inprimatu
Ubel
Izenburua:
Ubel
Sinadura:
Juan Mari Lekuona
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Lekuona, Juan Mari

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1955
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1/2
Orrialdea:
4

 

Ubel

 

Oyanburu

 

                                                           A. Valverde jaunari.

 

           I

 Illunabarrez

 sartaldea, urre;

 mendipea, more...

 Zoramena!

 Urrunago, ta mendia zeruakiago;

 urranago, ta ubela kutunago...

 Au dut dana:

 margo-lan eder bat datorkit burura.

 Begiz-begi daukat

 —irudimenean—

 ubel ill-illean

 zapi bizi ura:

 mendiak, jantziak illunabarreko jantzi apañez

 —egunaren erio-arnasez—:

 Ubelez.

 

           II

 Margolari,

 olerkari,

 biok so gauzkatzu ikuskai berari.

 Bi biotz begira,

 maitale, Izadira.

 

 Gogaitgarri zait urrea,

 odei-azpiaren azpi dotorea;

 ai! bañan morea

 —mendi urdin, odol gorri—

 maitea!

 Ubelak du noski,

 odeiaren aunditasuna:

 urre gorria.

 Berea du ere

 mendiaren urdin illuna

 —leize-begia—.

 Ubela izan ere

 gure egia.

 Siñest-argi, odei gorriz;

 gure bizi, urdin berriz...

 Morea,

 egi gurea!

 

           III

 Ubela

 Kristo'ren Nekaldia;

 Jainko biotz-aundi zuzentasuna:

 odol gorria.

 An ere —urdin illun-illuna—

 biotz-makurkeria:

 illundegia...

 Ubela lurrikara-ondoren,

 Kalbario'ko ezur-muñoa,

 Andre Maria'ren soñekoa;

 Kristo'ren il-berria...

 

           IV

 Margolari, olerkari

 biok so gauzkatzu ikuskai berari.

 Zapia, papera,

 luma ta pintzela:

 bi biok begira, maitale, Izadira.

 Margolariaren morea...

 Ala nai nerea!

 

 (— «Norena obea?

 — Ai! Zorioneko

 gizadi-legea!

 «Nork berak berea»!)

 

 Amur eman dit biotzak:

 ase du irrikia.

 Atsedena!

 Ubela itzali da:

 lo-zorro Izadia.

 Ixilpena...

 Gabon!

 

 


inprimatu