inprimatu
Klotxereko Kurutzea
Izenburua:
Klotxereko Kurutzea
Sinadura:
Manex Erdozaintzi-Etxart
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Erdozaintzi-Etxart, Mañex

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1958
Argitalpenaren urtea:
Alea:
iraila/gabonila
Orrialdea:
439-441

 

Klotxereko kurutzea

 

Arnaud Erdozaincy-Etchart

 

 Larrazken hastapeneko

 Asteri edertsu bat zen.

 

 Zeru garbi urdina

 Lanho petan gordea;

 Mendi eta zelaiak,

 Bazter guzi-guziak,

 Pausu trankil batean

 Bake gozoenean.

 

 Bakarrik firristan

 Zeruko airean

 Asteri ondoan

 Freskuraren hartzen

 Gustian zabilen

 Bele beltzaun baten

 Hegalda pizua.

 

 Ene ganberan nindagon

 Liburuak bazterturik

 

 Burua akhitua

 Ikastea utzia.

 Betan xutitu nintzen

 Eta hasi ibiltzen

 Ganberaren barnean

 Horgo leku hertsian;

 

 Leihorat hurrandu

 Kanporat behatu

 Zeruari buruz.

 Xoraturik kantuz

 Egon nintzen luzaz

 Betez nere botzaz

 Egoitza guzia.

 

 Bi begiak zabaldurik

 Kanpaina ikertu nuen

 

 Ta ikusi hebentik

 Zuhaitz petan gorderik

 Lo dagon urmaela

 Dena baltsaz betea,

 Entzun osto artean

 Haizea zirrimolan.

 

 Nere aintzinean

 Ikusi orduan,

 Harritu beinintzen,

 Xut-xuta agertzen

 Eliza aldean

 Klotxeraren puntan

 Kurutze haundi bat.

 

 Kurutzeari so'ta so

 Mila pentsaketa eder...

 

 Iainkoa gizon egin

 Eta gutarterat jin,

 Nahi izan du bizi

 Gu bezala osoki:

 Jasainez lan dorpheak,

 Penak, nahigabeak.

 

 Gure Jainko onak

 Amodiozkoak

 Egin du guretzat

 Haur dohakabentzat

 Ongia nasaiki

 Sustut bereziki

 Osasuna eman.

 

 Kurutzeari begira

 Mila erakaspen sakon...

 

 Gizonen erremuan

 Jainko bizi izan,

 Nazareth'en gorderik

 Maxtruguntzan ixilik

 Kaskoz eta eskuez

 Hogoita hamar urthez;

 

 Galilea'n gaindi

 Predikari haundi

 Gero abiatu

 Beharrez kunplitu

 Bere mixionea

 Aitak manatua

 Denak berpiztea.

 

 Kurutzean irakurtzen

 Mila erakaspen sarkor...

 

 Odolez idatziak

 Guretzat hoberenak:

 Jesus hil izan dela

 Gaxtagin bat bezala

 Kurutzean dilindan

 Golgotha'ko mendixkan.

 

 Besoak zabalik

 Begiak argirik

 Bihotzetik jelgi

 Burrustan ugari

 Jainkozko odolaz

 Gizakizko uraz

 Denak Jainkoratu.

 

 Larrazken hastapeneko

 Asteri edertsu bat zen...

 

 Zeru garbi urdina

 Lanho petan gordea

 Mendi eta zelaiak

 Bazter guzi-guziak

 Pausu trankil batean

 Bake gozoenean.

 

 Nere aintzinean

 Ikusi orduan,

 Harritu beinintzen,

 Xut-xuta agertzen

 Eliza aldean

 Klotxeraren puntan

 Kurutze haundi bat.

 

 Kurutzearen oinetan

 Otoitzño bat ezpainetan...

 

 Ororen Jainkoari

 Guziz ospetsuari

 Lurrean, zeruetan,

 Gizonen bihotzetan

 Adiaraz goraki

 Eresi bat ederki.

 

 Ixiltasunean

 Bakartasunean

 «Agur, Jaun Goikoa,

 Oi Soberanoa!

 Bizi dohatsurat

 Othoi zure ganat

 Bil gizakentea.»

 

 Gure lurreko egoitzan

 Xut-zuta zeru aldean

 Ikusi nuen argitan

 Kurutze bat klotxerean.

 

 Ikusi ere... aurrean

 Argi pindairen distiran

 Ingurumen zabalean

 Goiko alegrantzietan

 

 Nazione guzietarik

 Leihor urrungoetarik

 Irustasunez beterik

 Denak bat besarkaturik

 

 Kurutzearen oinetan

 Belauniko lur hotzean

 Eskuak luze luzean

 Gizakiak othoitzean.

 

 Ixiltasunean Bakartasunean

 «Ospe, Jaun Goikoa

 Gure Nagusia!

 Othoi zure ganat

 Azkatasunerat

 Bil gizakentea.»

 

 Ixiltasunean

 Bakartasunean

 Denek, murmurikan

 «Agur, gure Aita

 Zeruetan zaudena

 Othoi zure ganat

 Bizi dohatsurat

 Bil gizakentea.»

 

 «............................. rat

 Bil gizakentea»...

 

 Oihartzunak zoan

 Mendi mazeletan

 Urrun-urrunean

 Zeruko lorian.

 

                                                               «La Clarté-Dieu»

                                                             Orsay'n 1957-10-31

 

 


inprimatu