inprimatu
Bergili'ren Unai-Kantak
Izenburua:
Bergili'ren Unai-Kantak
Sinadura:
Virgilio (Bergili)
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Andima Ibiñagabeitia)
Egilea(k):
Virgilio
Andima Ibiñagabeitia

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1954
Argitalpenaren urtea:
Alea:
9/10
Orrialdea:
142-144

 

Unai-kantak

                                   (Bukolikak)

 

Virgilio

 

euskaratzailea:

Ibinagabeitia'tar Andima

 

                               Ibinagabeitia'tar Andima'k  lateratik euskeratuak

 

 Ameriketarabidean, itsasoan itzuli nitun Unai-kanta auek. Itxaserriko sortzez

 eta gaiñera kresalez inguratuta, ez dut uste giro egokiena denik baserri-kanta

 auek euskeraz iazteko. Zerbait egin bear itsasoko ordu luzeak nolarebait

 itotzeko, eta Bergili'ren bukolikatan murgildu nintzan aren idazlanetatik labur

 ta txukunenok diralako. Amar baizik ez dira unai-kantok. Ala ere korapillorik

 aski arkitu nitun nere bidean, landare-izenak euskeratzeko batez ere. Uste ez

 arren, Bergili'k berreundaz landare berezi aipatzen ditu neurtitz auetan.

 Okerrena, ordea, izenok erri izkera guzietan tinki sendotzeke arkitzen dira.

 Maiz izen bakarra landare berezienak izendatzeko erabiltzen dute; ez gurean

 bakarrik, baita gurea baiño izkera tinkoagoetan ere. Ez, beraz, irakurle,

 landare-izenak ulertzen ez dituzunean arritu; kaletarrek, erderaz ari diranek

 ere, bospasei baizik ez ditute ezagutzen. Beaztopa ori nolarebait arintzeko,

 obeto esan baztertzeko, nere lantxoaren bukaeran euskeraz ta lateraz iarriko

 ditut landare izenok. Poztuko nintzake norbaitek zuzenkizunik bialduko ba'lit.

 Mitologi ta giza-izenen azalpenak egin gogo dudan libururako gorde ditut

 aldizkaria bear baiño geiago ez gizentzeko. Ala ere unai-kanta bakoitzaren

 asieran laburpentxo bat ezarriko dut irakurlearen orgibiderako. Osorik ematen

 ditut, iñolako iñausketa gabe; euskeraz ere, mundu guzian bezela, osorik eman

 bear dirala derizkiodalako. Unai-kanta izena bitxi arkituko dute zenbaitek; nik

 ez dut egokiagorik arkitu, norbaitek idoro ba'leza, igorri bezait.

 

I'ngo. UNAI-KANTA

Melibeu eta Titir'ena

 

 Octavius'ieskerrona erakusteko idatzi zun Bergili'k unai-kanta au, lurren

 iabetasuna utzi ziolako, eta liburuaren aurrekaldean ezarri zun, naiz ta

 bigarrena, irugarrena ta boskarrena baiño geroagokoa izan. Titir Bergili'ren

 irudia duzute, ala ere ezin diteke bukolika osoan Bergili'tzat beti artu; maiz

 zakerregi tu burukoiegi ageri baita. Melibeu'k, aldiz, askoz obeto ageri ditu

 idazlearen biotz-beratasun ta gogo-argitasuna. Onatx unai-kanta onen mamia: 1-

 5 n.: Titir lasaiaren eta Melibeu erbestetuaren zori-aldea erakusten digu. 6-18

 n.: Titir'ek lurren iabe gelditzea nori zor dion esaten digu; Melibeu'k bere

 zoritxarra deitoratzen du. 19-45 n.: Melibeu'k galdetuta, Titir'ek nola

 Erromaratu zan esaten digu askatasuna iristeko, iopu baitzan, eta iainko gazte

 batek nola itz-eman zion len bezin patxaratsu aurrerantzean ere biziko zala.

 46-78 n.: Zorionak damaizkio Melibeu'k ain etorkizun argiaren alderako.

 Titir'ek berriz ere, iainkoekiko esker-ona agertzen du, Melibeu'k aldiz,

 erbestetuaren zoritxarra. 79-83 n.: Arratsa da: Titir'ek pozik eskeintzen dio

 Melibeu'ri ostatu.

 

                                       I

 

         Melibeu'k.—Zu, Titir, pagondo zabalaren itzalpean etzanda basa-musaren

 eresiak txirul zegail batez ioten ari zera; guk aberriko muga ta soro atsegiñak

 utzi bear izan ditugu; sorterritik igesi atera gera; Zu Titir, gerizpean lasai,

 Amarili ederraren izena beresaten, oianei irakasten ari zera.

         Titir'ek.—Oi, Melibeu! Atsarte auek iainko bati zor dizkiot; beti ere

 hura, iainko izango da niretzat eta aren opalarria, maiz, nere artaldeko

 bildots xamurren odolez zipriztinduko dut. Dakusunez, ari eskerrak, ene idiak

 lasa bazka ditezke nunnai, eta neonek ere basa-txirulaz zernai io dezaket.

         Melibeu'k.—Ez zaitut bekaitz, miraz nago ala ere; soro guztiak erabat

 asaldaturik daude! Ara, neonek ere, ozta daramazkit aurretik auntz auek; auxe

 ere, Titir, doi daramat; urraizti sarri batean antxume bizkiak egin ditu

 orantsu, artaldearen itxaro; ondikotz, arkaitz gorrian laga ditu. Zoritxar au

 —gogoan dut— ortziak iotako aritzak iragarri zigun itsuegi izan ni, ordea.

 Alare, Titir, esaiguzu, arren, iainko ori nor ote duzun.

         Titir'ek.— Erroma deritzan uria gurearen antzekoa zala uste nun zoro

 onek, antxume xamurrak eramaten dituguna bezelakoa. Ala uste nitun ttottoek

 zakurren antzeko, antxumeak beuren amen ideko; era ortara txikiak aundiekin

 erka oi nitun. Uri ark, ordea, uztailatze apalen artean nekostak baiño garaigo

 iaso du bere burua beste guztien artean.

         Melibeu'k.—Zerk piztu zizun Erroma'rako orren gurari bizia?

         Titir'ek.—Askatasunak! Berandu bederen begiratu zidan erbail oni;

 bizarra iñoiz baiño urdiñago mozten nun garaian. Begiratu zidan bai, ta

 azkenean etorri ere zitzaidan Galatee'k utzi ta Amarili'k artu nindunez gero.

 Ala ere, aitortu bear dut, Galatee'k nendukanean ez neukan askatasunaren

 itxarorik, ezta diruaren ardurarik ere. Alperrik ateratzen nitun esi artetik

 urirako opalgaiak, baita gaztai guriak ere. Ez nun iñoiz ere diruz astun

 sakelik etxeratzen!

         Melibeu'k.—Zurtuta nengon, Amarili, zer zala-ta orren its iainkoei

 deiez ari zidan, eta norentzako uzten ote zenitun igaliak zuaitzetan zintzilik.

 Ioana zan Titir! Lerrondoak eurak, iturriak, zugazti auek ere zuri deiez

 zeuden.

         Titir'ek.— Zer besterik egin ote nezakean? Bestela ezin nindekean

 ioputzatik irten, ezta iainko laguntzalle auek ezagutu ere, nonbait. Orduntxe,

 Melibeu, ikusi nun gazte hura, sei-urrenez, urtean birritan, gure opal-arriek

 kea eskeintzen dien gazte hura. Ela orduntxe nere galdeari aurrenekoz erantzun

 zion ark: «Aurrak! idiak bazka itzatzute, len bezela; zezenak ezi itzazute».

         Melibeu'k.—Agure zoriontsua zu! Onezkero soroek zure iraungo dute. Aski

 dukezu, naiz ta larreak lur-etze biurturik ta ii-basatsuz idoiturik egon! Zure

 ardi ernariek ez dute bazka ez-ezagunik irrikatuko, ezta auzoko abereen

 izurriak ere ez ditu ukituko. Agure doatsua! Ibai ezagun auen artean eta iturri

 guren oien aldamenean, ozkirri ta ozpel giro izango dituzu. Alde bateak, oi

 bezela, sarats loretsuz hiblar erleak alatzen ditun auzo-mugako esiak, mur-mur

 goxo ta biguñez lotarako ots-egingo dizu, bestetik, ordea, arkaitz garaipean

 kimatzalleak bere abestiak aizetara iaurtiko ditu. Auek gora-bera, begiko

 dituzun usoek ez ditute beren urrumak etengo, ezta zumar-ondoko uxapalek ere

 beren minkuriña eguratsa zear.

         Titir'ek.— Aren irudia gure biotzetik ezaba baiño len, orein ariñak

 ortzian bazkatzen ikusiko ditugu: ibaiak arrain gorriak ertzera iaurtitzen eta

 Aberri-mugak elkar-aldatuta, Partiarrak Ararin'go urak eta germandarrak

 Tigri'tik' edaten.

         Melibeu'k.—Gutariko batzu, ordea, Aprika egartsura ioango gera, beste

 batzu Eskiti'ra Oaxes ibai lasterraren aldamenera, edota mundutik bereiz bizi

 diran breiz'tarretara. Iñoiz ikus aal izango ote ditut ene gurasoen mugarteok

 edota nere etxola txiroaren gaindegia belarrez iosita? Gerora, nere aginterriok

 ikustean galbururik miretsiko ote dut? Ain ondo landu luberriok gudari gaiztoen

 batek ukanen ote? Uzta auek arrotzen batek? Orientzako erein genitun soro auek!

 Orra elkar-aserreak zertaratu ditun erritar errukarriak! Orain, Melibeu, txerta

 itzatzu udarondoak, mastiak lerrokatu itzatzu. Zoazte ene aldi bateko artalde

 zoriontsuak, zoazte ene auntzok; gaurgero, ez zaituztet ikusiko leize orlegian

 etzanda, ezta urrutiko arkaitz goroldiotsutik zintzilika ere. Ez dut geiago

 kanturik abestuko. Ez zaituztet geiago bazkatuko erratz loretsuz ezta sarats

 gaziz ere, nere auntz maitcok.

         Titir'ek.—Ala ere gau ontan, ementxe, nerekin, osto muskerren gaiñean

 atseden ar zenezake. Baditut 80 igali umoak, gaztain biguñak baita gaztaiak

 ugari ere. Basetxe urrunetako gaindegiak ke-dario daude dagoneko, eta itzalak,

 aundituz, mendi garaietatik bera erotzen ari dira.

 

II'an UNAI-KANTA

Koridon'en deitora

 

 Ezpaigabe, Teokrit ta Memelagru'ren idilietan edan ditu idazleak poema oni

 darizkion urak, naiz ta besterik esan antxiñako idazleek. Gai lerrakorra berez,

 arrigarria ordea, alako gaian Bergili'k darakusgun txukuntasun eta garbitasuna.

 Iruzkinlari zaharrek Polion eta Bergili'ren arteko adiskidetasunari doakola

 diote unai-kanta au. Orra guna; 1-5m.: Koridon'en zoritxarreko maitasuna. 6-27

 n.: Biotza erretzen dion maitasun doakabea deitoratzen du; garbai da beste

 norbait maitatu eza, eta ez dala ain itsusi dio. 28-55n: Alexi berorekin

 bizitzera ioango ba'litzaio, txirula, antxume bizkiak, lorak, igaliak eta

 eskeintzen dizkio. 58-68n.: Bat-batean Koridon'ek maitasun ero au gaitzesten du

 eta bere garrari arratsak ez dakarkiola bare-aldirik aitortzen du. 69-73 n.:

 Amets zoroak baztertu nai ditu on diteken esku-lanen bati ekiteko.

 

                                       II

 

         Ugazabaren atsegin zan Alexi ederraren irrikaz erretzen zegoen Koridon

 artzaia; itxaro gabe, ordea. Adaburu itzaltzuz estali pagadi sarri batera maiz

 etortzen zan, an, bakarrean, asperen auek mendi ta oianei gartsuki, alperrik

 ialkitzera:

         «Alexi anker! ez al zera nere kantuez arduratzen? ez al zera nitaz

 errukitzen? Iltzera beartuko nauzu azkenik! Musker orlegiak etorri-tartean

 ostendu ta artaldeak ozkirri ta itzala billatzen dituten garai ontan, Testili'k

 ere berakatz ta txirpotxa —belar urrintsuak— mozten ditu sapa astunez nekatu

 itailarientzat. Anartean nik, eguzki galdatan zure urratsen iarrai ibilki,

 zugaztiari durundi daragiot txitxarra erlatzak lagun. Obe ez ote zitekean

 Amarili'ren aserre itsak eta neke arroak iasaitea? edota Menalka beltxarana,

 naiz ta zu txuria izan? Oi, aur eder! Ez uste larregirik kolorean ezar.

 Zuandor-lore txuriak bertan bera erortzen dira, ahabi beltzak, ordea, biltzen

 ditute. Zapuzten nauzu, bai, Alexi, ta nor ote naizenik ere ez duzu galdetzen,

 ez eta zeiñen aberats artaldez, zeiñen ugari esne txuriz. Baditut milla ardi

 Sikili'ko mendietan alderrai: esne berririk etzait peit ez udan, ezta neguan

 ere. Anpion Didark'arrak —artaldeak biltzekoan— Akto'ko Arakintu'n kanta oi

 zitun abestiak kantatzen ditut. Ez nauzu ain itsusi ere. Oixtion, itsasoa aize

 gabe zegola, ur-ertzean begiratu naiz. Maiz irudiak lausotzen ezpagaitu, ez

 naiz Daphni'ren beldur. Ori zuk erabakiko.

         Oi! nerekin bizi nai ba'zenu, bederik, landa zikin eta etxola apaletan,

 oreiñak zirikatu ta aker-taldeak ziguin orlegietara akulatzeko! Nerekin, Pan'en

 antzera, oianetan abestuko zenuke. Pan'ek, lenengoz, txirulak ezkoz elkartu

 zitun. Pan'ek dauka ardi ta ardi-iabeen ardura ere. Ez arren garbaitu balin

 txirulak zure ezpaintxoak igatu baletza. Zer ez ote zun egin Aminta'k gauza

 auek ikasteko. Badut nik zazpi odi ezberdiñez egindako txirula bat, Dameta'k

 eskusariz, aspaldi emana. Ara iltzerakoan esan zidana: «Zu zaitu bigarren iabe»

 (txirulak alegia). Orrela ziñon Dameta'k, eta Aminta ergela bekaitzez zegon.

 Baditut gaiñera bi antxume, nolabaiteko larre batean arkituak, oraintxe ene

 larrua orban txuriz iantzita daukatenak; bi-pana ardi-titi legortzen ditute

 egunero; zuretzat gordeta dauzkat. Aspalditik Testili'k berari uzteko esaten

 dit, eraman ditzan; eramango ene ditu zuk nere emariak nardatzen bait-dituzu.

         Zatoz onuntz, aur eder! Onatx, Ninpak ere, zuretzako otarre-bete

 zitoriz. Nai txuriek, lili-margul ta urdamutur garaiak bildurik, unanu ta miru-

 belar usaitsuz naasirik, edota bitxika ta nolanaiko belar biguiñez txortaturik,

 illerri-lili xamurrak ta ahabi orailak elkartzen ditute. Seska batekin, neonek

 bilduko ditut sagar-ille leunak (irasagarrak) eta ene Amarili'k ain maite zitun

 gaztain ta intxaurrak; baita ezko kolorezko aranak ere bilduko ditut: igali

 auek ere ospe dukete. Zuek ere batuko zaituztet ereñotz eta urbilleko gilloria,

 orrela elkarturik zuen usai goxoa naasten duzutelako.

         Basati aiz Koridon: Alexi ez duk emarien aiola, eta emari norgeiokan ez

 lioke lola'k berak ere irabaziko. Ondikotz! zertan ari naiz errukarri au! Nere

 ero-aldi ontan Auster utzi dut lore artean, eta basurdea iturri gardenean.

 Noren igesi zoaz ero ori? Iainkoak, baita Paris Dardani'koa ere, oianetan bizi

 ziran. Bego Pala, berak eraiki urietan; guk oianak, oroz gainetik maita

 ditzagun. Leoiama betokerrak otsoa billatzen du, otsoak, berriz, auntza auntz

 lizunak erratz-loratua eta Koridon'ek Alexi: bat bederaren atsegiñak garamatza.

 Ikus: idiek goldeak daramazkite uztarritik eskegita, eta eguzkiak,

 etzaterakoan, aunditzen ari itzalak bikoizten ditu, ala ene ni, maitasunak

 erretzen nau; maitasunak ba ote duke iñoiz neurririk gero?

         Oi Konidon, Koridon: nungo ero-aldik artu zaitu? Zure matsondo

 ostotsua, erdi-iñausirik, zumarrean daukazu orandik. Ii ta zume biguiñez

 zerbaiterako on daitekena egiteko gertu zaite. Orrek zapuzten ba'zaitu,

 arkituko duzu beste Alexi'ren bat.

 

III'gn. UNAI-KANTA

Menalk eta Dameta'rena

 

 Gaia.—Teokritu'ren IV'gn. Idilian bezela, bukolika ontan ere bi artzaiek elkar-

 arkitzen dute; batak iñoren ertaldea zoitzen du. Ala ere Bergili'k V'gn.

 Idilitik iaso du elkar-izketa onen mamia; Teokritu'k Komata eta Lakon'en arteko

 lipizta bezala, Bergili'k, Menalk eta Dameta'ren artekoa idurikatzen du. 1-

 27n.: Elkarri sekulakoak esaten dizkie. 28-59 n.: Bakoitzak bere trebetasunak

 aipatu ondoren, bertso-demarako eupada iaurtitzen die elkarri; Palomon auzoa

 artzen dute auzi-epailetzat. 60-107 n.: Aldizka ahapaldiak ialkitzen ditute

 bertsolarien gisa. 108-111 n.: Palemon'ek zein ote dan garaile ezin dezakela

 erabaki aitortzen du.

 

                                       III

 

         Menalk'ek.—Ezaidazu, Dameta; norena da artaldea? Melibeu'rena ez ote?

         Dameta'k.— Ez, Egon'ena baizik; orantsu utzi zidan neri Egon'ek.

         Menalk'ek.—        Zoritxarreko ardi ta artaldeak beti ere! Iabea

 Neree'n inguruan dabillen bitartean —bera baiño ni laztanago ez ote naun izango

 beldurrez—, artzai arrotz onek orduko birritan erasten ditu ardiak, abere

 gaixoak legortuz eta bildotsei esnea lapurtuz.

         Dameta'k.— Gogora ezazu, orrelakoak arduratsuago gizonei egotzi bear

 zaizkiela. Badakigu zu ere nork eta zein santutxotan... akerren begirakun

 okerpean... Ninpha errexek par zegiten, ondea...

         Menalk'ek.— Mikon'en landare ta matsondo berriak itai gaiztoz mozten

 ikusi nindutenez agian...

         Dameta'k.— Edota ementxe, pago zarren ondoan Dafni'ren uztai-geziak

 autsi zenitunean; zu, Menalk gaizto ori, emari oriek aurrari eskeñiak zirala

 ikustean sumindu ziñan, ilko ere ziñan, noski kalterik ezin egin izan

 ba'zenezaion.

         Menalk'ek.—Zer egin dezakete iaubeek, lapurrak orrelakoetara ausartzen

 diranean? Ez ote zaitut ikusi, gaizto ori, Lisika'ren zaunkak gora-bera,

 Damon'en akerrari xedebak edatzen? Eta «nun amiltzera doa? Titir bil ezak

 artaldea» oiu egin nizunean zarmuka artean ostentzen ziñan.

         Dameta'k.— Kantuz garaitu nuenez gero; ez ote zidan nere txirul-doiñuz

 irabazi akerra emango? Ezpadakizu ere, aker hura nerea zan. Damon ber-berak ere

 aitortzen zidan ori, alabaiña ezin zezaikedala eman esaten zun.

         Menalk'ek.—Kantuz zuk ua (garaitu)? iñoiz ukan ote duk ezkoz

 elkartutako txirulak gero? Arlote orrek, txirula motel batez, ez al zenitun

 gurutzbideetan doiñuak errukarriro lardaxkatzen?

         Dameta'k.— Beraz, biotan nor ote dan geiago, aldizka ikus dezagun nai

 al duzu? Nik bigantxa au ezartzen dut (gaitzetsi ez dezazun ere... bi aldiz

 datorkit erasteko, eta bere errapean bi ume azten ditu). Zuk, berriz, esaidazu

 zer baituratzen duzun nerekin burrukatzeko.

 

                                                                   (Iarraitzeko)

 

 


inprimatu