inprimatu
Irun, euskaldun?
Izenburua:
Irun, euskaldun?
Sinadura:
Jesus Mari Mendizabal
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendizabal, Jexuxmari

Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
2.zk.
Orrialdea:
30

 

Irun, euskaldun?

 

Jesus Mari Mendizabal

 

 Kantuz hastera noa

 nahasi bezain ilun

 nolaz ikusten dudan

 Bidasoan Irun,

 beltzagorik ez dela

 Gipuzkoan inun.

 Jainkoak ere kontra

 nola eman digun.

 

 Mende luzetan Irun

 zindo, eder, on zen,

 erdaldunduz geroztik

 zail okerra ontzen.

 Ez dakit ari garen

 ibai urak lotzen

 ala arraultze ederrari

 danbolina jotzen.

 

 Itsas mendien kate,

 Euskadiren bihotz,

 gure hizkuntza galtzeak

 ematen neri hotz,

 zenbait ekintzez batzuk

 ahoa bete hortz,

 mingaina luze baina

 eskuak biak motz.

 

 Gibelez Nafarroa

 aurrez Honddarrabi,

 Bidasoaren hondar,

 kaiu hotzen kabi,

 euskal azken oihartzun

 auzotzat Behobi...

 Herri bat izan zena

 zergatik gero bi?

 

 Hibaiaren mugaz gain

 oihanak bestea,

 hizkuntzarena ez da

 erraz sinestea,

 bidezko da Aya Harriak

 zernahiri eustea

 halere erderak aise

 lortu du haustea.

 

 Ibarla nahiz Larrendi,

 Elitxu, Katea...

 ez ote dira hoiek

 gure errematea,

 baserria hara hortxe

 arrotzen atea,

 zein xamur egin dugun

 amore ematea!

 

 Erdia aspalditxo zen

 kale jendez hartu,

 euskaraz lau haur eta

 elizan bi santu,

 "agur" euskaraz baina

 erdal mintzoz kantu...

 irundarron bihotza

 har gaiztoak jan du.

 

 Beleen elez ari

 ote naizen nago

 gaitza sartua bait da

 askozaz lehenago,

 izan'e zenbat eta

 lurra bigunago

 orduan eta noski

 harra barrenago.

 

 Pausutik bidaia asko

 Gipuzkoetara

 euskarak han dituen

 larre onetara,

 handikoak ez datoz

 honuntz hizketara

 muga joan bait zaigu

 Gaintxurizketara.

 

 Zaharrak ba doaz eta

 ba datoz berriak

 hola hornitzen dira

 munduko herriak,

 gurearentzat baina

 hor datoz gorriak

 laister euskaraz soilik

 hilerriko orriak.

 

 Bestalde, emango badu

 ezertxok fruturik

 usteldu beharra du

 lurpean sarturik.

 Bistan da gure hizkuntza

 dagola zaharturik,

 berpiztuko al zaigu

 kiretsak harturik?

 

 Berpiztu nahian edo,

 aurtengo maiatza

 (hilabete hau bait da

 urteko ardatza)

 aukeratua izan da

 euskararen batza,

 bai zeruak bota're

 euri jasa latza.

 

 Nahiz euskoen Jainkoa

 nonbait den urruti,

 nahiz bideak daraman

 gaur kanposantuti,

 San Martzial emazu

 laguntza ez guti

 Irun euskaran ere

 manten dadin zuti.

 

 Horra hamalau bertso

 nolarebait eman

 erabil ditzan nornahik

 kantu edo teman,

 baliorik ez dute

 euskararen deman,

 haizeak ekarri ta

 haizeak ereman.

 

 


inprimatu