inprimatu
Euli laguna
Izenburua:
Euli laguna
Sinadura:
Faustino Zerio
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zerio, Faustino

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1956
Argitalpenaren urtea:
Alea:
ilbeltza/otsaila
Orrialdea:
12-14

 

Euli-laguna

 

Ilaunbe

 

                       Biotzez euskaldun diran Astola'tar Miren eta Visi aispai

 

         1

 Igaz neguko otza

 sumatu zunean

 euli bat geratu zan

 nere gelatxoan

 askotan il nai nuen

 bañan alperrean;

 ala ere, eraitea

 neukan asmoetan.

 

         2

 Goizero esnatzean,

 an zegon eulia

 oi-aldeko orman buruz

 bera itsatsia;

 etzan gai ibiltzeko...,

 otzez ain josia...

 erruki nuen eta

 barkatu bizia.

 

         3

 Arrezkero baneukan

 gelako laguna,

 bakarralditarako

 atsegin leguna;

 goibel alditan bera

 arin neregana

 zetorkidan eran naiz

 nerekin zegona.

 

         4

 Bein elurte aundia

 erori zitzaigun;

 begietatik lurrak

 iges egin zigun.

 Agure zar neguak

 asarre egin zun

 eta nere gaixoa

 il zorian ordun.

 

         5

 Nigana etortzen zan

 bero piskat eske

 ta maiko argipean

 zegon muitu gabe;

 nik ez nuen uxatzen

 andik iñoiz ere,

 eskertzea ausnartzen

 zula nik bai uste.

 

         6

 Odeien artetikan,

 egun batzuetan,

 lurreraño eguzkiak

 begira oi zuan;

 nere eulia, ordea,

 eguzkira etzan,

 gezurrezkoa zala

 ongi bai zekian.

 

         7

 Gutxitan ikusten nun

 egazka jun zanik;

 mai-gañekoan beti

 indarrak gorderik;

 ba-zekian maltzurrak

 maiaren azpitik

 goruntz igotzen zala

 bero atsegingarrik.

 

         8

 Euli lagunagandik

 ikasi nuana,

 badakite guziek

 iakingarriena:

 gerekoi gera danok

 nai ta ez, ¡au lana!

 Ontan euli besterik

 eztugu gizona.

 

         9

 Negu zar gizatxarrak

 bere indarrak galdu

 ta Udaberri liraiñak

 ura ostikopetu...;

 len motel zebilenak

 bere egak arindu

 ta Udaberriarekin

 batean berriztu

 

         10

 Gose bizia esna

 zitzaion berari

 ta, bein baño, neri ere

 zitz egin ederki;

 nere asarreak jarrai

 lengo errukiari

 baita eriotza ere

 opa egin berari.

 

         11

 Aleun semeen ama,

 izan zitekela,

 bein burura etorri

 gogaltzen nengola;

 «izugarri litzake»

 esan nun; ta bela

 euli gaixoa il nuen

 ondoan zegola.

 

         12

 Bere burua zaitzen

 baita zitz egiten

 berari norkeriak

 zion erakusten,

 neri, baña, bizitza

 euliari kentzen...

 (Lagunaren kondaira

 emen da bukatzen.)

 

         13

 Aurtengo negu zarrak

 (igazkoa antzera)

 elur-izotz gogorrak

 ekartzen lurrera...;

 igazko euli laguna

 datorkit burura...;

 sartuko al litzaidake

 beste bat gelara...

 

                                                               Gabonillan, 1955.

 

 


inprimatu