inprimatu
Amerikatarrai
Izenburua:
Amerikatarrai
Sinadura:
Txomin Jakakortajarena
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Jakakortexarena, Txomin

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1956
Argitalpenaren urtea:
Alea:
azila/gabonila
Orrialdea:
5-7

 

Amerikatarrai

 

Arabagu

 

 Agur sutsu bat yai alai ontan

 Pehuajo'ko erriari,

 Anai zantzo ta txalo bero bat

 Euzkotar yator danari.

 Arnas berri bat damaiozute

 Odol gaztea ugari,

 Danon adorez senda nai dugun

 Ta iltzer daukagun Amari.

 

 Ludiko bazter urrun oetan,

 Orlako euskaldun yayak!

 Etxean berriz gutxigogatik,

 Yazarri, leotz, epaiak.

 Mingarrienik, mingarrienik

 An lo zorroan anaiak!...

 Yo zoli zuek, Argentinarrak,

 Esna-arazteko bagaiak!

 

 Abe txar batek yorik euki du

 Luzaz gure aberria.

 Seme geienak aztuxea ta

 Enparauak ezetsia.

 Euskera berriz pinperaturik!

 Basorako egokia...

 Danak atzerri mastia zaintzen

 Aurkaz ereinka an ogia.

 

 Bi guda gorri yoak genitun

 Karla bakaldun bearrez,

 Euskalerriko sendi guztiak

 Utzirik garratz negarrez.

 Fueroen alde! zer ziran ere

 Yakin gabe, zori txarrez!

 Or esku utsetan igor ginuzen

 Yudas'en dollor kaldarrez.

 

 Etxe-legeak zaintzen aztuta,

 Auzokoak aldeztu nai.

 Eusko-semeak zinez nasturik

 Orla zebiltzan alderrai.

 Ludiak ditun eskubiderik

 Zarren-zarrenen yabegai

 Or loskarriro, eskale antzo,

 Atzerri emaitzaen zai.

 

 Larrazabal'dik gure Sabin'ek

 Yo zun yo zantzo zolia,

 Aren oyuak inarrosi zun

 Goinetik barren erria

 Atzerri gaindik barraia baitzan

 Aren oyartzun bizia

 Euzkotar danak zutitu ziran

 Aska nairik Aberria!

 

 Aurtxo eresi zoragarri bat

 Ortzira igo zan emaro...

 Azkorri berri baten zantzua

 Nabari bait-zan oparo.

 Zerua bera liluraturik

 Eduki bait-zun luzaro

 Amets oberik ez bait-zezaken

 Euzkadi Amak itxaro.

 

 Etzan ordea lakemen aro

 Indar-zaleak gainezka!...

 Aberri danak aien menpean

 Eroriz doaz errezka.

 Erri zarrena gorroto dute...

 Oldar zaizkio eurrezka,

 Lakemen habi genun Gernika

 Or errausturik ayezka.

 

 Ludi erdiaz yabetu dira...

 Gure mingotsen samina!

 Aien menpetik ezin itzuriz

 Beti lanbide berdina.

 Lur azke zabal oetaraino

 Orra sarturik gorrina.

 Adibidez or berri berritan

 GALINDEZ'eri egina.

 

 Bainan, oraingoz yoak dituzte

 Azkenengo ostikoak!

 Erroitz-bidean yarriak dira,

 Badatoz yarei-aroak.!

 Aro berriak berekin dakaz

 Bizitz-arnasa beroak.

 Euzkadi'k ordun zabal lezake

 Bere ate ta leyoak!

 

 Garai artako bearrik zaigu

 Argentina'ko laguntza,

 Ludi guztira zabaldu diran

 Euskaldun danen bakuntza.

 Nork zun ba gure berririk inoiz

 Auna menditik aruntza?

 Gaur lubillara zabali dugu

 Euzkadi'ren ezagutza.

 

 Azkatasunak laster du giro...

 Yaiki, yaiki, euzkotarrak!

 Ludi guztitik yasoko dira

 Berebiziko didarrak...

 Euzkadi'k lortu ditzan betiko

 Ostutako Lege Zarrak

 Danen gainetik entzun bitzagu,

 Zuenak! Pehuajotarrak!

 


inprimatu