inprimatu
Abesti Bikaña
Izenburua:
Abesti Bikaña
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Olabide)
Egilea(k):
Olabide

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1954
Argitalpenaren urtea:
Alea:
5/8
Orrialdea:
107-116

 

Abesti bikaña

 

euskaratzailea:

Olabide

 

Sarrera

 

Zaitegi'tar Iokin

 

 Eztuzuidazti au maite-olerki bilduma utsa, norbaitek oker uste lezakenez.

 Eberkerari gagozkiola, xir ha-xirim, «abesti bikaiñena», bear luke; ez «bikaña»

 Olabide'k dionez, «bikaiñena» baizik. Agian Salomon'en abesti bikañena esan nai

 du. Dana dala, beraren gaiean abesti bikaiñena dugu izan ere.

         Idazti au bete-betean onartzeko ta goraipatzeko, noraezan aitortu bear

 idazti onen kuxelu ostena. Au, ordea, iudu iatorrek eta Eliza Amak aitortzen

 dute soilki. Gure Eliza Amak irakasten digunez, Iainkoaren maitasarre mamitsu,

 aratz, erdots ta gurena azaltzen digu idazti onek luze bezain zabal. Ain zuzen

 ere, iudu ta kistarren antziñatearen erabateko aitorrez, senar-emazteen alkar-

 maitasun garbi, kirmenaren iduripean Iaungoikoak bere aukerako erriarekin izan

 zun gogo-batasuna azaltzen bait-du ta Elizakin eta gogo zindoekin Iaungoiko-

 Semeak izango zitun eztei ta eskontzak alde aurrez iduritzen ditu.

         Senar-emazteen alkar-maitasunaren iduria usu irakurtzen dugu Itun Zar

 eta Berrian, Iaungoikoak bere erria, bere Eliza ta bere se meei dien maitasun

 goria azaleratzeko. Iduri ori dute atsegiñenik igarle zarrak.

         Orra zenbait erakusburu: «Eta emaztetzat artuko zaitut bein-betiko; eta

 ene emazte egongo baitut zuzen eta bidez Osea'k, 11.19. «Gizon gaztea egongo

 bait-da neskatxa gaztearekin eta zure umeak zu baitan egongo dira, eta senarra

 poztuko bere andreak eta zure Iainkoak poz izango du gutaz» Isai'k LXII, 5.

 «Itzul zaitezte Azul, ene aurrak, dio Iaunak, ni izango baitnaiz zuen senar»

 Ieremia'k III, 14. 44' garren Eresiak asmo berau lenago azaldurik zun:

 

                 «Biotzetik eresi eder bat darit;

                 erregerentzat da nere olerkia,

                 ta, idazle azkarraren eztentzat dut mingaña.

                 «Gizakumerik ederrena zera;

                 adeigarria ezpañetan ixuria dakarzu;

                 argatik Iainkoak onetsi zaitu betiko». t.a.

                 (Eres, XLIV, 2, 3).

 

         Itun Berrian ere gorago aipatuen antzeko idaztuneak arki ditzakegu:

 «Emaztegaiduna, senargai da; ta aldamenean adi dakogion adiskidea, senargayaren

 mintzoaz poz pozten da. Orrelako poza, berriz, nigan bete bete da». (Ion, III,

 29) «Ordun zeru-yaurerria, ezkonberriengana, krisellu bana artuta, irten ziran

 amar neska bezelakoa izango da». (Matai XXV, 1) «Yainkoaren tukuz tukutsu

 nauzute, ba; Kisto'ri eskeñita baitzaituzt, senargai bakar Oni, neska garbitzat

 aurkezteko» (Korint. XI, 2). «Aundia da misteri au; Kisto ta Elizaren artekoaz

 au diot gero» (Epes. V, 32). «Poztu ta yauzi gaitezan, Bera goretsirik,

 Bildotsaren ezteyak eldu diralako, ta aren emaztegaya gerturik dagolako» (Ion'i

 Ageritakoan, XIX, 7).

         «Abesti Bikañena» bear danez, azaltzea ta adiraztea ez da lan makala.

 Benetako idazti antzetsuak bear ditun biotz ixuri samurra ta iduri erlantzak

 beti ditu bere. Sei atal egin diteke olerki osoa:

         1) Maitasunaren sortzea (I, 2-II, 7)

         2) Maitasunaren poza ta irrikak (II, 8-III, 5)

         3) Maitasuparen sendotzea (III, 6-V, 1)

         4) Maitasuna nekepean (V, 2-VI, 10)

         5) Maitasunaren zoragarria (VI, 11-VIII, 4)

         6) Senar berriaren etxe-sartzea (VIII, 5-14).

         Izkerari eta olerkerari begira ezkero, maite-olerkia duzu «Abesti

 Bikañena», ta eguzkialdeko ezteiak ditu oiñarri. Laztanen elkar-izketan maite

 ixuri bizi ta samurrak gaindiro ageri dira dirdaitsu, ebertarren olerkietan oi

 danez. Maitearen ederra, indarra ta zoragarria azaltzeko izadian ageri diran

 eder, zindo, indartsu ta ximen zer guztiak iraultzen ditu olerkeriak: margoz,

 usain goxoz ta ao xuriz ederrenak bide dituzu laztanen egiazko maitasun aratz

 ta zindoa agerterazteko. Emazteak senarrakin ao-musuka aritzea nai du, musu

 oiek eta maitasarrea ardoa baiño obea baitira (1, 2-4); amaren etxera eraman

 nai du (III, 4); sillutzat itsatsia izatea opa du (VIII, 6); ezkerrez burua

 irozo ta eskuiz besarkatzea nai du (II, 6; VIII;) Laztanarentzat senar maitea

 mirra-txorta bat bezela beraren ugatz-artean datzana da (I, 13), Engadi'ko

 mastietan koper-molkoa bezala da (I, 14); mendigaiñetan eta usain oneko basoan

 bizi diran basauntz ta oreinkume iduri du aren senar maiteak (II, 9, 17; VIII,

 14) basazugatzetan sagarrondoa bezela mutilletan bere maitea du, aren itzalpean

 gogotik eseri nai du, aren arnaria ao-gozagarri izaki (II, 3); maitemiñez, bere

 ardandegira sarreraztea opa du, mats-opillez ta sagarrez pizkorturik eta

 azkarturik (II, 4).

         Senarrarentzat, berriz, beraren maitea arantzartean lilia bezala da,

 neskatartean (II, 2) ederra da osorik eta naturik ez da beragan aurkitzen (IV,

 7); baratza esitu bat da (IV, 12); aren kartxirietan aurkitzen dira arnari

 bikañeko alesagarrondo, zuandor, akara, saprai, kanel, ereñotza, lerdo gozozko

 zugatz mota guziekin, mirra, lerdamin ta lurringai bikaiñenak.

         (TV, 12-14); iturri itxi ta urgune estali bat (IV, 12), ur biziaren

 iturria eta Liban'dikako latsa (IV, 15), masti bat (VIII, 11); aren ezpañetatik

 eztia dario, ezti ta esnea ditu miñazpian, eta aren yazkiñen usaia, Liban'go

 belarren atsona da (IV, 11).

         Maite-azalkizunon azal ta mamia orduko ezteien eduko dira. Ezteion

 zerbaitek oraindik ere badirau goizerrietan. Zazpi egun diraute ezteiak. Egun

 orietan senar-emazte berriak errege ta erregiña izena daramate ta alki eder

 batean eserita dirala, nonaiko irraida, izkirimiri, iolas ta maite-eresi egiten

 ditute beren aurrean; eztei-soiñeko ximenez iantzita emazte berriak berak

 ezpata-dantza ateratzen du; une ontan, aren ederraren aipua egiten dute.

 Orregatik-edo, «Abesti Bikaiñen» eko senarra Salomon'en bidaulkian (silla

 gestatoria) eserita ageri da, aren ezkontzako egun pozgarrian amak burua iantzi

 zion buruntzarekin (III, 7, 11). Orregatik-edo ageri da senar-emazte berrien

 aipu ederra, guk oi ez dugunez, egiña: emaztearen illeak, Galaad mendi-mazalean

 bera jeixten dan auntz-saldoa dirudi; aren ortzak, mozketarako basitutik, ume

 binakin ta antzurik gabe irteten diran saldoko ardiak bezelakoak dira; aren

 autza aurpegiko sare-ostear alesagar erdi biak bezelakotsu ditu (VI, 5-7); uso

 begiak ditu (IV, l); aren sudurra, Damasko'runtz begira dagon Liban'go dorrea

 bezelako da; palma bezain liraiña da, ta aren ugatzak koper-mordoak bezelakoak

 (VII, 5, g); edo basantxume bizkiak bezelakoak dira (VII, 4); aren gerriak lepo

 iduri du, arotz trebe batek egiña bezela, (VII, 2); aren altzoa, ardo ondua

 peitu ez zaion ontzi biribilla bezelakoa (VII, 3) ta sabela, liliz esitutako

 gari moltxoaren antzeko du (VII, 3), burua Karmel bezain garai ta buruko adatsa

 purpura bezain gorrixka (VII, 6).

         Senar berriaren ederra ere oi ez bezelakoa da: zuri-gorri, urre-

 utsezkoa da aren burua, ta aren ille kixkurrak, belea bezain beltzak; begiak

 ditu guziz ederki iarriak, esnez ikuzitako usoa ur-egian legozken bezela, ta

 aren ezpañak mirra uts-utsa darien liliak, aren autzek balsam-alor ta lore-

 txatal usaitsuak dirudite. Eskuak biribil ta istarriz apainduak ditu, ta

 bularra elurra bezain zuri ta zapirez apaindua; aren ankak urrezko idulki-

 gañean marmorezko abeak dira; aren lazoa Liban'en antzekoa; mintzoa gozo ta oso

 atsegintsua (V, 9-16).

         Idazti au ordea, ez da erabat erri-olerki bilduma utsa. Egia esan,

 iraizean eta axaletik bakarrik aztertu ezkero, antxiñako aigitarren eta

 arabitarren antzekoa nolarebait liteke. Asieran esan dudanez, ordea, besterik

 da olerki au. Salomon'en bidez Iaungoikoak azaldu nai zigun maitasarrearen

 agiri bikaiña, ain zuzen ere.

         Elizak, bere liturgeian, maiz darabilzki Abesti Bikaiñen ontako

 idaztuneak. Andre Mari'ri batik bat, urrengo auek egokitzen dizkio: «Saron'go

 loretxo bat naiz ni, zelaiko lili bat. Arantzartean lilia bezela da

 neskatartean nere maitea. Lilitartean azten dan nere laztana, niretzat da ta ni

 arentzat (II, 1-2, 16). «Zer da erralotartean mirra ta kedats-lurriñekin

 merkatarien usai guziak darizkiola, basotik igotzen dan ori?» (1II, 6). «Lepoa

 duzu, iskillutegitzat eraikitako ta gudari azkarren milla babeskiz apaindutako

 Dabid'en dorrea bezelatsu». «Ederra zera osorik, ene adiskide ori, ta naturik

 ez da zuregan arkitzen» (IV, 4, 7). «Baratza esitu bat, zera, nere arreba ta

 emaztea, iturri itxi ta urgune estali bat» (IV, 12). «Ederra zera, adiskidea,

 Tirtsa bezain ederra, Yerusalem bezain zoragarria, ikurrinpeko gudarostea

 bezain ikaragarria» (VI, 4). «Nor da goiz berria bezela ageri dan ori, illargia

 bezain eder, eguzkia bezain argi, ta ikurrinpeko gudaloztea bezain ikaragarri?»

 (VI, 9). «Zure lepoa eburrezko dorre bat da» (VII, 5). «Burua duzu Karmel

 bezain garai; buruki adatsa purpura bezain gorrizta ta aren txerloz errege

 lotuta daukazu» (VII, 6).

 

                                     * * *

 

         Olabide'k euskeratu zitun Itun Zarreko zenbait idazti gure esku ditugu.

 Entzun dugunez, Itun Zarra osorik euskerara omen zun. Argitarazteko bearturik

 dauden aren lekaide-lagunak beldurrez edo lur-iota dauntza. Gernika kixkaldu

 zutenean ere, Euzkadi'ko Iaurlaritzak atera bear izan zitun osorik Olabide'ren

 eskuidatziak.

         Idaztiok ezagutzeko esku ta bide dute euskaldunak oro, Olabide'ren

 idaztiotan euskera orillo betean garaturik baitago. Garaiz baimena eskatu

 genien Olabide'ren nagusiei. Ezta erantzun ere ez ziguten egin.

         Beraz, ixillean dagonak onartzen dula dirudi-ta, orra «abesti Bikaña»

 Olabide'k eberkeratik euskeratua.

 

Abesti bikaña

 

                                       I

 

 1 Salomon'en abesti bikaña.

 2 Musu eman bezait bere ao-musuka;

   zure maitasarrea ardoa baiño obea baita.

 3 Zure gantzukiak usai gozo dute;

   ta zure izena olio ixuria da;

   orregatik maite zaitute neskaek.

 4 Naramazu zurekin! goazen laster!

   Erregek bere geletara sartuko nau;

   zurekin yai ta poz ikotuko gera,

   ardoz baño maitasarrez pozikago;

   maitagarri baitzera, noski.

 

 5 Beltzerana naiz, Yerusalem'go alabak, ederra ordea,

   Kedar'ko kaparrak bezela,

   Salomon'en etxolak bezela.

 6 Ez ateman nere mintz beltxuna,

   eguzkiak kixkali nau-ta.

   Nere amaren semeak, nire aurka aserreturik,

   mastizai yarri naute, ta nere mastia ez dut zaitu.

 7 Esaidazu, nere biotzeko laztana,

   artaldea non larratzen ta abaroa non egiten duzun.

   Zertarako nenbilke ba, or andik

   zure lagunen artaldeekin?

 

 8 Ez ba'dakizu, emakumerik ederren ori,

   irten ta zoaz artaldeen aztarnak oinkatuz,

   ta larratu itzatzu zure antxumeak

   artzai txabolen ondoan.

 

 9 Parao'ren gurdiko nere beorrarekin

   erkatzen zaitut ene laztana,

 

 10 Ederrak, noski, belarritakotartean zure autzak,

     txirlarritartean zure lapoa!

 

 11 Urrezko belarritakoak egingo dizkizugu

     zillarrezko ezarkiñekin.

 

 12 Errege bere etzanguan zegola,

     nere akarak bere usaya eman du.

 13 Nere maitea mirra-txorta bat bezela

     nere ugatz artean datza.

 

 14 Engadi'ko mastietan koper-molkoa bezela

     da nere maitea niretzat.

 

 15. Ederra, bai, zu, ene laztaria; ederra noski:

     uso-begiok zure begiok.

 

 16 Ederra, bai, zu, ene maitea! zoragarria, noski!

     gure txoritokia ere loretsua:

 

 17 gure etxeetako abeak izaizkoak dira,

     ta sapai-apainkiñak nekostaz egiñak.

 

                                       II

 

 1 Sarori'go loretxo bat naiz ni, zelaiko lili bat

 2 Araritzartean lilia bezela da

   neskatartean nere maitea.

 

 3 Basazugatzetari sagarrondoa bezela

   mutilletan nere maitea.

   Aren itzalpean gogotik esertzen naiz,

   ta aren arnaria ao-gozagarri dut.

 4 Bere ardandegira sartu nau

   gañean ikurrintzat maitasarrea neukala.

 

 5 Mats-opillez pizkortu ta sagarrez azkartu

   nazazute,

   maitemiñez bainago.

 6 Ezkerraz burua irozotzen dit

   eta eskuiz besarkatzen nau.

 7 Arreri, Yerusalem'go alabak!

   basauntz ta oreiñengatik, arren!

   ez iratzarri, ez esnaerazi nere maitea

   berak nai izan arte.

 8 Nere laztanaren mintzoa! Ara non datorren

   mendiz mendi atxintxika,

   muñoz muño yauzika,

 9 basauntz ta oreinkume iduri nere maitea.

   Ona emen bera, gure orma-ostetik

   leyoan zear so, leyo-sarean ataizean ernai.

 10  Nere maiteak itz egin ta esan dit

     Yaiki ene laztana; zatoz ene ederra!

     negua yoana baita,

     euria amaitu ta aldendu da.

 12 Loreak landan ageri dira,

     iñaustaroa eldu da,

     ta usapalareri urruma gure lurrean entzuten da;

 13 pikondoan arnariak ernetzen dira,

     ta mastiak loretan beren usaya damate.

     Yaiki ene laztaria; zatoz, ene ederra!

 14 Ene usoa, arkaitz-irrikitu ta ormazuloetari oitua!

     Erakuskidazu zure aurpegia,

     entzunerazidazu zure mintzoa,

     mintzoa gozo baituzu, ta aurpegia zoragarri.

 15 Atzemarn itzatzute azeri txikiak

     mastiak lardaskatzen dituten azeriak;

     gure mastiak loretan baitaude.

 16 Lilitartean azten dan nere laztana

     niretzat da ta ni arentzat.

 17 Goiz-ozkirria etorri ta itzala igesi yoan baño len

     itzul zaitez, ene laztana

     mendigaiñeko orkatz edo oreinkumeen eduz.

 

                                       III

 

 1 Gauez nere oean ibili naz nere biotzekoaren billa.

   Billa ibilli bai; idoro, ordea, ez.

 2 Yaiki naiz, iria, bide ta zeyak arakatzeko,

   nere biotzeko kutunaren billa;

   ta billa ibilli arren, ez dut idoro.

 

 3 Iria arakatzen ari diran zaitzalleak

   yarrugi naute, ta nik galdegin diet:

   «Upatu al duzu nere biotzeko kutuna?»

 4 Eldu dut eta ez dut utziko

   nere amaren etxera,

   erdi naunaren gelara bera sartu arte.

 

 5 Arren Yerusalem'go alabak,

   basauntz ta oreiñengatik, arren!

   ez iratzarri, ez esnaerazi nere maitea

   berak nai izan arte.

 6 Zer da erralotartean mirra ta kedats-lurriñekin

   merkatarien usai guziak darizkiola

   basotik igotzen dan ori?

 7 Ara Salomon'en bidaulkia, ta inguruan

   irurogei gudari, Israelgo azkarrenetakoak;

 8 guziak ezpatari gudan oituak,

   gaueko etsaiei buruz ezpata bana gerrian.

 9 Salomon erregek Liban'go izaiz

   bidaulki bat egin du beretzat

 10 Aren zutoyoak zillarrezkoak dira,

     ta erdikoa Yeruslaem'go alabak maiteki

     landutako apaingarriak.

 11 Irten, Sion'go alabak, Salomon errege ikustera

     bere ezkontzako egun pozgarrian

     amak buruan yantzi zion burutzarekin.

 

                                       IV

 

 1 Ederra bai zu, ene adiskidea; ederra noski!

   uso-begiak zure begiok aurpegiko sare-ostean.

   Illeak dituzu, Galaad mendi-mazalean bera

   yeixten dan auntz-saldo bat iduri.

 2 Zure ortzak, mozketarako basitutik

   ume binakin ta antzurik gabe irteten diran

   saldoko ardiak bezelakoak dira.

 3 Zure ezpañak goroite gorri bat dirudite;

   zure aoa zoragarri da;

   autzak aurpegiko sare-ostean

   alesagar erdibiak bezelakotsu dituzu.

 4 Lepoa duzu, iskillutegitzat eraikitako

   ta gudari azkarren milla babeskiz apaindutako

   Dabid'en dorrea bezelakotsu.

 5 Ta zure ugatz biok, lilitartean azten diran

   oreinkume bizkiak bezelakoak dira.

 6 Eguna ozkirritu ta itzalak iges egin arte

   mirra-mendira ta kedats-muñora noa.

 7 Ederra zera osorik, ene adiskide ori,

   ta naturik ez da zuregan aurkitzen.

 8 Zatoz Liban'dik nirekin, emaztegai,

   Liban'dik nirekin.

   Itzul Amana'ren tontorretik,

   Sanir ta Ermon gañetik,

   leoi-zuloetatik, katamotzen altxabetatik.

 9 Biotza ostu didazu, nere arreba ta emazte,

   so batez, zure lepoko txerlo batez,

   biotza ostu didazu.

 10 Zeñen zoragarri zure maitasarrea, ene arreba ta emazte!

     Ardoa baiño zeñen goxoago zure maitasarrea,

     ta edozein usai baño zure gantzukiena!

 11 Ezpañetik eztia darizu, amazte ori,

     ezti ta esnea dituzu miñazpian,

     ta zure yazkiñen usaya, Liban'ena da.

 12 Baratza esitu bat zera, nere arreba ta emaztea,

     iturri itxi ta urgune estali bat.

 13 Zure kartxirietan aurkitzen dira

     arnari bikañeko alesagarrondo, zuandor,

 14 akara, saprai, kanel, ereñotza,

     lerdo gozoko zugatz-mota guziekin,

     mirra, lerdamin ta lurringai bikañenak;

 15 ta kartxiriak garastatzeko, ur biziaren iturriak

     eta Liban'dikako latsak.

 

 16 Yaiki, iparraizea, zatoz egoaizea

     nere baratza egurastera

     ta aren usayak barreyatzera.

     Betor nere maitea bere baratzera

     ta yan bitza ango arnari goxoak!

 

                                       V

 

 1 Etorri nauzu nere baratzera

   ene arreba ta emaztegai;

   nere mirra ta lurringayak biltzen

   nere orrazietako eztia yaten

   ta nere ardo ta esnea edaten.

   Yan, adiskideak; edan gogara, maiteok.

 

 2 Ni lo ba'nengoan ere, nere biotza ernai zegon,

   ta ara... nere kutunaren mintzoa deyez:

   «Iriki, ene arreba, ene usoa, ene akatsgabea,

   garoz beterik baitago nere burua, ta nere txerloak gau-intzez».

 3 Soñekoa erantzi dut; berriro yantziko al naiz?

   oñak ikuzi ditut; berriro zikinduko al ditut?

 4 Nere maiteak eskua sartu ate-zulotik

   eta nere errayak ikara asi dira.

 5 Yaiki naiz maitearentzat irikitzeko

   ta morroilloaren mingañean mirra,

   mirra bikaña, noski, esku ta beatzetatik zeridan.

 6 Atea zabaldu diot nere maiteari;

   ta ara, nere maitea, yoana zan, igaroa zan.

   Aren itzez niregandik irtenda,

   yoan naiz aren billa; ta ez dut idoro;

   dei egin diot; eta ez dit erantzun

 

 7 Iria arakatzen zebiltzaten zaitzalleek yarrugi niñutenean,

   zanpatu ta zaurtu naute,

 8 Arren, Yerusalem'go alabak, arren!

   nere maitea upatzen ba'duzute, esayozute

   maitagarrez urtzen naizela.

 

 9 «Emakumerik ederren ori,

   zure kutun ori nolakoa da?

   zure kutun orrek zer du beste maiteak baño obeagorik?

   orrelako arrenez zatozkigu-ta?»

 

 10 Nere kutuna zuri-gorria da,

     amar milla lagunen artean nabari.

 11 Urre ustsezkoa da aren burua

     ta aren ille kixkurrak, belea bezain beltzak.

 12 Begiak ditu guziz ederki yarriak,

     esnez ikuzitako usoak ur-egian legozken bezela.

 13 Aren autzek balsam-alor ta lore-txatal

     usaitsuak dirudite, ta ezpañak,

     mirra uts-utsa darien liliak.

 14 Eskuak biribil ta istarriz apainduak ditu

     ta bularra elurra bezain zuri

     ta zapirez apaindua.

 15 Aren ainkak urrezko idulki-gañean

     marmorezko abeak dira;

     aren lazoa Liban'en antzekoa,

     izayak bezin liraina.

 16 Mintzoa gozo ta oso atsegintsua.

     Olakoxea da nere maitea,

     olakoxea nere adiskidea, Yerusalem'go alabak.

 

                                       VI

 

 1 Emakumerik ederren ori;

   nora yoan da zure maitea?

   noruntz egin du zure laztanak?

   Zurekin billa goazkioke.

 

 2 Bere baratzara yetxi da nere maitea,

   usai gozoko alorrera,

   zugaztian egurasteko.

 3 Ni nere maitearentzat

   eta nire maitea, lilitartean azia, niretzat.

 

 4 Eder zera, adiskidea, Tirtsa bezin ederra,

   Yerusalem bezain zoragarria,

   ikurrinpeko gudarostea bezain ikaragarria.

 5 Aldendu niregandik zure begiok,

   artegatzen bainaute.

   Illeak dituzu Galaad mendiko auntz-saldo bat irudi;

 6 ta ortzak, mozketarako basitutik

   ume binakin ta antzurik gabe irteten diran

   saldoko ardiak bezelakotsu.

 7 Autzak arpegiko sare-ostean

   alesagar erdibiak bezelakotsu dituzu.

 8 Erregiñak irurogei dira, oaideak larogei,

   ta neskatxak zenbakaitzak dira.

 9 Baña bat bakarrik da nere usoa, nere akasgabea,

   bere amarentzat bakarra,

   sortu dunarentzat idekorik gabe.

 10 Dakusten Yerusalem'go alabak zori ontsu diotsate,

     ta bai erregiñek, baita beste emakumeek, onela goresten dute

     «Nor da goizberria bezela ageri dan ori,

     illargia bezain eder, eguzkia bezain argi,

     ta ikurrinpeko gudalostea bezain ikaragarri?»

 11 Araneko zituak ikustera,

     mastia erne ta alesagarduya loretu ote dan,

     intxaustira yetxi naiz.

 12 Ta oartzeke nere biotzak igorazi nau

     nere erriko nagusiaren gurdietara.

 

                                       VII

 

 1 Itzul zaitez, itzul, Sulam'etarra,

   itzul, itzul, ikus zaitzagun!

   Ikusi nai al duzute landa-dantzan

     nola egiten dun Sulam'etarrak?

 

 2 Ederrak dira, bai, aitorren alaba,

   zure oñak oski oriekin!

   Gerria, lepo iduri duzu,

   arotz trebe batek egiña bezela.

 3 Altzoa, ardo ondua peitu ez zayon

   ontzi biribilla bezelakoa;

   ta sabela, liliz esitutako

   gari moltxoaren antzekoa.

 4 Zure ugatz biok basantxume bizkiak bezelakoak dira.

 5 Zure lepoa eburrezko dorre bat da;

   zure begiak Esegon'go atondoko urtegiak,

   eta zure sudurra, Damasko'runtz begira dagon

   Liban'go dorrea bezelakoa da.

 6 Burua duzu Karmel bezain garai;

   buruko adatsa purpura bezain gorrixka,

   ta aren txerloz errege lotuta daukazu.

 

 7 Orren ederra zeran, ene kutuna!

   orren txairo ta atsegingarria!

 8 Palma bezain liraiña zera

   ta zure ugatzak koper-mordoak bezelakoak.

 9 Palmara igo naiz —esan dut—

   eta aren okoak artuko ditut.

 

   Mastiko mordotzat zure ugatzok,

   sagar-usaitzat zure atsaren usaya,

   ta ardo bikaintzat zure aoa izango zait.

 

 10 Berit zuzen nere maitearengana ardo au,

     nere ezpain ta ortzetatik iñotsiz.

 11 Ni nere maitearena bainaiz,

     ta aren irritsak niregana dira.

 12 Zatoz ene maitea, irten gaitezen landara,

     baserrietan bizitzeko.

 13 Mastietara goiz-goizetik irtengo gera

     mastia erne ote dan,

     pitxorrak iriki ote diran,

     eta alesagarrondoak loretan ote dauden.

     An egingo dizkizut nere maiteak.

 14. Urriloek beren usaya dakarkigute;

     edotariko arnari ederrenak aukeran ditugu;

     mardul ta zimelak zuretzat, ene maitea,

     bereiziak dauzkat.

 

                                     VIII

 

 1 Al ba'ziñut gure amaren bularrean azitako neba!

   Agirian zu idorota muxu nemaizuke

   iñork ezetsia izan eyabe!

 2 Gure amaren etxera eraman ta sartuko zaitut;

   zu irakasle izango zakit,

   eta nik ardo ondua damaizuket,

   nere alesagarren ardo goxoa.

 3 Aren ezkerrak burua irozotzen dit,

   eskuyak besarkatzen nauño.

 

 4 Arren, Yerusalem'go alabak, arren!

   ez iratzarri, ez esnaerazi nere kutuna.

 5 Nor da bere maiteari ezarrita

   yaikitzen dan emakume ori?

   Sagarrondopean iratzarri zaitut:

   antxe erne ziñun zure amak,

   antxe erne ta argitaratu ziñun.

 6 Sillutzat itsatsi nazazu zure biotzaren gañean,

   sillutzat zure besoaren gañean;

   eriotza bezain altsua baita maitakuntza,

   xeola bezain gogor tukua,

   ta aren illintiak su-illintiak dira,

   Yainkoaren garra.

 7 Ur aundiek maitakuntza ezin itzali dute;

   ibayek ere ez dute itoko.

   Bere etxeko on guziak maitakuntzaren ordaintzat

   iñork ba'lemazke, ezetsia izango litzake.

 

 8 Aizpa txiki bat dugu, ugatzik gabe oraindik.

   Zer dagikegu gure aizpatxoaren alde,

   itz egin bearko zayon egunerako?

 9 Arresi bat ba'da, zillarresko gaiña egingo diogu;

   ate bat ba'da, izaizko orriak ezarriko dizkiogu.

 

 10 Arresi bat naiz ni; ta nere ugatzak dorreak,

     aren begitan bake-ekarletzat azaldu naizanetik.

 

 11 Salomon'ek masti bat Baal-Amon'en zeukan,

     ta mastizai batzuei utzi zien,

     bakoitzak milla sikel zillar zituengatik

     ordaindu bear zizkiolarik.

 12 Nere mastiaren yabea ni naiz;

     zuretzat, Salomon, milla sikelak,

     ta aren zitu-zaientzat berreun.

 

 13 Baratzeko andre ori:

     lagunak zure mintzoaren zai daude;

     entzunerazi ezaidazu.

 

     Iges egizu, ene maitea,

     basauntza bezela,

     oreinkumea bezela,

     usain oneko mendian bizitzera.

 

                                     Amaya

 

Eraskiña

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

         «ABESTI BIKAÑ» ontako landare ta beste zenbait izenen azalpena.

 

         Akara (I, 12; IV, 14.). Nardus. Itz au Azkue'tik ageri danez,

 Larramandi'k dakar lenengoz. Arrezkero, Haranader'ek ere erabilli zun landare

 berbera adierazteko: ...«usain gozo diru handitako batez, zeina egina baitzen

 akara-buruz»(Mark, XIV, 3). Antziñatean ots andikoa zan akara-urriña edo usain

 gozoa. Itz au, gaur egunean, euskal-elertian bizirik dabil.,

         Alesagar (IV, 3; VI, 7). Olabide'k itz-berrigintzarako zegokion esku-

 ikutu bereziz, irasagar, urresagar, lusagaritz iatorren ariora antolatua,

 erderazko malum granatum adierazteko. Iakiña da, aipatu igalia, azalpean aletxo

 gorriz burubildurik dagoena; orregatik ale-sagarra. Urtsua ta iateko atsegiña.

 Abesti bikain ontan ageri danez, antziña edari bat ere egiten zuten arnari

 onekin, «Alesagar-ardoa». Alesagarrondo (IV, 13; VII, 13), Alesagardui (VI,

 11); itz auek ez dute azalbearrik, Alesagar ondoak Euskadin ere, erne ta

 zoritzen dira. Tudela'ko mejanan ikus ditezke ondo ederrak.

         Balsam (V, 13). Balsamum. Iosepu'k «De Bello Iudaico»n dionez, benetako

 balsam Ieriko'n azten omen zan. Bazan ordea Israel'en, beste balsam-landare

 bat, lerdo edo lerdamin urrintsua ematen zuna, eta Itun Zarrean maiz aipatzen

 dana, Balsamodendron Gileadense, kaizuz metru bateko zugazñoa, Galaad

 lurraldetan ugaria. Kanaan ta Siri'n biltzen ziran landare auen lerdoa

 aigitoarrak geienik erosten zuten gorpuak gantzutzeko. Gurea ez izaki,

 idazleak, bereartan utzi du.

         Engadi'ko mastiak. (I, 14). Engadi, Itsas-illaren sartaldean 130 m.

 gora, Arnon ibaiaren iztaoari buruzburu arkitzen zan. Izen aundikoak ziran ango

 mastiak, ardo bikañaren iturri. Arabitarrak Palaistina'z iabetuz gero basamortu

 soil biurtu ziran lurralde oparoak; Israel berriak ordea, lurrok okuntzatu

 ditu, eta berriz ere Engadi'ko mastiak ardo ederra darite, barneko ta landakoen

 atsegiñerako.

         Ereñotza (V, 14). Lateraz, laurus, bañan Vulgata'k, idaztune ontan, ez

 du itz ori aipatzen, beraz Uriarte ta Duvoisin'ek ere ez. Landare ezaguna da

 Euskalerri guztian; izkelgi batzuetan erramu deritzate, Bizkai osoan aldiz,

 ereñotza. Erri itza da, oraindik bizi dana.

         Erralo (111,6). Vulgatak «sicut virgula fumi», Uriarte'k «kezko

 zigorchoa bezela» Duvoisin'ek ».... khea iduri», Olabide'k berriz, iru aipatuek

 baiño egokiago eberkerari iarraituz, «erralotartean». Erraloak, txiñurri-kabi

 ta zomorroak itotzeko lugiñek soroetan egiten dituten keak dituzute. Azkue'k

 Gipuzkoan (And.) iaso zun aipatu itza.

         Galaad (IV,1) Genesaret aintziraren egoaldetik Aron ibairañoko

 lurraldeak Galaad'ko mendiak zeritzaten, oianez estaliak eta larre guritsuak.

 Mendi aietan bazkatzen ziran Israel'go artaldeak.

         Gari, gari-moltxo (VII, 3) «acervus tritici» (Vulg. VII., 2) «ogi-

 murrua» Duvoisin'ek. Eguzkialdeko izkelgietan ogi deitzen da garia. Baiñan

 azken itz ua egokiagoa dugu gari-iriñez egin ogi'tik bereizteko.

         Goroite (IV, 3) «Zure ezpañak goroite gorri bat dirudite». «Sicut bitta

 coccinea, labia tua» (Vulg. IV, 3). Duvoisin'ek «Zure ezpainak eskarlatazko

 cherrenda bat idu ri», Uriarte'k, aldiz, «Zure ezpañak granazko lokarria

 bezelakoak». Goroite Naparroa Garaiko itza, zurdaz egin lokarria.

         Intxausti (VI, 11), «Descendi in hortum nucum», D.'k «Jautsi naiz

 heltzaurretako baratzera» U.'k «Jatsi nintzan inchaurren baratzera», O.'k

 aldiz, «intxaustira yetsi naiz». Intxaurra, elzaurra, arnari ezaguna Euskalerri

 osoan.

         Izai-a (I, 17; III, 9; V,15 t.a.). Cedrus Libani. Liban'go izaiak

 entzute andikoak ziran eta dira. Zugaitz au, lerkarien saldoko (coniferas)

 duzute, lerrondo, nekosta eta beste batzu bezala. Izai zura lan apain eta

 iasoetarako erabil oi zuten. Zugatz au lerden, garai ta itzaltsu izaki, maiz

 gertatzen da Itun Zarreko liburuetan irudi garbal bezela. Euskalerrian ere

 ba'dira izaiak, ez ordea Liban'goen einekoak. U.'k eta D.'k, «zedroa» itzultzen

 dute.

         Kanel (IV, 14) «cinamomum» V.'k, «zinamoma» D.'k, «kanela» U.'k.

 Landare au ez da gurearteko, beraz berean utzi digu idazleak. Urrintsua ta

 ezaguna, bizirik ezpada ezpaldurik ta igarrik. Abesti Bikañean aipatzen diran

 landarak urrintsuak dituzute geienbat.

         Kartxiri (IV, 13). Erronkari'ko itza, baratza eze ta ureztatua

 adierazteko. Olabide baiñon askoz illunagoak dira, une ontan eta beste askotan,

 Vulgata eta aren iarraileak, eberkeratik gaizki itzulirik baitaude, eta ez da

 aietan izkera tinko bat ageri.

         Kedats, kedats-muño «ad collem thuris» (IV, 6). Uriarte'k

 «intzentzoaren mendira», ditzul. Kedats, itz berria da intzentzu ordezkatzeko.

 Ez nuke esango nork antolatua, baiñan zabalgo aundia iritxi du euskal-elertian.

 Intzentsu edo kedatsa, landarrenegan urrintsuz egiña duzute, ikatz-txingar

 bizietara iaurtiz ke-lurrin gozoa emateko. Mirra, gaban lurrintsua (Persi'ko

 kolkoan ugaria dan lore baten kukula), Arabi'ko kedatsa, eta batez ere Indi'ko

 intzentsua (Boswelia thurifera), aubai zen kedats guzietan bikañena, naasirik

 egiten gan.

         Koper-molko (I, 14) «Botrus Cypr'i» Vulgata'k, «ziprozko mordoa» U.'k,

 «Zipreko mahats-mordoa» D.'ek. Euskalerrian ez da ezagun aipatu landarea, beraz

 idazleak, bere artan utzi digu, eberkeraz. Baliteke koper mats berezi bat

 izatea.

         Lerdamin, lerdo (maiz). Lerkarien saldoko landarak ematen duten

 erretxin edo negarra duzute berez. Baiñan beste landare batzuen negarrari ere,

 lerdamin diotsagu, ala nola mirrarenari. Terebinkarietako landareak ere

 lerdamin urrintsua darite.

         Liban, Libanus (maiz). Mendi-kate zuri esan nai du bere tini garaiak

 (3.000 m) elurrez estalirik beti ere dituelako. Bi mendi-kate dira, elkarzutak,

 Palaistina'ko itsasertzeraño dioaztenak. Sartzaldeko Liban, Mediterraneoraño

 dioa, Sortzaldekoari Antiliban deritza, eta bestea baiño garaiogoa da. Damasko

 alderuntz ietsiaz dioa eta egoalderuntz Hermon mendi garaiaren urbillean (2.860

 m..) bukatzen da. Arabitar olerkariek diotenez, Liban neguz buruntzaturik dago,

 udaberriz iantzirik eta bere magalean udazkena dauka, oiñetan aldiz, uda beroa.

 Eta ala da izan ere, maillaz-mailla aren mazelak ietxirik. Idazteunean usu

 aipatua.

         Lili (II, 2, 16 t. a..) «Lilium convalium» Vulgatak, «Ibarlili» O.'ek.

 Lilikarietakoa, zitori ere esaten zaio euskeraz, urrintsu ta txuria, garbitasun

 eta araztasunaren iduria.

         Lore-txatal (V, 13) «Aren autzak... lore-txatal usaitsuak dirudite»,

 ots, lore-osto edo petalak.

         Mirra (IV, 14; V, 1, 5, 13 t. a.) Mirra-txorta (II, 13); mirra-mendi

 (IV,6) t. a. Mirra-zuaitza, iru metru goiberaz, akezi arbolaren antzekoa da eta

 ba'ditu aran tzak ere. Landara au Arabi'n bizi da. Udaberri ta udazkenez, berez

 izerdi txuria iarioten du, negar-txorta iduri. Mirra aintzat zeukaten zerion

 lurrin gozoa zala-ta, baita osakuntzarako ere ona zalako. Gantzukiak ere mirraz

 egiten zituten. Aigitoarrek batez ere gantzukiok illak gantzutzeko

 zerabilzkiten.

         Nekosta (I, 17). Azkue'k ez dakar, Elizalde'k bai ordea, bere

 «Toponimia Vasca'n. Cupresus. Zuaitz onen zura ere ospe andiko zan. Badira

 Euskalerrian ere nekostak, beuren itzal belunez illerriak zaitzen geienbat.

         Okoa-k (VII, 9). Lakoizketak bere landare-tegian dionez, edozein

 landarek darizkion mordoak adirazteko erabilli oi da Goi Naparroan. Beraz,

 ederki Olabide'k Palma-okoak.

         Palma (VII, 8, 9,) Gurea ez da landare au, ala ere ezaguna sortzaldean

 ta lurralde epel-xamarretan. Palma zenbaitek arnari gozozko okoak damazkite,

 datilokoak alegia.

         Pikondoa. (II, 13). Auxe bai ezaguna bazter guzietan, gurean ere bai.

 Alare erriak dionez, Otzandion (B) pikorik ez omen da zoritzen edo eltzen. Otz

 geiegi nunbait.

         Pitxorra (VII, 13). Goi Naparroako itza au ere. Azkue'k

 Arakistain'gandik bildu zun. «Pitxorrak iriki ote diran», ots, landare-ninikoak

 (gemma yema).

         Sagarra (II, 5 t. a.), Sagarrondo.... Irakurleak ondo ezagutzen ditu.

         Saprai. (IV, 14) Crocus. Erderaz azafran. Euskalerrian ez dago

 saprairik, bañan euskerak erdel itz ori egokitu eta beretu du, eta Olabide'k

 erriak bezala darabil. Au ere landare urrintsua, margoz orizta; antxiñatean

 margogintzarako ere erabil oi zuten. Egun ianariak ontzeko derabilte eta

 margozteko.

         Saron'go loretxoa (II, 1). Vulgata'k «flos campi», D. et U.'k, «kampoko

 lorea». Eberkeraz ordea, Olabide'k bezela dio. Saron, Karmel-mendi ta Iope

 bitartean edatzen dan ibarrari zeritzaion, Palaistina'ko ibarrik emankor eta

 aberatsena. Zelai artan, mota guzietako lore ta arnariak bildu zitezkean, eta

 entzute aundikoa zan israeldarren artean. Egun ere, mendez-mendeko mortu-aldi

 baten ostean, emankortzen ari da Saron'go ibarra, antxiña ezagutu zitun

 edertasun guziekin apaintzen, Israel berriko seme kementsuen arnas berora.

         Urrilo (VII, 14) mandragora. «Mandragorae dederunt odorem» (Vulg., VII,

 13), «Urriloek eman zuten usaya» U.'k, «Urriloek edatu dute beren usaina»,

 D.'ek. Olabide'k, berriz, «Urriloek beren usaia dakarkigute». Bere

 aurretikoengandik iaso du Olabide'k itz polit au.

         Zuandor (IV, 13) ligustrum (cornejo). Vulgata'k ez du aipatzen itz au

 ezta Bonaparte'n itzulari biek ere. Itza ta landarea, noski, ezagunak dira

 Euskalerri osoan.

 

 


inprimatu