inprimatu
Iturri agortua
Izenburua:
Iturri agortua
Sinadura:
Nemesio Etxaniz
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxaniz, Nemesio

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1955
Argitalpenaren urtea:
Alea:
5/12
Orrialdea:
76

 

Iturri agortua

 

Nemesio Etxaniz

 

 ¡Ai, Iturritxo, Iturri!

 Maitale biurri!

 

 Iturriak maite bat

 omen zun ixillik:

 bat ixillikan, eta

 bestea gorderik.

 

 Maitale biurri!

 Ai, Iturritxo, Iturri!

 

 Eguzkia goizero

 an dijoa egan,

 gallurretik jauzika

 aitzik-aitz irristan.

 

 Nora joango? eta

 (ez iñori esan)

 iturrira ixillik

 maite-jolasetan.

 

 ¡Ai, Iturritxo, Iturri!

 Maitale biurri!

 

 Euzkiak iturrian

 sarturik burua,

 aren bustiz gozatzen

 zuri bere berua

 Ain zan Iturri polit!

 ta ain gozo ingurua!

 Eguzkiak antxe zun

 biotza lotua.

 Alde egiterakoan,

 gabero malkua.

 

 ¡Ai, Iturritxo, Iturri!

 Maitale biurri!

 

 Lizar-landara gazte,

 Iturri-ondoan:

 ezkoaren indarrez

 goraka zijoan.

 Nork esango? Lizarra

 Iturri-alboan,

 onen maitez zearo

 galdua zegoan.

 

 ¡Ai, Iturritxo, Iturri!

 Maitale biurri!

 Euzkiari musu, ta

 Lizarrari xirri.

 

 Lizarrak Eguzkia

 andik kentzearren,

 asi da gañetikan

 adarrak luzatzen.

 Beretzatz bakarrik nai

 Iturritxoaren

 kanta txanbeliña, ta

 Eguzkia andik ken.

 

 ¡Ai, Iturritxo Iturri!

 Maitale txoroa!

 Arrixku aundikoa

 den ire jokoa.

 

 Eguzkiak amorroz

 Lurra kixkaltzen du,

 Lizarra igartzeko

 asmoz, gar eta su.

 Baita ere azkenik

 asmoa burutu,

 ta Lizarrari muna

 ondotik igartu.

 

 Baña Lizar-ostroak eror ziranean,

 Iturria ere il zan, aiekin batean.

 Ta Eguzkia pozik biaramonean

 aitzik-aitz iturrira etorri zanean,

 maiterik etzun arki lur soil elkorrean.

 

 


inprimatu