inprimatu
Arantzaz besarkaturik
Izenburua:
Arantzaz besarkaturik
Sinadura:
Juan Kruz Igerabide
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Igerabide, Juan Kruz

Argitalpena:
Plazara.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
31

 

Arantzaz besarkaturik

 

Juan Kruz Igerabide

 

 Arantzaz besarkaturik natza, baina

 maite dut txori hegalarien

 diamantezko xixtu diztirantea,

 haizea milaka izarņo jostaritan

 pitzatzen duen gezi milakoiztua.

 

 Arantzaz besarkaturik banatza ere

 laket zait aspaldiko ixtorioen

 goroldio azpiko amodio herabea,

 begiradatan asea,

 lihozko oihaletan ezkutatua.

 

 Arantzaz besarkaturik niagon eta

 maite dinat erloju zaharraren

 taupada herdoildua hire saihetsean.

 Haritz zaharkituaren arraildura zimurretatik

 aldegiten duen gizalditako usain aitonduez

 igurtzi nahi hinduket, emaro.

 

 Besarkaturik natza arantzatan.

 Fago iharra inarrosten duen

 musika hutsalak, garo eta ihintzetan

 linburtu nahi lituzke ahaire ximelak.

 Eta hire besapean otarra nahi dinat

 lizar hostoz mukuru;

 eta hire oinzolatan, goroldioa;

 eta hire begietan, Donibane sua;

 eta hire adatsetan, itsasoaren zurrumurrua;

 eta hire ezpainetan, ilargiaren fereka;

 eta hire ahotsean, kopla ixil hau:

 

         Sahatsak triste itzala,

         masustak dirdir azala.

         Hire altzora izar errekak

         haizeak ekar ditzala.

 

 


inprimatu