zaizkio

 Heriotzaren salmoak.

 

 


inprimatu