inprimatu
Bergili'ren Unai-Kantak
Izenburua:
Bergili'ren Unai-Kantak
Sinadura:
Virgilio (Bergili)
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Andima Ibiñagabeitia)
Egilea(k):
Virgilio
Andima Ibiñagabeitia

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1955
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/2
Orrialdea:
11-12

 

Bergili'ren Unai-kantak

                                   (Bukolikak)

 

Virgilio

 

euskaratzailea:

Ibinagabeitia'tar Andima

 

                                                     Ibinagabeitia'tar Andima'k

                                                     lateratik euskerara emanak

 

V'gn. Unai-Kanta (*)

                             Menalk eta Mopsu'rena

 

 III'gnunai-kantan iru-lau neurtitzez labur eta zailu elkarri erantzuten ikusi

 ditugu artzaiak gure bertsolarien gisa, emen aldiz, luze ta gogara ari zaizkigu

 bakoitza bereak ematen. An, buruak emanez, nolanaiko gaiak ialkitzen zituten

 pizkor, emen berriz bakarra dute olerki osoaren muiña, Daphni, alegia.

 Bergili'k beste norbait goraipatu nai zula Daphni'ren irudipean uste zuten

 antxiñatean. Ez dut uste, emen ere, bestetan bezala Teokritu gandik ietxi bait

 du olerkariak poemaren mamia. Onatx laburpena: 1-19 n. Mopsu ta Menalk artzaiak

 arkitzen dira. Elkarri txerak egin eta bakoitzaren olerkirako trebetasunak

 aipatu ondoren arpe batean sartzen dira. 22-44 n.: Mopsu'k Daphni'ren eriotza

 kantatzen du eta izadiaren orduko naigabea. 45-55 n.: Artzai bion arteko

 elkarrizketa laburra, atsarte bezala. 56-80 n.: Menalk'ek Daphni'ren gorapena

 ta aintza kantatzen ditu baita aren ospe bateak darion poxa ere. 81-90 n.:

 Artzai biek eskusari ta atsegiñak elkarri egiñaz bukatzen da.

 

                                       V

 

 Menalk'ek.— Biok emen gertatu geran ezkero, zergatik ez zuk txistu ariñari putz

 egin eta nik bertsuak esan, urraitzez naasita dagoen zumardi ontan eserita?

 Mopsu'k.— Zu zera zarrena; zure esanera bear dut, Menalk, Zephir'ek astindu

 itzalpe ezbaietan edota arpean sartzeko. So-izu nola astamatsak or-emenka arpea

 aldaka (mordo) bakanez iantzi duen.

 Menalk'ek.— Gure mendietan zuk ez duzu leikide bat baizik, ots, Aminta.

 Mopsu'k.— Eta zer! Orrek Phebu'kin ere ez ote lituke bere indarak kantuan

 neurtuko?

         Menalk'ek.— Lenengo asi zaite zu, Mopsu, Philide'ren garra Alkon'en

 goratzarreak edota Koduru'ren maltzurkeriak esateko balin badituzu; asi zaite;

 anartean Titir'ek zaituko ditu bazkatzen dauden antxumeak.

 Mopsu'k.— Naiago dut oixtion pagondo onen azal ezean, eresiak ere aldizkatuz

 idatzi nitun nerutitzetan saiatu; ondoren agindu ezaiozu Aminta'ri datorrela

 nerekin neurtzera.

 Menalk'ek.— Sarats astiroa oliondo zurbillaren, edota larrosondo gorrailak

 ardi-mihi apalaren ondoan bezin bat duzu Aminta zure aldamenean, ene ustez.

 Baña, utz itzatzu mutiko, erasiok, leizean sartu gera-ta.

 Mopsu'k.— Maitagarriek Erio ankerrak io Daphni'ri negarrez zeuden, —zuek zerate

 lekuko urraitz ta ibaiak—; amak bere aur errukarriaren illotza laztantzen

 zuelarik, «Anker ok», deitzen zien iainko ta izarrei. Egun aietan iñork ere ez

 zitun beiak larratu, Daphni, ezta ibai ozkirrietan eradan ere; abere batxok ez

 zun larreko belarrik urkitu, ez urik dastatu. Puni'ko leoiek ere, Daphni, zure

 eriotza deitora zuten; mendi latzak eta oianak ala aitortzen zuten. Daphni'k

 lenbizikoz, Armeni'ko katamotzak gurdipera beartu zitun; Daphni'k, Bak'en

 irradak (Thiases) ekarri zitun eta zigor (thirses) zauliak osto biguiñez

 inguratu. Matsondoa zuaitzen, matsa matsondoaren, zezena saldoaren, uzta arloen

 apaingarri diran bezelatsu, zu, Daphni, zuretarren edertasun zera. Alabearrak

 eraman zindunez gero, Apol'ek berak eta Pale'k berak, soroak utzi ditute.

 Garagar-ale mardulak erein genitun ildoetan iraka antzu eta bazolo elkorra

 baizik ez dira sortzen lili-ubel xamurraren ordez, kukupe gorriaren ordez,

 kardulatza ta lapar arantz-txorrotxa ernetzen dira. Ostoak lurrean iraurri

 itzatzute, artzaiak, iturriak itzalez iantzi itzatzute (Orra Daphi'k eskatzen

 dizkitzuenak), illarria eraiki ezaiozute, eta illarrian neurtitz ok irar

 itzatzute:

 Emen, oinartean, ni, Daphni, izarrak ere ezagun ninduten; artalde

                 ederraren artzai are ederragoa.

         Menalk'ek.— Zure olerkiak, olerkari goitar, belar-gaineko lo-kuluxka

 edota uda-galdatan lats iauzkarian egarria berdintzea bezin atsegin-garri

 zaizkit. Ez txirulaz soilik, aotsez ere maizuaren beteko zaitugu. Zorioneko

 aurra zu; aren ordari izango zera. Alare guk aldizka abestiak ialkiko

 dizkitzugu, zure Daphni izarretaraino iasoko dugu, gu ere Daphnik maitatu bait

 gindun.

 Mopsu'k.— Ori baiño emari obeagorik ar ote nezake? Mutilla bera (Daphni) kanta-

 gai zan noski, eta zure neurtitz oriek, lenago ere Estimikon'en goraipatu

 zizkigun.

 Menalk'ek.— Daphni'k, isata-iario, oitugabeko ikuskizun bat miresten du

 Olinpu'ko ate-subilletik: odeiak eta izarrak dakuzki bere oinpean. Atsegin alai

 batek artu ditu soroak, oianak, Pan, artzaiak eta nexka Driadarrak. Otsoak ez

 dio artaldeari xedebarik iartzen, ez eta sare maltzurrik oreiñari: maite ditu

 Daphni onak atsarteak. Mendi iñausgabeak ere izarretara beren lekaioak

 ialkitzen ditute; arkaitzak bertsu- iario daude, zuaiztiak kantari: «Iainko,

 Iainko duzu ori, Menalk!» On eta zorion izkiezu zuretarrei. Onatx lau opal-mai,

 bi zuretzat, Daphni, eta bi Phebu'rentzat. Urtero bi kaiku —esne apartsuz

 gainezka— eskeñiko dizkitzut eta bi kutxarro olio guriz kuin-kuin; orritsak

 ardo ugariz alaituko ditut, sutondoan, otz ba'lego, itzalpean uzta-garaia

 balitz. Ariusi'ko ardo berria —nektar goxoa— ixuriko dut goporretan. Dameta'k

 eta Egon Litiarrak neretzat abestuko dute: Alapesibeu'k, berriz, Satiruen

 irradak antzirudituko ditu. Beti ere goratzarre auek opako dizkitzugu, Ninphai

 eskeñiak urtero opaltzerakoan, eta soroak zipriztinduko ditugunean. Basurdeek

 mendi gallurretan atsegin ar duketeño eta arraiñak ibaietan; erleak elarrez

 bazkatuko diran artean eta txitxarrak intzez, zure goratzarre, dedu eta izenak

 beti diraukete. Bak eta Keres'i bezela beren eskeintza nekazariek urtero egingo

 dizute; zeorrek ortara beartuko dituzu.

 Mopsu'k.— Zer ote, zer emanen dizut bertsu orien ordain? Gain-gainean dugun

 Auseter'en xistua; izpazterra astintzen duten uiñen otsa eta ibar arrizuetan

 ixurtzen diran ur-lasterrak baiño atsegiñago zaizkit.

 Menalk'ek.— Txirula auskor au adiguriz emanen dizut; beronexek irakas zidan

 «Alexi ederraren irrikaz zegoen Koridon» eta berberak irakas zidan ere arako

 «Norena da artaldea? Meliebeu'rena ez ote?».

         Mopsu'k.— Zuk, berriz, ar ezazu artzai-makilla au; maiz eskatu zidan

 Antigenes'ek ala ere etzidan kendu ahal izan, naizta garai artan maitagarri

 izan; ederra baiki, Menalk, adabegi berdiñez eta borontzez apaindua.

 

VI'gn Unai-Kanta

                         Alphaniu Varu'ren goratzarrez

 

 Poemaoni abegi beroena egin zion Erroma'ko erriak Kitheris emakume abeslari

 ospetsuak theatroan abestu zuenean. Ez dakigu zerk iñarrosi zituen entzule aien

 gogoak Kiteris'en antzeak ala olerkiaren bikaintasunak. Unai-kanta ezik epopeia

 ere badala esan diteke olerki au, Kisalpina'ko iaurlaritzan Polion'en ondorengo

 izan zan Alfeniu Varu'ren goraipatzeko idatzia. 1-12 n. Apolon'en esanetara

 makurtuz turutotsez baiño artzai-txirulaz ari naiago dula diño. 13-30 n.:

 Koroni ta Menasilau satiruek Silenu, larre-iainko bat, arpean etzanda dakuste,

 aurreguneko mozkorra egosten lo. Lorez estekatzen dute Egle naiadetan ederrenak

 lagunduta. Satiruak bere burua gazte oien atxillo ikusita, amor ematen die eta

 lenago eskeiñi zizkien olerkiak ialkiko dizkiela esaten. Silenu'ren kantua: 31-

 40 n. kosmogoniz ari da Silenu, 41-81 n., aldiz, mitologiz. 82-86 n.: Izadi

 liburatuaren poza laburki azalduz amaitzen du olerkariak.

 

                                       VI

 

         Sirakusar bertsuz iolastu zedin aurrenekoz gure Thalie; ez zan gainera

 lotsatu oianeko bizitzez. Gudu eta erregek kantatzen ari nintzalarik,

 belarritik eldu ta onela aolkatu nindun Kintiu'k; «Artzaiek ardiak gizendu bear

 ditute, Titir, eta kanta motxak abestu» Orain ni, seska mengelez basa doiñu bat

 iotera saiatuko naiz; ez zaizkizu paltako Var, zure goratzarre ta gudu itsak

 kanta nai litukenik. Eragotzirik ez dut abestuko. Alabaiña norbaitek maitasunez

 bertsu auek irakurriko ba'litu, gure millazkak eta oianek oro garalduko

 zaitute, Var. Phebu'k ez du deus maiteago Var'en izenez apaindu orrialdea baiño

 (irakurgaia alegia).

         Aurrera Pieridarrak! Koromi ta Menasilau'k Silenu bat ikusi dute

 leizean etzanda: zaiñak puztuta zeuzkan aurregunean edan Iakus'en edariz, oi

 bezela; aren burutik erori lore-aillarak lur gainean zeuden; binbitartean,

 ardo-txanbil zaharra belarritik eutsita zeukan. Barneraturik, (maiz, bada,

 agureak bertsuak abestuko zizkielazkoaz atzipetu zitun), lore-sortaz estekatu

 zuten ain zuzen. Egle etorri zan mutil erabeen lagun, Egle naiadetan ederrena.

 Agureari, begiaz ozta iriki zituneko, bekoki lokuneak masuzta gorrizkaz

 mazkaldu zizkien. Eta ark, maltzurkeriari parrez: «Zertako lokarriz lotzen

 nauzute?» esan zun. «Aska nazazute mutillak: aski zait ahal izan duzutela

 ikustea. Onatx nai zenituten olerkiak; olerkiak zuentzat, onentzat

 (nexkarentzat, alegia) ba'duket beste sari bat». Eta bat batean asten da:

         Orduan ikus zenitzaken Faunu ta iizeak, saldoka, elkarrekin iolasten,

 orduan arte-zailak ere adaburuak iñarrosten. Ez zaizkio atsegiñago Phebu'ri

 Parnasu'ko arkaitzak; Rhodope ta Isamru'k ez dute Orpheu ainbat miresten.

         Utsal aundia barna, lur, egurats, itxaso ta su ixurkorraren asiak nola

 elkartu ziran kantatzen bait zun; nola lendabiziko ekhai auetatik, oro gatzatu

 ziran, ortzi borobil xamurra ere; geroago nola legorra sendotu eta Neree

 itxasoan leozpetu ondoren, gauzak euren antzak artzen ezarian asi ziran.

 Arrezkero lurbirak eguzki berria argi-iario nola ikusten dun, euri emankorrak

 odeietatik iausten, oianak ernetzen eta mendi arrituak zear abereak

 sakabanatzen.

         Geroago Pirre'k iaurti arriena, Saturn'en aginterria, Kaukasu'ko

 txoriena eta Porometeu'ren lapurreta gogorazten dizkie. Baita ere edasten die

 Hila utzia izan zan iturrian nola nautek oiu egiten zuten itsas-ertz guztiak

 «Hila, Hila» erantzun zezaien. Zorionekoa zitekean, iñoiz abererik sortu

 ezpazen, zezen txuriaren maitemiñez zebillen Pasiphae! Zorigaiztoko neska!

 Zernolako zoroaldiak io zindun! Pretu'ren alabak muuka aizunez larreak bete

 zituten, ala ere batxo etzen lizunki aberekin etzan, naiz ta uztarririk

 lepogaineratuko ote zien beldur izan, eta, maiz, adaxken (adartxoen) aztarnak

 beren bekoki, leunetan xerka. Zorigaiztoko neska! Orain zu mendietan zabiltz

 alderrai, ark aldiz, (zezenak), bere saiets zuriz iakintu guriak lorrinduz,

 gorosti beltzaren itzalean belar zurbilxkak ausnartzen ditu, edota saldo

 aundiko bigantxen bati darraikio: «Esi Ninphak, Dikte'ko Ninphak, esi itzatzute

 basoetako larreguneak zezen deslaiaren azterrenik begietara ez dakigun: agian,

 belar orriñaren usaira, edo bei-taldeari iarraiki, bigantxen batek Kortin'go

 ukulletaradiño erakarriko du».

         Geroago Hesperide'n sagarrak ikustean arritu zan neskarena kaintatzen

 du; ondoren Phaeton'en arrebak zuaitz-azal garratz batean oroldiz inguratzen

 ditu eta lurretik altz lerdenen gisa sortarazten. Baita Parmesi'ko ibai erzean

 orron dabillen Gal'ena ere kantatzen du: Aoni'ko mendira arreba batek nola

 eraman zun, eta gizonaren aurrean Phebu'ren abesteli guztia nola zutitu zan.

 Lin artzai kantari iainkotiarrak irribelar minkaitzez adatsa apaindurik, ialki

 auek ere bai: «Txirula ok Musek eskeintzen diskitzue: ar itzatzue. Lenago

 Askra'ko aguerari eskeiñi zizkien, eta ark aien soiñura, zumar zurrunak

 mendietatik ietxi-erazten zitun. Txirul auekin Grimiun'go basoaren iatorria

 adieraz ezazu, oian artaz baizik Apol arrotu ez dedin».

         Nisu'z ala Eskile'z mintzatuko ote naiz? Gerruntza biduzi zaunkariz

 inguratuta, Dulikia'ko ontziak gal-zorian ezarri zitun onek, eta zulo sakonean

 uzkali omen zitun, mariñel errukarriak itsaz-zakurrekin zatitu ondoren.

 Tree'ren irudi-aldaketak, Philomela'k gertu zizkion ianariak, eman zizkion

 eskuagiriak, zein bidez basamorturatu zan, zelako egakin bere tegiaren gainetik

 egan ibili zan; ark bezela, nola gogarazi?

         Anbiolan Phebu'k abestiz ialkiak —ereñotzei irakasteko agindupean

 zorionez gainezka Eurotas'ek entzun zizkionak, alegia—, ark (Silenu'k) abesten

 ditu ibarreko oiartzunak izarretaraiño daramazkila, Arratsak Olinpu'tik nagi

 etorki ardiak artegietaratzera beartu zitun arte.

 

                                                                   —Iarraitzeko

 

 (*) I-IV'gnak, Ikus «Euzko-Gogoa» 1954, l0 eta 12'gn banakoetan.

 

 


inprimatu