inprimatu
Bizi nai
Izenburua:
Bizi nai
Sinadura:
Salbatore Mitxelena
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mitxelena, Salbatore

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1955
Argitalpenaren urtea:
Alea:
5/12
Orrialdea:
66-75

 

Bizi nai

 

A. Salbatore Mitxelena

 

                                                                 (Lenengo saria)

 

Irugarren aldia

 

                                         Post tenebras spero lucem (Yob. 17, 12)

 

                                   Ataurreko

 

 Obeizango zan, bearbada, poemaren III zati au I ta II'kin argitara izan

 ba'litz. Yendearen gogoko izango zan, eta lozorroaren ernarazgarri. Zer esanik

 ez, berriz, poemaren oro-tankerak asko irabaziko zula gain-soiñeko onekin.

         Artarako, banun gobernuaren edo gobernutar baten baimena. Baiña,

 damurik, ez nintzan ausartu. Gaia arriskatua zalakoz, esamesak eta agian

 salatak ere sortu zitezkela-ta, ez zitzaidan zuzen iduritu baimen-mesedea egin

 zidanaren agintea ta uste ona kolokaraztea.

         1949 ezkero («Arantzazu» argitara zan ezkero, alegia) yendearen

 suminkortasuna apur bat baretzen doala ematen du, ta salatari-arriskua

 zertxobait urritzen, setakeriari artu diogun nazkari eskerrak. Ala uste dugu,

 edo uste nai beintzat. Arrezkero, sortu dira euskal giro nabarmeneko beste

 libururik. Oientzat ortan ez da muziñik izan, zorionez. ¡Ez al da izango BIZI

 NAI onentzat ere?, irrikaz galdetzen nun nik, itxaropenari leioak zabalduz.

         Bestalde, berriz, zenbait adixkidek ez ninduten pakean uzten. Amar-

 amabin bat kopia atereak ba omen dituzte, nere ezyakiñean. Tai gabe eskatzen

 zidaten Ibar'ek bein idatzia: «nik esan bear ba'nu, e'tzenduke luzaroago

 izkutuan eduki bear, poemaren saillik deigarrien dezun orixe». Berebat,

 Prantzitik ibilli naizeneko udara ontan berotu didate kaskarra, lengoz gaiñera.

         Orrenbeste igurtzi ta loxintxekin, azkenean, abio artu dut eta, bildur-

 zalantzak astinduz, emen natorkizu plazara... ¿Zezen ala toriatzaille? Nik al

 dakit, geroak esango. Nere gogorako, orratio, ez bat eta ez beste. BIZI NAIk,

 gutxienik orixe gogo dizu. Zezenketa. Ta geienik orixe bildur: adarra yoko ote

 dioten.

         Sinistuko al didate, susmo txarrez nondik arrapatuko letozkidaken eta

 beti izaten diran irakurle aiek ere. Nik ez dut eman iñortxori miñik eman nai

 izan. Orregatik karlistetako gerratean tinkatu da BIZI NAI, ia geiago luza gabe

 gure egunetara, gaurko sentipen larrienak antxe asabenakin kokatuz. Bitara

 yarriak datozen gaurko euskal partiduen batasuna bidegurutze artantxe bakarrik

 topa eta kanta bait-diteke. Arabera, egiñala guzian saiatu naiz iñor ez

 minberatzera, arloa txirristagarria izanagatik.

         Dasagun: egon diteke emen ikuspegi okerra. Egon diteke maitasun

 geiegiaren lillura, atsekabe aundiegiaren itxumena; edo, baita, zirritu

 bakarretik dakusanaren ertsikeria. Baiño ez, arren, iñorenganako iguin, iruzur

 edo beste orrelako txarkeririk. Nolanaire beintzat, barkakizun ditezela,

 maitasun geiegiak lekartzen ajeok.

         Euskaldun ilzoriok gure gauzei ta pertsonei zor diegun onginaia ta

 laguntza, ori baitipat erabilli ta auspotu bear dula derizkiot gaurko

 literaturak, politika oroz gaiñetik, euskaltasunari eutsi nai ba'dio. Batasuna

 billa ta ez alderdikeria; alde bat eta besteko utsegiteen barkapena erein eta

 ez kontrako etsaikerien zabalkunde zalapartatsua. Bi aldetarako partiduak

 daukagu ortan zer ikasi, ta zer damutu. Adibidez, zenbait abertzale ez

 gaitezela billakatu aberri-ausle, arrazaren izanari alderdiaren izena obetsiz

 edo lenetsiz. Ein ontan ere, egia bait-dugu arako ura: quod caesaris, caesari;

 quod dei, deo. Euskalerri lenago, barruko edozein alderdi baiño.

         Iltzen dagon amari laguntzeko ordua, seme aserratuak adiskidetu bear

 dute ta beren arteko liskarrak aztu. Iñoren utsegiñak gogoratzekotan, norgereak

 aitor. Gero, dana galdutakoan, errezena bait-litzake Pilato'rena: eskuak

 garbitu ta auzoari kulpa.

         Besteak beste, neri Isaias'ena eskatzen zidan barruak: gurutzera eraman

 duten Baten eriotza aldarrika. Eta Yeremias'ena: intziri-mintziri illeta yo,

 pesimistegi naizela dasatenei entzungor.

         Pesimistegi! Ta ez dizut ukatuko arrazoi-erdi, adiskide. Neu ere

 irrikitzen nago, irrikitzen, beste zerbait alaigarriago egunen batean

 antolatzeko. Alare, nik zuri ta zuk neri, arrazoia erdibanatzea duguke

 zuzenena.

         Tori lenbizi zuretzat. Neroni ere tristura galanta ematen bait-dit,

 poemak onen larri buka bearrak, noiz eta orain, Arantzazu eliza-berriz yazten

 ari zaiguneko ontan. Oraintxe aurki izango dugu Arantzazun, Y.1., iñoizko

 basilika ederrena, lenago erroiztutako txikiaren lekuan eta ordez. Eta praille

 kantauriarrok ez dugu nekerik barkatuko, alegin guzian saiatzen ari gera, orain

 arteko elizatxoaren arnasa ta euskaltasuna berri onek ere oiñordetu ta luza

 dezan itxaso ta legor, izate ta erti, erliyio ta yakite.

         Sorterriatzaz ere tori nai duzun aiña arrazoi, ta bat. Urtetik urtera

 kaleak edertzenago, biztanleak ugaritzenago, bizikera yasotzenago, fabrika-olak

 lan geiago, kirolketan nagusiago, kanpotarrengandik txalo areago....

         Baiño, ez uka... erdera ere yabetzenago. Bat bezela bestea. «Amaya da

 asiera», dasaigu Billoslada'k VIII garren mendetzaz; giño ontan, gaurregun

 alderantzira bildurretsi bearra genduke: «asiera da amaya». Euskoterriaren

 asiera, Euskalerri zarraren amaia; Arantzazun ere basilika berriaren asiera guk

 ezaguturiko elizatxoaren amaia izan dan legetxe. Datorrenari, ongietorri; baiño

 diyoanaren azken-agur orrek ez dit batere pozik ematen. Are poz gutxiago,

 berriz, lur-ematerakoan zenbaitzuk egotsi nai dizkioten birauek eta dongetsiek:

 ots, erdaldundu izan geran neurrian «zibilizatu» izan gerala, alegia, euskera

 bai-litzan yakiterako oztopo.

         Ondo poliki azaldu zidan bein gure Iratzeder mistikoak: «zeruan, zeruan

 erdietsiren dugu elkargo ederrenean gure Eskualherri». Esan zunaren ezpaiñetan,

 bai zoragarri ateraldia! Baiño arkeradunon oronaiak, baezpadan..., aita-

 gure'koa amets eta gogo: «zeruan bezela lurrean ere».

         Milla bider lasaigo biziko giñan. Ez giñan ain aguro gaztezartuko;

 erriz-erri gabiltzala euskeraren atzerapenak aztertzean, ez genun naigabea

 naigabearen gain pillatuko; baldin, biotzari beingoan tiro bat emanda,

 euzkaltzaletasun ori utzi izan ba'gendu, zenbaitzuk, euskaltzale izenekoen

 artean bertan ere, egin duten bezela: mingaiñez goraipa ta praktikan ostikoka

 uxatu, alik eta urrutien. Zeuk topa ditzazkezu, irakurle maite, amaikatxo

 guraso, oso euskaltzale arrandiz eta arpegiz aurrei irakasteko lain ardura artu

 nai izan ez dutenak.

         Ta gero, oietxek etorriko zaizkizu esanaz, pesimistegi zerala, beren

 aspaldiko axolakabeak iltzat emana iltzen dagola izuz diozulako. Bai bizkorrak

 azalzuriok. Gu gizajo gu, sentipena ezin itoz oraindik biotzarekin pentsatzen

 dugun Kijote ez bestelakuok. Biotza igo zaigu nunbait burura; argatik gauzkate

 erotzat.

         Azalkerian, itxurakerian, itxurakeri ortan, yo bear dugu gure nai ta

 ezin'aren etsairik txarrena, ta gaurko gizadiaren minbizi zabalena. Itxura

 gorde ezkero, gaiñerakoak ez bide-du balio eztul bat. Ederrik ederrena dedilla

 ataria, naiz sukaldean eltzeak oliorik ez. Zurigorria dezala sagarrak azala,

 naiz barrutik arrak yana egon. Yakintsuarena egin, naiz ez izan, Zintzoarena

 egin, españi-zale edo euskaltzale'arena egin, naiz kontrako senti. Ori da buruz

 yokatzea. Ori, gaurko mandamentu bakarra. Itxura, itxura. Ez dago itxura

 bezelako mutillik, ez bestalako garaipide edo «éxito»rik, ez politikan, ez

 ertiketan, ez erligioan. Ta, «amen-yesus» darantzu mundu guziak bere kolkorako.

 Ume gorriek, begi bat iriki orduko, ikasia dute filosofi orren protxua ta bost.

 Ta zuk ezetz diozula, irakurle? Erruki dizut. Aurki ipiñiko zaituzte zu ere

 «asto txuri baten gaiñean», gurekin bat geiago Santa Ageda'rako.

         Nere baitako Santagedan, orratio, ez da berealakoan «amen-yesus» ori

 errezatuko. Euskerak kilo gutxi irabaziko dula nago izun-arau ortako errebero-

 aparrarekin, urrezko katilluan edanagatik.

         Gagozkion zintasunari. Zintasuna euskaltzalean. Zintasuna ertigintzan

 ere. Gatozen, bada, orain ertigintzara. Zintasunik-eza pekatu aundixkoa bait-

 dugu arlo ontan ere.

         Zenbait estetika-liburuk dasaigute, gaurko ertigintzaren krisi ezaguna

 (musikan, margozketan, irudigintzan, elertian, zernaitan) teknika geiegiagatik

 dala, teknika geiegiak gotargia presatzen eta itotzen dulako dala. (Ez teknika

 ta ez eze gabeko zenbait erti-izeneko berrikeri aztu ezkero), egi derizkiot

 baiña ez zuen esana. Ez dago teknika geiegirik, bere yomugatik okertzen ez

 ba'da. Yomuga edo eginkizun ori betetzeko, ordea, leio-kristalaren gardena bear

 du teknikak naiz estiloak: eziñikusiago ta ordun obe. Etxebarrutik kanpora

 begira gaudenean, tarteko daukagun leio-kristala badanik ere konturatzen ez

 ba'gera, ordun da leiarra bere eginkizunean yatorrena, oberena, miragarriena.

 Orrela bear du ertigintzak. Orrela santutasunak. Orrela benetako politikak ere,

 Sorterriaganako maitazarrean ziña izan nai ba'du. Ezin ikusiago ta obe.

         Ez esan, bada, gure yendeak teknika zaillik ez dula nai euskal-

 liburuetan. Zailla ez-ezik zaillena, teknika gorena, eskatzen digu idazlarioi:

 norgere burua zearo izkutatzeraiñokoa; ezeren lausorik, trabarik eta

 aldapagorarik gabe, gotargiari (ta irakurleari) bidea errezten ta argitzen

 diona. Ar zagun lege: ez nekeak eman irakurleari, baizik norberetzat artu

 idazle bakoitzak, ariketa geiegirik ez dun ori lortu arte, lanaren lanez eta

 abildadez.

         Gure artean oraindio askotxo dira, artikulu, bat, aisa ulertzen

 dutenean, arintzat, illauntzat yotzen dutenak; eta ulertu ez ba'dute, edo

 beintzat nekearen nekez zerbait ulertzera iritxi ba'dira, ordun ua sakon, ordun

 ikaragarri, egundoko! Orrela pentsatzen dutenek, berak bai al dakite gaixuok,

 noraiñoko kaltegarri zaizkigun. Bi gauza bait-dira, oso bi, illuntasuna ta

 sakona. Oso bi, klarua ta ariña. Milla bider errezago bait-da illunki idaztea,

 zoli ta gardenkiro baiño. Oiartzun-sagardoaren dirdai-barbarra zolia lausotzeko

 aski dugu edontzi edo baso zoldatsua ez garbitzea. Edota, edontzi zikiña zikin

 eskeintzea ote dugu, ba, ain zuzen, ertigintzaren meritu gorena?

         Gorendu bai, ari dugunez gorendu ta yaso ta aberastu dezagula gure

 idazketa gaurko ertikera berriaren moldera ta maillara. Baiña ez dezagula

 galdu. Bilintx baten biotz-ixuri aratza. Otaño'ren unkigarrizko zer ura,

 bertsolarien berezko etorria ta gatza, larpurtarren edersena ta eufoni dalako

 ori. Arrese-Beitia'ren arnasa ta galda, ta, gaiñera, gaiaren «piper» pixka edo

 deigarria. Bestela gure erria lengo maixu erdi-maillako oekin geldituko zaigu

 aurrerapenik edo obemiñik gabe; edota, au makurrago, idazlarion buru-yimnasi

 biurri nabarmenari igesika, erdal liburuetara yoango zaigu, badoakigunez,

 ejito'tarren tipula billa... Petierunt panem et non erat qui frangeret eis.

 Aitor zagun norgere errua, besteenak besteentzat utziz; eta auznar, Bidasoz

 onuntzakuok beintzat, Aleixandre'ren irakatsi ua, euskaldunontzat ezin obeto

 datorren akarra ta golkua: «erriarentzat idazten ez dun idazlea suizida bat

 da».

         Ta aski dut onezkero. Estetika-gaiok, eta estetika uts ez diranok, «Au

 ta ura» liburuan sakontxoago zedarritu ta erabilliko dizkizut patxara

 zabalagoz. Liburuxka onen neurri txikiari ez dagokio itzaurre luzerik eta bai,

 onako agoni-deadar etengarriari zintasunezko mindura, mindura ixil eta

 egikorra.

         Ez nintzaizun ausartuko, irakurle anai, geure arteko akatsok aitatzera,

 premizko iruditu ez ba'litzaida. Neu bait-naiz kulpadun, beste edozein ainaxe.

 Ezin txuritu dut neuk nere burua, batzuentzat errikoiegi ba'naiz besteentzat

 gorenegi omen nabil-eta. Bi oartxo eman nai nizkizun itzaurreon, soillik:

 zergatik berandu ta zergatik ain negarti datorkizun BIZI NAI, alegia, ta luma

 igesi yun zait esitik kanpo. Ta bi oartxo okin, arren bat ere bai irarri nai

 nun. Irarria dut baezpadan: ots, ez dezala iñork artu edo salatu alde

 okerrenetik onako euskaltasun apolitikoaren garraztasuna ta asaldu urduria.

 Iñoren kontra ekin bearrean negar ixillari damaion olerkariak (eta

 olerkariarekin, batez ere Erri gaixo onek) beti merezi bear digu, arrazoi ez

 ba'da re, beintzat kupira.

         Erri gaixoagorik!... Iparragirre batek eraman nai izan zun mundura bere

 oiñazea: e'tzioten ulertu, arlotetzat yo zuten. Santa Kutz apaiza,

 Zumalakarregi... saia ziran alegiña bere alde; batak atzerrira iges egin bear

 izan zun ta besteak guduan yautsi. Usanditzaga, Abandotarra, Lizardi,

 Loramendi... danak gazterik il. Yesukristo antzo. Lurrean etsaia gaillen; eta

 goien zeru goibela ixil. Eliz-yerarkiak, aldiz, bekoskoz. Lau aldiz guduari

 itsatsi; ta lauretan eskumuturrak zirgillatuago. Yabetasuna galdu ta erritasuna

 zabartzen. Illobi-zuloak dagozkio, berriz, nunaitik zemargarri. Itxaropen

 bakarra Andra-Marigan dakuskiot soilki. Ogei urte ontan entzuten nagokio Mendi

 Santuon:

 

                 Baiña zugandik alde

                 biotzak ezin du;

                 zuregana diyoa,

                 zugan bizi nai du...

 

         Bizi nai du! Gaurregun Arantzazura erdaldunik gutxi doakizu, turista

 antzo ez ba'da. Ara digozen erromesak arrazaren ondakiñak dituzu: nekazari,

 arrantzale, langille yende, ta olako ezandizkiak geien bat. Ta, zer nai duzu?,

 oien aboan deadar orrek, BIZI NAI orrek, negargura eman izan dit neri, ta

 poemagille sentiaraz niñun...

         Kristoen eraille yudutarrei berai beti zillegi izan zaie illeta-eresia,

 Yerusalen zanaren muralla zarrean burua etzanda. Eta Arantzazuko praille gizajo

 oni, eroetsi bati, olerkari miñeritu bati, ez al zaio utziko, gure ta aurrekoen

 malko-zapi izandako basilika xar erroiztu ontatik erostari, negar yotzen

 euskal-agoniari buruz?

         Ta bitartean, ez dut aztu nai, Goliat zankarra menderatzeko Dabid

 txikiari indarra eman zionaren itxaron-itza: beati qui lugent quoniam ipsi

 consolabuntur...

         Gaur negar darigunok kanta dezagula biar, garaipenean, poz.

 

Sarrera

 

         Norrnaik antzematen du, Arantzazuk eta Euskalerriak bost mendeotan

 alkarrekin izan duten zorikidetza ta ar-emana:

         Seaska berean ikusi zuten Egunsentia, alkarren eskutik eraman Eguerdiko

 garaipidea, ta illunabarra yo ere aldare berean yo zuten.

         Illununabar ori, III aldi ontan.

 

 Gora bioi eta aintza

 neurri berdiñean...

 Emeretzi garrengo

 gizaldian gera.

 Karlatar gerrateak

 dute emen sarrera,

 amaika aintza zabalduz

 ta amabi galera.

 

 Ta Arantzazu, beste euskal

 gauza askon antzera,

 (¡su emanda oraingoan!)

 bein-berriz lurrera...

 

 Ta arekin batera

 Euskal-Eguzkia re

 yausten Sarkaldera!

 

 Guruzpide yo genun

 euskal-edestia.

 Emen, gurutzetuta,

 azken-oparia.

 Gogaiez ta lerrenez

 bai miragarria!;

 argatik ondorenez

 ain negargarria...

 

 Erliyioz batera

 Lege zarren alde

 or ikusiko duzu

 Euzkalerri trebe,

 Karlos'en izenera,

 beste inoiz baino re

 dun guzia emanaz

 bizia utsi arte.

 

 Heroe goren antzo

 bere kondairaren

 illunabar gorrian

 sukarrez ta lerden,

 or miretsiko ere

 odolgabetutzen...,

 aldiz Arantzazuko

 etxerretzearen

 San Yoan su din orrek

 diola argigiten.

 

 Gure Euskalerri eta

 gure Arantzazu:

 zori berak beinbeti

 ziñuzten uztartu.

 Lau mendeko aundiak

 batean laztandu;

 ta orain etsai berak

 azkenik ondatu.

 

 Gora bioi eta aintza

 neurri berdiñean,

 erori bait-ziñaten

 bizi ainbestean:

 dinki, zintzo ta aundi,

 alkartasunean,

 asmorik yatorrenen

 aldare berean!

 

1

Illunabarra

...Arantzazuk

 

         1834 urtean gertatu zan Arantzazuk ezagundako erreketa donge ta izuena.

 Torrea bakarik gelditu zan zutik. Beste gaiñerako guzia, kizkalduta, lurrera...

 Eliz-komentuakin batera aspaldiko leiñargi ta ospea ere antxe eten...

         Orduko ondamena, kanta-kontari, bertso-errezka auetan.

 

 Amaika milla gizon

 zitula berekin,

 Rodil an irauli zan

 beingoan Oñatin.

 Yeneral gogorra zan

 bere ustez beñipin,

 oillo utsa izan-arren

 neurtzeko iñorekin.

 

 Oilloa gudan eta

 agintzen kirtena,

 ezin makurragoa

 eman zun ordena:

 «erre egin bear zala

 Arantzazu dena,

 ezer barkatu gabe,

 alik laisterrena».

 

 Lege zitalagorik

 ta dongeagorik

 ezin irten ziteken

 iñoren abotik.

 ¡A ze kontu zorrotza

 onezkero, orratik,

 biur bearko zion

 Yaunari argatik!

 

 Irureun gizonezko

 liberal-taldea

 presta zan igotzeko

 Aloña-aldea.

 Ikus ezkero aien

 birau ta lerdea,

 zer asmo zeramaten

 sobra zan galdea.

 

 Milla zortzireun eta

 ogei ta amalaua.

 Ta dagonillak eme

 -zortzigarren gaua.

 Bela beltzai utzirik

 yo dezaten kua-kua,

 obe genu al ba'litz

 ixildu lotsa ua.

 

 Gaueko ordubatetan

 tiro bat yaurti zan.

 Arantzazu osoa

 dardaraz yarri zan.

 Ezaugarri zutenez,

 an abitu ziran

 erregarriz bustitzen

 eliz yira-biran.

 

 Praille gizaraxoak,

 Rodillen aginduz,

 Imayiña artuta

 Oñatira iraduz,

 baioneta artean

 lapur batzun tayuz,

 euri-yasa azpian,

 izuaren izuz...

 

 ¡Andra-Mari gaixoa,

 gaizkin bat bai'ziña

 tronutik yaurtitako

 gure Erregiña!:

 nola etsiten duzu

 olako destaiña,

 gaillendu gabetanik

 Rodillen iraiña?

 

 Goizeko lauretako,

 oro su ta gar zegon

 komentu ta eliz

 zalaparta biziz,

 txinparta-soiñu izua

 noranai zabaliz,

 Aizkorri-zerra argituz

 gorriaren gorriz.

 

 Orma koru ta aldare,

 urre ta argiontzi,

 makulu ta apaingaillu,

 liburu ta idatzi...,

 suaren yan-bearrak

 oro zun irentsi;

 edota maldan-bera

 amildu ta autsi.

 

 Ez dana; bazan zerbait

 artean txit lerden.

 Torrepunta bakarrik

 zutik gelditu zen,

 etzatera ziyoan

 Eguzki zarraren

 aintzazko azken-printzak

 tentetuz edaten...

 

 Oñatiar zintzoak,

 al bezin aguro

 sua itzali nairik

 eldu ziraneko,

 dana galdua zegon,

 txigortua oro,

 egur ta arri lurrean

 ke beltza yario.

 

 Alako salkeria

 ezin eramanik

 negar egin omen zun

 Zumalakarregik.

 ¡Ta aren begi ta biotz

 ondrauetatik,

 Baionatik Bilbora

 negar Euskalerrik!

 

 Praille gizaraxoak

 katigu-modura

 Bitoritik aruntza

 Ezpañi-barrura...

 Ta Andra-Mari gaixoa?

 Bidaurretan ura

 itzultzerikan gabe

 tronu kizkaldura.

 

 Ez Ama ta ez praille,

 ez otoitz, ez kantu,

 arri-pillo bat baizik

 e'tzan Arantzazu.

 Lau mendeko aundia

 orra dana galdu.

 Galdu dei ura ere:

 «ermita eidazu...»

 

 Zegamarrak bakarrik

 urteroko legez

 yarraiko zuten ara

 igotzen erromes.

 Naizeta Ama Biryiña

 an bertan egon ez,

 fede eman oi zioten:

 eliza altxa baietz...

 

 Baiñan, ai! galbururik

 ez dizu galtzuak.

 ¿Ze lore eman dezake

 udazken antzuak?

 Gerrate ondorengo

 Euskalerri iltsuak

 nondik osa antziñako

 eliz ospatsua?

 

 Illunabar beltzena

 Aizkorrin gainbera

 yausi zan Arantzazu

 dana estaltzera.

 Eliz, yayera ta aintza

 erabat lurrera...

 ¡Lurrera aundi-izanaren

 oroitzapen bera!

 

 Puxketaka, bat emen

 ta gero bestea an,

 yasoko zan berriro

 al zan ainbestean.

 Biryiña ta praille ere

 itzuliko...Baiñan

 ¡zer zan Arantzazu ura

 lenaren aldean!?

 

 Arrezkero zatozen

 erromes gaurkoa:

 ez uste Arantzazu au

 duzula lengoa.

 Argandik sortutako

 kimu apaltxoa

 besterikan ez duzu

 orain onakoa.

 

 Illunak ta ezyakiñak

 oro zun itzaldu:

 gaubiyili, kofradi,

 elezar ta kantu.

 Bizkai, Napar, Lapurdik

 «beren» Ama aztu...

 ¡Rodilek su emanda

 dana, dana galdu!

 

 ... Torrepunta bakarrik

 gelditu zan lerden,

 ondakiñen artetik

 Adio esaten,

 etzatera ziyoan

 Eguzki zarraren

 leiñuzko azken printzak

 tentetuz e-da-ten...

 

2

Illunabarra

...Euskalerriak ere

 

         Pakerik txarrena obeago, gudarik onena baiño. Bai enetxoa. Egi orren

 barrunbe tristea euskaldunok ondo re ondo ikusia dugu. Guretzat gudak ez du

 sekula ezer onik ekarri, galera ta ondamendia baizik. Kalatarren gerrateak

 gutxiago; ordutik gure illunabarra...

         ¡Ai gerratean sartzen dan Erria! Maldan-bera errekara amildutako

 sagarño-alea bezela da: ez da geldituko itxasora-arte... eriotzera-arte.

 

 ¿Noraiño oa,

 sagarñoa,

 zugaitzetik yaulkita

 maldan-bera iraulka?...

 

 Xurrumuruka

 baxterrik-baxter

 errekaldean erreka.

 Zer lan ari dun

 kantari doa

 gainbera xalto-xaltoka:

 

 —«Nere uretara

 yausten diranak

 —lore naiz osto naiz ale—

 ez ditut uzten

 itxasoraiño

 nerekin eraman gabe,

 izanarekin

 izena ere

 gezaletan galdu arte...

 

 Gogoan artu,

 zatozten danak;

 aurretik yakin zazute.»

 

 ¿Noraiño oa,

 sagarñoa,

 zugaitzetik yaulkita

 maldan-bera iraulka?

 

 (1) «Harmen artzera deitu ninduen

 gazterik zorte etsayak...»

 

 Ala bear-ta sartu ginduten

 zoritxarreko guduan.

 Sartu ginduten,

 promes ta iruzur,

 bultzaka itxumustuan.

 Ez besten batek guk baiño gogo

 geiagon izan ez ba'zuan.

 Madarikatzen ez gera aspertzen

 arrezkerozko damuan.

 

 ¡Zoritxarreko gerratea, bai!

 gaitz danen iturburua,

 tresna batzuen gizengarritzat

 inpernuak asmatua,

 Erri gaixoen ondagarrizko

 Mari-Gaizto'n zartaillua:

 ¡gure amorru guzia iretzat!

 ¡beti madarikatua!

 

 Egirik ba'da, egia auxe:

 e'tzuan nai Euskalerrik

 ezergatikan iñolaz ere

 iñortxorekin gudarik.

 ¡Sartu ginduten!...

 Gure gaitz danak

 ordutik datoz ta andik.

 «Auzoan iltzen duten txerriak

 etxean koipe gutxi dik».

 

 Siniste ez dunak entzun, bestela,

 Errenderin Xenpelarri.

 Berak emango, zinki ta zorrotz,

 gure yokeraren berri.

 Aren bertsoak or yungo dira

 aboz-abo, erriz-erri.

 ¡Euskalerria duzu orrela

 zizuna senti ta aldarri!

 

         — Ez naiz ni gerraren zale

         baizik pakearen alde.

         Zeinek nai duen galde;

         berari tira alde

         bala bat sartu buruan.

         Aspertuko da orduan.

 

 Yakin: ez gera gerraren zale,

 baizik pakearen alde!

 ¡Yainkoak eman digunarekin

 danok dezagula Pake!

 ¿Zertan liskartu gerra-aitzakian

 auzo larrutzen tai-gabe?

 Yarkitzekotan, ez beste ezerri:

 ¡gerra gerra'ri guk ere!

 

         — Iya guriak egin du.

         Badegu zeiñek agindu.

         Ez oraindik umildu.

         Alkarrengana bildu.

         ¡Gerra nai duen guziya...

         ¡berari kendu biziya!

 

 Atzo eskale zetorkiguna

 gure etxeko atera,

 orain izkilluz arronkan dator

 eusko-lurraz yabetzera.

 Pakea austera datorren orri

 erantzun bear bezela;

 bein ta betiko morrontzapean

 lotuko gaitu bestela.

 

         — Gu gera iru probintzi.

         Lengo legerik ez utzi.

         Oyeri firme eutsi,

         naiz anka bana autsi.

         ¡Jayoko dira berriak!

         ¡Gu gera Euskal-erriak!

 

 ¡Zutik guziok!, ¡yeiki armatan

 armatan datorrenari!

 naizta soroak sasi biurtu

 ta etxeak sutan kizkali...

 ¡Euskal-Pakea ta Lege-zarrak

 saldu baiño len «beltzari»,

 il edo bizi azkenera-arte

 ekin!, eraso!, ez etsi!...

 

         ¡Amaika amaren ume

         dolorez aziak

         eraman bearko ditu

         oraingo auziak!

         !Illak illagatikan,

         aurrera biziak,

         al duten guziak,

         eukitsu-ezeukiak,

         ama etxean utziak,

         gerra au irabazteko

         lau probintziak!

 

 ¿Noraiño oa,

 sagarñoa,

 zugaitzetik yaulkita

 maldan-bera iraulka?...

 

 (2)«Urrundu nintzen, herri alderat zuliz usu begiak».

 

         Partitu giñen erritik

         adio triste erranik.

 

 Gazte talde piyoa

 —alkandorak txuri—

 gerratera an diyoa

 erritik itzuri...

 Azkeneko muñoan

 izkuta baiño len,

 agur bat auzoari

 geldi dira ematen.

 

 Batek:

     Ene ballara maitea,

     nere poza ta aldarea.

     mendi sendoen magalgoxoan

     zerura-beira gordea.

     Adan ta Ebe'n paradisua

     ote zeikean obea?

     Ezagun gabe zugan dazagut

     gure Euskalerri betea,

     ta zugan yotzen,

     Yainko onak digun

     onginaiezko parrea.

 Bigarrenak:

     Ene ballara maitea,

     ene xokondo emea!

     ¡Zein ederra zan atseden-orduz

     malda ortan etzatea,

     ikusmiratuz egon nagian

     zure zelaien berdea,

     zuri esanaz, lilluraz zoro,:

     «nerea zaitut, nerea»,

     ta itzemanaz naikorik-gabe:

     «zurea nazu, zurea»...

 

 Irugarrenak:

     ¡Oi lur, oi lur, lur gurea,

     Ama Lur, ain ongillea,

     asaba zarren ezur ta izerdiz

     mendez-mende'ko ondarea:

     zugandik gatoz, zugana goaz,

     amasabel, lur donea;

     ta zuk, mundutik iraitzientzat

     beti zabal aterpea...

     Ilda re zugan bizi gaitezen

     poz dut, ez bildur, iltzea.

 

 Lenengoak:

     Agur, bada, agur, malkoz,

     bear bada sekulakoz.

     Gogoz kontrako alabearrak

     deitzen digu gudurako.

     Ezin itzeman zugana berriz

     ote geran biurtuko.

     Utzi, zaiguzu Agur esaten

     bearbada sekulako.

 

 Bigarrenak:

     Agur!... Ta aldi berean,

     gudarakuok batean,

     fede eman nai dizugu, fede,

     Yaungoikoaren aurrean:

     ¡ilko gerala zu utzi baiño len

     arerioen menpean!

     ¡Gurea izango zerala ¡o bai!

     biziko geran artean!

 

 Saillean danak:

     ¡Agur!... Ta aldi berean

     fede guziok batean:

     ¡gurea izango zaitugu ¡o bai!

     biziko geran artean!

 

 ...Alkandorak txuri ta

 eskuan pardela,

 mamu gaizto beltz batek

 tirata bezela,

 beinola abia ziran

 ta izkuta berela,

 danak damuz, ez gutxi

 negar zeritela...

 

 Errekak eta ibaiak

 zuzen itxasora...

 Bidexkak aien alboz

 albo mendiz-bera,

 gero kamio bakar

 batean galtzera...

 ¡Gizatalde mardul oik

 nora doaz, nora!?

 

 Noraiño oa,

 sagarñoa,

 zugaitzetik yaulkita

 maldan-bera iraulka?...

 

 (3) «Alferretan dut geroztik deitzen iguzkiaren argia».

         Illunak yan dun errixka batean, nunbaiteko etxebarrutitik emakume-

 abotsa entzuten da, minduraz eta itun:

 

 Yunak yun.

 Yadanik ez aien zai egon.

 Illak il...

 auskalo noiz nola eta non.

 Galduak galdu...

 Alabearrak irentsi ditu

 bazterren baten,

 ez aintza, ez illeta, ez omen,...

 ¡gure onenak!

 beti gurekin bear zutenak.

 

 Yunak yun: illak il:

 galduak galdu.

 Atarramentu onik

 geroz ez dugu.

 Ai alarguna,

 bai beltza zure etorkizuna!:

 ukullua uts...

 ume txikiak txit gose ta zurtz...

 Goldea, berriz,

 erdoiak yaten, itzai gaberik...

 

 Illak il. Okerrena Bergarakoa.

 Irabazi ustetan galdu gudua.

 Ai Euskalerri,

 salkeri aundienen martiri:

 ¿zertan ixuri

 Zumalakarregin odol ori,

 gaur gertatzeko

 Espartero batek salduta preso...?

 

 Illak il.

 Dagoneko oro alperrik.

 Yun zan Eguzkiari

 ezin austerik.

 Illuna dugu...

 Etxe-barrura, enetxook, bildu

 Itxi ateak;

 sar ez ditezen sakamanteak.

 ... Or atarian

 «beltzak» pasako lapurkerian...

 

 4) Solferinoko itxuak

 

 Harmen artzera deitu ninduen

 gazterik zorte etsayak;

 Urrundu nintzen, herri alderat

 itzuliz usu begiak,

 itzuliz usu begiak,

 

 ¡Zorigaitzean baitut ikusi

 Solferinoko egia!

 Alferretan dut geroztik deitzen

 iguzkiaren argia,

 iguzkiaren argia,

 

 Nihoiz enetzat ez da jaikiren

 goizeko argi ederra,

 Zeru gainetik nihoiz enetzat

 dizdiraturen izarra.

 dizdiraturen izarra.

 

 Bethiko gaua, ¡gau lazgarria!,

 begietara zait jausi;

 ¡Ene Herria, ene lagunak

 nihoiz ez bear ikusi...!

 ¡Bethiko gaua zait jausi!

 

Eusko negarra

 

         «Un peuple qui s'en va»

         Adio baten tristura somatzen zaio Euskalherriari, bere erritasunaren

 udazkeneon. ¡Amaika gauza eder bait-badoazkio billuzten, erabat suntsitzen!

         Mundu arrotzean arrotz, bere burua aldeztu eziñik, espetxe batean

 bezela topatzen duzu gaixoa, katigu ta ilzori; urkamendikoaren antzo daukazu,

 bizia zintzilika duela zenbaitzuen eskutik..., Jaungoikoaren borondateari

 belauniko.

 

 Atsekabearen berri

         iñork ongi ote daki?

         Ni emen nago, gaixo au!

         probaturik ongi,

         emanaz milla gorantzi

         gazte-denborari...

 

         ADIO

 

 Euskalerriak dario.

 

                 Igesi

 zenbat gauz eder doazi,

                 Ezaren

 illobi beltzera zuzen,

                 egundo

 geiago ez biurtzeko,

                 sekula

 il bear ez lutekela...

 

                 ¡Antziña!:

 —gure iñular sorgiña,

 iraun-arazi eziña...—

                 bazuaz

 zure printzak itzalduaz...

 

                 ¿Zergatik

 ez edan zure argitik,

 bizi gaitezen lengotik?

                 ¿Zergatik

 ez ibilli zure eskutik

                 bein-beti,

 eten ez dedin leiñargi?...

 

                 Adio

 Euskalerriak dario,

                 Zugana

 luzatuz bere yorana.

                 Bai, arren,

 utzi Adio esaten.

                 ¡Adio!

 ¡Adio bai sekulako!

 

 Mendien apaingarri

 ok ziran zugaitzak:

 lizar, pago ta intxaur,

 gaztain ta aritzak.

 Sartu ziran beingoan

 piñu beltz arrotzak.

 Arrezkero mendiak

 erderaz zebiltzak.

 

 Intxaurraren zura zan

 oiak egiteko:

 lizarrarena, berriz,

 katedraletako.

 Piñuena, ordea,

 esan zertarako?

 — Baitipat, ildakoen

 zerraldotarako...

 Aritz, lizar, pagoak:

 agur sekulako!

 

 Elezar eta ipui,

 koplan naiz kanta-zar:

 aiton-amonen autan

 ziran zeru-izpar,

 ta illoben gogoetan

 ametsezko izar...

 Laratzak berak ere

 aiekin ze sugar!

 

 Bestelako ederra

 orduan bizitza

 kantuz

 ziyoanean

 zerura otoitza..!

 ¡Bestelako gozoa

 sukaldean poza

 aiekin pixtutzean

 otordu bakoitza!

 

 ¡Adio, kanta-zarrak

 ta ipui aspaldiko:

 agur sekulako!

 

 Eliz-arlosapean

 eortzitako illak;

 galtzara-ertzetako

 ermita ixillak;

 Batzarretako lege

 zabal ta gurpillak;

 yolas tolesgabeak;

 oitura sotillak...

 

 Ta Gabonzar'etako

 gure Olentzaro;

 ta pelotari txuri

 'en «Abe-Mariko»;

 ta gaillur bakoitzeko

 gurutze zurezko;

 eta burruxa beltxak,

 ta gonantx gorrixko...

 

 ¡Gure erritasunaren

 ezaugarri oro:

 agur sekulako!

 

 Zuek, ai!, batezere,

 mendi-gurutz deunak,

 babeseko errien

 zaindari onenak,

 asaben sinismenak

 jarri zinduztenak

 eta orain bakantzen,

 jausten zoaztenak!:

 

 ¡Ai Errien adua

 bai zoritxarreko,

 zuek gabe beiñola

 ba'ditezke tinko!

 Dongeki erortzen dan

 gurutz bakoitzeko,

 jausten bait-dira ere

 birtuterik pranko!

 

 ¡Mendi-gurutzetxoak:

 agur sekulako!

 

                 ¡Antziña!

 —gure iñular sorgiña—.

                 Adio

 Euskalerriak dario

                 zugana

 luzatuz bere yorana...

 

 Adio orretxen tristura dizu

 EUSKAL-DOIÑUEN barrenak.

 Gorde eziñezko ituntasuna

 baitare kanta alaienak.

 «Babiloniko ibai-ertzetan

 nola ixildu arrotz-penak?»

 Iltzera doan abenda baten

 zotiñak dituzu denak.

 

 Pestaburua. Dantzan gazteak

 yantzi gorri-zurietan.

 Plaza betea bri-bri zoratzen

 eguzki-izpi alaietan.

 Danen gainetik danboliña ari

 doiñurik bizkorrenetan...

 Entzun zaiozu. ¿Ze esaten dizu?

 ¿Alaitasuna?, ¿benetan?

 Aitzitik, Eusko-Negarrak negar

 txistuaren ezpaiñetan:

 —«Ortzetan dizut irria baiña

 nigarra bi begietan».

 

 Dantza lotuan urrengo txanda

 moda berrien arira.

 Neska-mutillak artan leiatsu

 mozkorki jira ta bira.

 Buka orduko, gero illunez

 bina-binaka mendira...

 

 Txistuak negar azken-saioan.

 doazen aiei begira,

 gogoa miñez luza ala luzez

 lengo antziña garbira...

 

 ...Ta Anyelus'eko dardarepean

 izarñoen intzirira,

 oitura zarren ondrautasunak

 negar arekin batera:

 

 «Bazterretik bazterrera

 au mundu alda-bearra!

 Eztakienak esan lezake

 ni alegera naizala.

 Ortzetan dizut irria eta

 bi begietan nigarra».

 

                 Adio

 euskal-ertiak dario,

                 Lenera

 luzatuz bere yaiera...

 

 AMA ALARGUNAK alabatxoaren itxaropenarentzat ez dakus argirik lurrean, zeruan

 soilki baizik:

 

 Beste bateko iñularretan

 maite nunen itxasoa,

 txalupak mugan lepoa.

 arraiz beteta azaldutzean

 txalupak mugan lepoa.

 Arrantzalea nuen senarra.

 arrantzalea gajoa.

 Itxas gaizto orrek irentsi didak:

 gaur diat nik gorrotoa.

 

 Alabatxoa mendi-gainetik,

 aitatxo noiz itzuliko,

 itxasori begira dago

 egunargitu duneko.

 ¿Nik nola esan itoa dala,

 galdu dugula betiko?

 Ta alabatxoa zai ta zai dago

 aitatxo noiz ikusiko.

 Bedeinkatzen dut, Yaungoiko ona,

 bedeinkatzen zure eskua.

 Bakar-bakarrik eskatzen dizut

 senarrarekin zerua,

 noizbait berriro bildu gaitezen

 beko famili osua...

 ¡Ongi zaude bai noiz ikusiko

 aita-zai, alabatxoa!

 

 GORULARIAK:

 

 — «Gazte irule guti

 da Euskalerrian.

 Bat ez dugu ikusten

 kiloa gerrian».

 

 ¡Antzinako amonen

 biotzeko ona!

 Erregiñen pareko,

 aien dintasuna...

 

 Kiloa gerrian ta

 euskera aboan,

 Aitor'en belauneko

 seaska-ondoan,

 ¡aien patxara eta

 ardura gozoa

 billobai erakusten

 zarren errezoa...

 

 Aztuko ditun-arren

 gizaldi gazteak.

 enetxuok ez aztu:

 ¡aiek bai Andreak!

 

 Gazte irule gutxi

 gaur Euskalerrian,

 euskera aboan eta

 kiloa gerrian,

 iruten dakitenak

 bi gauzok batean:

 lenarekin oraiña

 goru bakarrean.

 

                 ¡Antziña!,

           iraunarazi eziña:

                 bazuaz

         zure printzak itzalduaz...

 

 BERTSOLARIAK ditugu oraindio gure erriaren maixu ta igarle. Amaika aldiz

 aldarrikatu izan duten egia, onakoa. Egizu kontu, erri azitxo batean ari

 dirala.

 

 — Ona bi bertsolari

 balkoitikan emen

 plaza betean zaudetenoi

 koplatzen.

 Bildur nago alare

 ote diguzuten

 ari degun erdirik

 batzuk konprenitzen.

 Erdera gizentzen,

 euskera baztertzen,

 oiturak zabartzen,

 sinismena aitzen,

 genun dana galtzen...

 ¡Orra Euskalerria

 zertaratu den!

 

 Baserritarra kalera

 au ta ori erostera.

 — «Egunon Yaunak.

 Aspaldi-partez

 emen natortzu ostera».

 Kalean, baiña, ezpain gorriek

 lotsa mintzatzen euskera.

 Ta dendariak:

 — «Izketa orrekin

 zoaz zere basartera».

 

 Uxo zuria, errazu,

 nondik ibilli zera zu?

 Kaleetako portu-ateak

 elurrak itxi dizkigu?

 Beak utzita, baserritara

 deitu bear izan duzu?

 Gaixo ori, sartu zakigu,

 pozik artuko zaitugu.

 Baserririkan dan bitartean

 izango duzu ostatu.

 

 — «Yaulierra, othoi, beha:

 egidazu plazera,

 zu ¡othoi! yoan bear zitzaitzat

 ene adiskidetara

 ea zergatik ekarri nauten

 illunpe triste huntara.»

 

 «Zirgilluak anketan,

 lepoa zepoan,

 presondegian antxe

 negarrez nengoan,

 illa iduri baiñan

 bizirik doi-doian...»

 

 ¡Zer egin dugu gaiztorik

 orrela gu presatzeko?

 ¡Zer dala-ta gorroto ori

 euskaltasunarentzako?

 ¡Gure eskolak, gure elizak

 zergatik ez geuretzako?

 

 — Yaulierra, ate oiek

 zergatik ez irikiko?

 (Yaulierrak):

 — Irikitzerik ez dago

 ez ba'da urkaberako.

 

         Ni zertako mundura etorria nintzen?

         Orai nere oinetan tonba dut ikusten...

 

         Au da urkamendiko

         aizearen otza!

         Yentearen aurrean

             nik daukodan lotsa!

 

 Oitura zan urkabera igotzen zanak itz bi esatea, barkazio-eske badare. Onotx

 emen Euskalerriak darizkionak, il-aurretik, dardaraz eta kupigarri:

 

 Patu gogorrak agindu ei du

 desegin nadin lurretik.

 Ona ni emen, gaizkille antzo,

 urkamendira igorik,

 il edo bizi nere zoria

 zuen eskutan zintzilik...

 

 Batzunbatzuen irri ta algara,

 geienen antziz nasirik,

 entzuten nago, begira dauden

 aurreko yendeengadik:

 askok kupira, batzuk ixeka,

 iraiña ere ez gutxik...

 

 ¿Zergatik, baiña, batzu orien

 «delenda est» deadarra?

 ¡Orren gaiztoa izan ote da

 zuen Euskalerri zarra?

 

 ¡Gaitz egin ba'dut, barka idazute

 ¡arren, nik zuei bezela!

 ¡barka idazute, ta utzi bizitzen!

 ¡Yainkoak nai du orrela!

 

 ... Zuk erabaki, ene Yainko ona;

 ona auzpez zure epaipean.

 Zuk nai duzuna gerta dedilla

 nerekin gaur urkabean.

 Zuk nai duzuna, nai duzulako,

 nai duzun ordu ta eran...!

 

 ¡Il bear ba'dut, il nadiala

 guzien barkapenean,

 guzien maitasunea,

 ta...zure ongi-naiean!

 

 ¡Bizi izan naizen bezela il ere,

 bai... zure ongi-naiean!

 

Bizi nai

 

         Erdalkeriaren laiñoak itotzen dauka Erria. Ito-bearretik igeska, urtero

 eta euskal-seme geiago igotzen dira Aloñako Zaindariarengana.

         biotzak ezin du;

         — «Baiña Zugandik alde

         Zuregana diyoa,.

         Zugan bizi nai du».

         Eta danak, arren baiño arren, biotz batez, gauza bera eskatzen diotela

 esango litzake: Lazaro'ren miraria!, berriztu dezala Euskalerriarekin...

         Berriztuko ote?

 

 ¿Egokitu al zaizu

 Aizkorri-gaiñetik

 eusko-lurra ikustea

 laiñoz estalirik;

 laiñoz lau probintzitan

 errekalde guzik

 baiño mendi-gailurrak

 eguzkiz yantzirik,

 salbo ba'lira legez

 ito-bearretik?

 

 Bein egokitu neri.

 Talde bat ginduzun.

 Igo giñan orduko

 artzai baten lagun,

 begi-miña zorroztuz

 galdegiten genun:

 — «Nun da gure Gazteiz?

 Gure Tolosa nun?»

 Terralak galerazten;

 ta ai!, ezin ezagun.

 

 Ogei ta bat garrengo

 gizaldi orretan

 askok galdeko dute:

 — «Euskalerri nun dan?

 Bera mireste-arren

 gatoz urrundikan...»

 Ta guk erantzun bear:

 — «Bai, emen izan'tzan.

 Baiñan erdalkeriak

 yan ta irentsi zuan».

 

 — «Euskalerria irentsi,

 alako eredua,

 yundako gizaldien

 erliki santua,

 mundu guziak beti

 anbat maitatua...?

 — «Maitatua len, baiño

 gaur, gerok galdua,

 erdalkeri-laiñotan

 orra estaldua!»

 

 — Beintzat, artzai on orrek

 esaiguzu arren

 mendi zuti oietan

 zer duzun nabarmen?

 — Urkiola arakoa...

 Aloña or barren...

 Ernioko gurutza an...

 eta Aralar emen...

 ¡Fedea dakust soillik

 laiñoz-gora gaillen!

 

 Ta artzaiaren begitan

 bi malkok tirtiri

 zerakusten miñaren

 neurri eta larri.

 Gero bakar-izketan

 sorgor zun yarraiki:

 — Mendi oitara argatik

 ainbeste euskalki

 digoz erromerian

 laiñoari igesi...

 

 ¡Menditar santutegi

 guretan gurenak,

 Andra-Mari ta Mikel

 ta Antonio'renak,

 onda-bear ontatik

 zutik zaudetenak.

 aditu zuek enda

 gaixo onen arrenak,

 bestela ito gaitu

 erdal-ondamenak!

 

 Ezin-aztuzko mendi

 beste zuek ere:

 Begoña ta Itziar

 eta Guadalupe,

 ta Loyola gaineko

 Izarraitz, ta Arrate...

 Laiñoari igesika

 gatozkizute eske:

 ¡arraza ilzoriari

 eutsi zaiozute!

 

 Nun dan Euskalerria

 ez galdetu emen.

 Aizkorriko artzaiak

 min du erantzuten.

 ¡Orra or lanbropean

 azkenetan, iltzen...!

 Azken-agur mintsu bat

 bidali. Ta goazen,

 goazen gerau laiñoak

 yo gaitzan baiño len.

 

 ...Ta artzai zarrak, gidari,

 Aizkorritik-bera

 Arantzazura yetxi

 ginduan berela.

 

 Erromes-talde beltza

 zegoan, ain zuzen,

 Andra-Marin oinetan

 arren baiño arren...

 Ta artzaiak auxe esanaz

 an utzi ginduen:

 — «Nun dan Euskalerria

 galdetzen zenuen?

 ¡Bizi dugun apurra

 orra, begira amen!».

 

 Eriotzari indar-apurrak

 beingoz makurtu aurrean,

 Naufrago batek ezin laguntza

 larrigo eska zeikean...

 orain izkuta orain azaldu

 enbata aserre artean

 galtzeko dagon arkaitz soillera

 noizbait igeri eltzean.

 

 — «Baiña zugandik alde

 biotzak ezin du,

 zuregana diyoa,

 zugan bizi nai du!»...

 

 Erri oso bat, laiñoari iges,

 bizi nai orrek bultzata,

 non tinka aingura lurmen dagerren

 Arantzazura igota,

 salba lezaken Zaindariaren

 oiñetan dago a... rren... ga,

 bere etorkizun deseginkorra

 Aretxen esku yarrita.

 

 Erri oso bat. Naparroakin

 laurak bat'ean alkartuz

 aratutako erromerien

 gerra-ondoak darakus,

 artzipezago bakoitzetikan

 txango ugariak bialduz.

 ¡Gerra-galduen oiñazepeko

 batasun ura non ikus!

 

 Antziñatik, urrun abotsak:

 

 Zeru-deiaren adira

 eldu ilzoriok Mendira,

 biziberritu ginduan Ama

 'ren Aldare nagusira!

 ¡Bizi naiaren itxaropenak

 emen lurmentzen bait-dira!

 

 Ta, aldiz, beste bateko galtzara urratzalleen pake-miñak ere:

 

 Erdi-Aro laiño dago,

 ez eguzki, ez izarño....

 ¡Yo argiñak, yo gorago,

 laiñopea astintzeraiño!

 

 Arantzazu argiz dago,

 ez gandu eta ez laiño...

 ¡Goazen danok, igo ta igo

 Amagan bat dagiguño!

 

 Yaunkote'peko lanbrotan berriz

 datzan ibarretik iges,

 Mendi Santuko eguzkitara

 gatozkizu bizi-naiez.

 Gure Bizitza ta Itxaropena

 zeran bakarra zeranez.

 ¡eutsi ta salba gaitzatzu, Ama,

 zure arantz orren babes!

 

 Erri oso bat...Bai al da auzorik

 igorri oi ez dionik

 bat edo beste sema-alaba

 urtero, premiz beterik?

 Badira urteak larogei erri

 pasiak diranak andik...

 Ez da irakurtzen danen begitan

 eskari larri bat baizik:

 

 — ¡Arren, arren, Andra-Mari,

 ¡Noe'ren arka zu guri!;

 ¡¡luza zaiguzu bizia!!

 ¡pena da ola iltzia!!.

 

 Ezin eraman euskal-fedeak

 Arantzazu yaso gabe.

 Beltzen zuziak barka ez ba'zun

 ez orma eta ez abe,

 e'tzan etsiko berriz berria

 eregi arte goi ta be.

 Lei orren galdan ler-zori, orra

 Bizkaiko bular ta labe:

 

 — «Geure Ama Birjiña

 Arantzazukue,

 baltzak erre dotzue

 zuri komentue.

 Baldin geratzen ba'da

 Bizkayan tellarik,

 e'tzara zu egongo

 komentu bagarik!».

 

 Bai yaso ere. Ez noski lengo

 aunditasun bikain artan.

 Baiñan orma soil xaxtar aietan

 lengo Ama gordetzen zan.

 Koroatua gaiñera orain,

 eta ZAINDARI-izenean...

 ...Baiña, arekin bat, enda ilzoria

 yaso gabe etsiko zan?

 

 ¡Jainkoak nai du! deitu omen zun

 Kardaberaz gurgarriak.

 ¡Jainkoak nai du! berriztu gero

 Bizkaitik Irakasliak.

 Ta aren atzetik aupa batean

 zutik abenda guziak:

 ¡Jainkoak nai du altxa dezala

 burua Euskalerriak!

 

 Ordun Bizkaiko mendietako

 gudaldi ikaragarriak.

 Ordun batzuen iraiñak eta

 besten odol-ixuriak,

 ordun espetxetako martiri

 ta etxetako antziak...

 (Ez nik, geroak yuzga ta kanta

 ditzala oiek guziak).

 

 ¡O Euskalerri, gure, Euskalerri,

 milla bider txit gajua,

 amiltegitik amiltegira

 obiraño irauldua:

 ez Gernika'rik, ez euskerarik,

 gaiñera izena iraindua....

 ¡ez izan nunabit zu bezelako

 ondrauntzat mundua!

 

 Ondamenaren obi-ertzetik

 luzatuz beso-begiak

 Erri gaixo onen Amaganako

 deiak, bai kupigarriak!

 Presondegitan egonak, eta

 gudatean elbarriak,

 alde bateko naiz bestekoak...

 eskari bera guziak:

 

 — ¡Arren, arren, Andra-Mari,

 ¡Noe'ren arka zu guri!;

 ¡¡luza zaiguzu bizia!!,

 ¡¡pena da ola iltzia!!.»..

 

         Ortikan zaude Euskalerriko

         seme gaixoen begira;

         gaur zure seme oien kontrako

         etsayak ugari dira.

         Zugana gatoz, Ama maitea,

         zure majntupe argira.

         Ixuri zazu zure indarra

         euskal-biotzen erdira.

                     (A. Arana. S.J. 1881)

 

         Premiyetan zeudela

         gure aurrekoak,

         zabaldu ziyezkatzun

         gozoro besoak.

         Bearrean ba'ziran

         lengo gurasoak,

         ez gaude gutxiago

         seme oraingoak.

         ¡Arantzazu-mendiyan

         zaudean Birjiña,

         guri lagun nayean

         zerez etorriya,

         euskaldun jendaren

         ongille Mariya,

         izazu gaur ta beti

         gutzaz errukiya!

                       (Orkaiztegi, 1881)

 

         Arantz artean zaude

         arantza gaberik;

         arantz artean nabil

         arantzaz beterik.

         Nere negar-bizitzaz

         izan zaite erruki.

         Arantzan zauden orrek

         lagun, Ama, neri!

                         (Omaetxebarria. 1930)

 

         Zu zaitugu guk, Ama,

         euskaldun erriyan

         laguntzalle onena

         premia guziyan.

         Ekaitz gogor artean

         ta larri aldiyan

         zenbat gorde dituzu

         itxaso erdiyan!

         ¡Salba gaitzatzu, bada,

         oraingo larriyan!

                         (Arrese Beitia. 1881)

 

         Zure errukizko begiak, Ama,

         arren itzuli izkidatzu.

         Samiñez dagon biotz gaxoa

         gozatutzen badakizu.

         Ama zera-ta, semien alde

         zuk zer egingo ez dezu?

         ¡Gure samiñak gozatutzeko

         zaude bai or Arantzan-zu!

                         (Arruti. 1918)

 

 Euskera-mota guzietatik

 eskari bera Amari:

 — ¡¡Luza zaiguzu bizia!!

 Euskalerria oso-osorik

 naikorik-gabe da an ari,

 bere betiko bizi-naiean,

 aldarri eta intziri:

 — ¡¡Luza zaiguzu bizia!!

 ¡¡pena da ola iltzia!!

 Eta Amak ere besoetako

 Seme guzialtsuari:

 — «Maite dezuna gaixorik dago»;

 ¡¡luza zaiozu bizia!!

 ¡¡pena da ola iltzia!!

 

 ... Berrituko ote, Lazaro'rekin

 gertatutako mirari?

 itxaro orretxek Euskal-Fedea

 dauka an auzpez otoilari:

 Begira dago gertatuko ote

 yesusen «¡Yeiki!» itz ori...

 

  (Yon, Cap. XI)

   Lazaro gaixorik zegon...

   Marta, Yesus bazetorrela yakin orduko, bidera irten zitzaion. Martak, beraz,

 Yesusi esan zion: Yauna, zu emen izan ba'ziña, nere anaia e'tzan ilko...

 Yesusek diotsa: Piztuko da zure anaia. Martak erantzuten dio: badakit

 berpiztalditan piztuko dana. Yesusek esan zion: Piztea ta Bizitza Ni naiz.

 Nigan sinisten duna biziko da, il ba'da ere; eta Nigan sinistuz bizi dana ez da

 sekula ilko. ¿Sinisten al dezu au? Bai Yauna, —erantzun zion— sinisten dut Zu

 Yainko biziaren Seme mundu ontara etorria zerala.

   Jesusek:

   — Sinisten duzu?

   Euskalerriak, ao-batez, biotz-batez:

 

                   —Bai, gure Jesus!

 ¡Sinisten dugu! Orixe bait-da

 lengotik iraun diguna.

 

 Orretxegatik, antzi ta negar,

 gatoz erreguz Zugana.

 Sinisten dugu Zu zaitugula

 Yaungoiko eta gizona,

 oraindañoan eutsi gaituna,

 eta piztu gaitzazkena...

 

 ¡Orain ta beti...., il edo bizi...

 sinisten dizugu dana,

 diozuna..., daikezuna...!!

 

 ... ta (Yesusek) oiu egin zun ozenki: Lazaro, atoz kanpora !Ta bertan yeiki zan

 illa, esku-oiñak lotuta eta arpegia miesaz estalita. Yesusek esan zien: ASKA

 ZAZUTE TA YOATEN UTZI...

           ¿...?

 

 Ta Euskalerria zairen zai dago

 berriztuko ote itz ori..

 

 BENEDICTA, iñularrez

 

           Erio-agiñean datzan Erri gaixo onek, Arantzazuko elizkizunetan

 gogokoena Benedicta dizu. Bedeinkatua Zu!: esan gura dio nunbait Amatxori bein

 ta berriz, iltamuan.

           Doakabeak ez daki, etorkizunak magalean zer dakarkioken: eriotza ala

 pizkundea. Baiño il bear izanda re, itz oekin il nai duala esango litzake.

 Bedeinkatua Zu!

 

 Dulun... dulun...

 Ai-Marikoa Arantzazun.

 Itun-itun

 illuna dator edonun.

 Ta urrun-urrun

 eusko-iñularrak darantzu:

                         Bedeinkatua Zu!

 

 Itxaspean

 deika antziñan aritzen zan

 kanpairikan

 ez dantzugu yadanikan...

 ¡Galdu ziran

 gure ametsak uiñetan!

 

 Zure arran

 orren deia bakarrikan

 (Talan... talan...)

 entzun-iruditzen zaigu.

                         Bedeinkatua Zu!

 

 ¡Ain pozgarri

 zaigun zure txilin ori

 ¡ai! ez bedi

 illuntze ontan itzali,

 bait-dirudi

 Ai-Marikoan Matuti... !

 ¡Andra-Mari!,

 izana gure Egunsenti,

 Zu zaitugu

 iñularreko Illargi.

                         Bedeinkatua Zu!

 

 ¡Oi Zu, oi Zu,

 Eguzki yunaren musu

 ta erraiñu!

 Aren argitan argitu

 nai gaituzu

 ta Aren itxarotan poztu...

 

 ¡Oi Zu, oi Zu,

 iñularreko Arantzazu!

                         Bedeinkatua Zu!

 

                                     Azkena

 

                                                                           1948

 

 


inprimatu