inprimatu
Iruko'aren Kondaira ezaguna
Izenburua:
Iruko'aren Kondaira ezaguna
Sinadura:
Salbatore Mitxelena
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mitxelena, Salbatore

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1956
Argitalpenaren urtea:
Alea:
ilbeltza/otsaila
Orrialdea:
4-6

 

Iruko'aren kondaira ezaguna

 

Egarin

 

 I.— Mundu-baxter bat.

 

 Mendi-gordaillu, Landesi,

 oian-mamien ninia...,

 zu kanta nai zaitut eta

 zure izkutuan kabidun

 bizi izanaren zoria.

 

 Arrotz ankerren bekaitzak

 e'tzizun yosi erpea

 artean; giza-ezpañek

 doi ezagun, doi aitatzen

 zure izen orbangea.

 

 Berandu arte ez, ba,

 yakin zugan gurutze bat zanik;

 ez uste, ostope-elizan

 Landesi, Gurutz eta Txindor

 ain elkarren zitezkenik...

 

 II.— Maizter baño yabe.

 

 Bekaitz-mundura ertsia,

 alde on asko Landesik.

 Onena: ango berri iñork

 ez yakitea, bertako

 maixter txiruleak baizik.

 

 ¡A ze mutilla txindorra

 Landesiko yaun ta yabe,

 osto-orrizko gazteluan,

 eiztarietatik urrun,

 iñori yauntzik zor gabe...

 

 Ezyakiñaren altzoan,

 zugaitz artean gordea,

 Bakarte uraxe zizun

 Zerutik iraulitako

 ondare ezin obea.

 

 Ikuspegi-mugaz arat

 bazun lur gizenagorik...

 ¡Milla aldiz, baña, naiago

 kantari eman egunak

 iñorat alde gaberik!...

 

 III.— Ez omen, oroi zunik..

 

 Artzai zar bat, bidenabar,

 egoki oi zan iñoizka,

 artalde-ondo. Txapela

 eskuan, atseden ar oi

 Aita-Gure bat otoizka.

 

 Artzai zarrak zekiena

 Landesi artan bazala,

 bai an, sastrakan gordea,

 gaztetan ezagundako

 zurezko gurutz apala.

 

 Urteen eskergabeak

 larrez ito omen zun gero

 fede-ikurra. Ta beraz

 beste, ez omen zan, ez omen!

 oroi unik arrezkero...

 

 ¡Ez ba yakin unai onak,

 lapurrengandik aterri,

 gurutze artantxe zintzil

 erron-berotan zegoan

 kabi yaundun baten berri!

 

 IV.— Gurutzadun Landesi!

 

 Gure txintariak, ontan,

 goizero ta pozikago

 egun berriak agurtzen,

 gurutzadun Landesia

 gero ta bait-zun maitego.

 

 Uda aña negu gogorra,

 guzia maite, guzia

 goraipatzen kabidunak,

 Landesiko gurutza aña

 gurutzadun Landesia.

 

 ¡Entzutekoa arratsetan

 maizterraren eztarria,

 txarope loak-artetik

 illargitara aidatzean

 zeruraiñoko adia!

 

 Illargi gau-erregiñak

 txindorraz lilluraturik,

 e'tzula, aitor zun, lurbiran

 aren bakar-zale ederrik

 aren kantari garairik...

 

 ¿Nork, baña, aletu zeiken, nork,

 zorion-artaburua

 Landesi ezjakineko

 guruzpe larreztatuan?

 ¡Abaso bedeinkatua!

 

 ¡Bedeinkatua! —zabesan

 urrezko txirula yoaz,

 lena ta etorkizuna

 ordunarekin itunduz

 an bizi-iltzeko asmoaz,

 

 — «Ederra bait-da bizia

 — ziñon Landesia maitez!

 ¡A gurutzadun Landesi!

 Berton yayo, berton bizi,

 ¡ene txitatxok!, ez alde, ez»...

 

 V.— Txindor ala kisne?

 

 Oskorri odoleztuan

 kordege eguzki ilzoria

 aitzen eta aitzen ziyoan...

 T'erostari-lagungoan,

 yakiña!, au ari txoria.

 

 ¡Ai pake lauso gabea,

 ordurarteko pakea!

 Eldu zaik ondikotz!, orra,

 sugekiro, ixil, makurka

 etsai barrabaskumea.

 

 Donge alenak, artetik,

 noiz iraitziko arria,

 txaparro artetik parre.

 — «Dabesala abes (bai-liñon)

 bere illeta-eresia!».

 

 Eguzki ilzoriari so,

 iñoiz ez bezin ameskor

 azken agur zoliena

 zeralkion kisne ederrak,

 eriosuar ta atsalkor...

 

 Yaun oraillaren goria

 goriagotuz biotzan,

 yoranez paparra arrotuz

 — «¡Zure oskorria iltzean

 oi al ba'neza! —ziñotsan.

 

 VI.— Obitik agur.

 

 Yaurti-gezia, beñola,

 an doa, eriogarri,

 zorrotzik, Landesiaren

 biotzeenera txoria

 eratxitzeko egarri.

 

 Txindor ta Gurutz biak bat

 lurrean bertan, autsiak...

 Erbeste urrunera iges

 zoazen uxatu-umeeri

 ura agurra ama ilzoriak!:

 

 — «...atzerrian Landesiko

 gentza non?... Enetxok!, biur,

 biur lenballen berriro

 abasoen gurutzera

 kabiketarako... Agur!»...

 

 Agur Landesi ta umeeri,

 ta an il zan gure txiñola...

 Landesi alargunduak

 obi-maindirez txuka zun

 illak zerion odola...

 

 VII.— Artzai zarraren epaia.

 

 Artzai zarra artaldeakin

 aratu zan udazkenez...

 ¿Zer ziran oñatz-aztarnaik?

 ¿Nork itzulaztu Landesi?

 Dana antzeman zun, bat-batez:

 

 ...il-zurrun, txiñola izana...

 ...kabia urra-lits, lurrean...

 ta, gel! gurutza antxe!, etzana,

 besamotz, euriak yana...,

 ¡irurak laztanka, artean!...

 

 Gogora zun gaueroko

 txindorraren eresia

 illargi-izpien edari,

 kabi berotik goraltzen

 gurutzadun Landesia.

 

 Gogora: bakartegian,

 yaiot-liz orlegian

 yaupaleme ikuseziña,

 Adan ta Eben yatorri

 oben aurreko zorian...

 

 —«¡Zergatik gera ain gaiztagin!?—

 (aiton-kupirak aldarri)

 ¡Iñori kalte gabeko

 egazti au, ¿zergatik il?»...

 (...ta ixil-ondoz, txindorrari:)

 

 — «Atzeman aute; ¡baña ez,

 gurutza autsi gabe lenik!

 (Ura zan, ura epaia!)

 ¡Landesia maitea anbat

 gurutza maite uen ik!!»...

 

 VIII.— ¿...?

 

 Ta artaldeari yarraika

 aurrera yo zun itunik.

 Aita-Gurea, oi zunez,

 esan bitartez, galdezka

 — «¿Zergatik Yauna, zergatik?».

 

                                                                       1938-1955

 

 


inprimatu