inprimatu
Evangelica dicta
Izenburua:
Evangelica dicta
Sinadura:
Polikarpo Iraizoz
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zarranz, Agustin

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1955
Argitalpenaren urtea:
Alea:
5/12
Orrialdea:
86

 

Evangelica dicta

 

Irisarri

 

 Kana'ko ezteiak

 Kana iritxoan ezteiak izaki,

 ezteiliar ziren Iesus ta Maria;

 erditsuan zela eztei-afaria,

 inork uste baino lehen ardoa aki...

 

 Mariak bearra ikusi du aurki,

 orotara erne baitauka begia;

 Iesusi egiten bertan eskaria:

 «Arnorik eztute» diotsa laburki.

 

 Ama Mariaren biotz-ontasuna!

 gure bearrentzat oi begi erneak!

 gure laguntzeko esku ahalduna!

 

 Ezin erran ezetz Amari Semeak:

 an dauden kupelak urez beterazo,

 ta ura biurtu zuen ardo gozo.

 

Legenduna

 

 «Iauna, nai baduzu, garbi nazakezu!»

 legendun gaixoak oiu egin zizun;

 ta zuk: «Nai dut bada, garbi, zaite» erantzun

 ta bera ukituz gaitzetik sendatu.

 

 Ni ere legenez iosia naukazu,

 bekatu-legenez arima dut lizun,

 bataioan artu nuen larru legun

 garbia loiturik, orain latz ta satsu.

 

 Iauna, zuk sendatzen al nauzu ni ere,

 ta zuri natortzu ni osasun eske,

 eri gaixo ura bezain uste andiz.

 

 Urrikal bekizu nere zorigaitza

 ta errazu zure alguzidun itza:

 «Nai dut, garbi zaite!» Halabiz, halabiz.

 

Iauna, ni ez naiz gai

 

 «Mirabe maite bat eri andi daukat,

 elbarri, oinaze gaitzetan, il ez-bai.

 Senda zazu, Iauna! Ez naiz ordean gai,

 zerori sar zaiten nere etxe barnerat.

 

 Emendik bertatik errazu ele bat,

 aren sendatzeko eztut bertzerik nai;

 zuk aginduz-geroz banagoke lasai,

 baitakit ezinik eztela zuretzat.»

 

 Nausi arrotz arek ola etsi etsi,

 mutil maite ura ilko zaion beldur,

 egin zion gure Iaunari otoia.

 

 Aren sinestea Iesusek miretsi

 ta «zoaz etxera» erran zion labur;

 «gaitzak aldegin du, sendo da morroia.»

 

Ez geiegi kezka!

 

 «Lurreko gauzetaz ez geiegi kezka:

 Zer dugu iauntziko, zer ian ta edanen?

 Euzue biotz on! ientilak ibiltzen

 olako kezketan, au t'ura galdezka.

 

 Begira txoriak airean egazka,

 oiek ez ereiten, ez uztarik biltzen;

 ta alere alerik ezta gosez iltzen,

 Aitak egokitzen zeini bere bazka.

 

 Orobat larreko lore ta liliak:

 naiz oiek ez irun ez eundu, soizue

 Iainkoak zein apain daduzkan iauntziak.

 

 Zenbatez geiago Ark berak gizonoi

 ian ta iaunztekoa emanen dizue,

 Aita oberenak ume maiteenoi?»

 

Mendi goian

 

                     I

 Iesus gure Iauna iru ikaslekin

 mendi goi batera igan, zen beinola;

 ta aien aitzinean otoika zagola,

 itxuraldatu zen, bertzelako egin.

 

 Aren aurpegia iguzkia bezin

 disditsu iarri da, argi dariola;

 soinekoa zuri-zuri bereola,

 elurra berbera zuriago ezin.

 

 Elias ta Moises agertu zitzaizkan

 ta bien artean arturikan bada,

 Arekin izketan nabasiki ari.

 

 Ta odei artetik Iainko Aitak erran;

 «Au nere gogoko Seme maitea da,

 gogo-emozue berorren itzari.»

 

                     II

 Iru ikasleak xoraturik daude,

 anbat edertasun ta argi dakustela;

 aien zoriona! zeruan daudela

 aingeru artean dute noski uste.

 

 Ta Petrik ausartsu: «Emen ongi gaude!

 Iauna, gain unetan bai atsegin dela!

 etxola batzuek eginik berela,

 gauden beti emen, beiti iautsi gabe!»

 

 Gaixoak zer dion eztaki pozarren;

 ta alere Iesusek bere dirdiraren

 izpitxo bat baizik ez erakutsi an.

 

 Zer izanen ote zeru goian gero,

 Aren edertasun osoa xehero

 den bezela bekoz-beko ikustean...?

 

 


inprimatu