inprimatu
Nere izarrari
Izenburua:
Nere izarrari
Sinadura:
Salbatore Mitxelena
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mitxelena, Salbatore

Argitalpena:
Euzko-Gogoa.
Urtea:
1950
Argitalpenaren urtea:
Alea:
11/12
Orrialdea:
3

 

Nere izarrari

 

Mitxelena.

 

                       (Donostiko azken olerki-guduan lenbiziko saria eramana.)

 

                                 «Bertso bida bear ditut kantatu

                                 izarrei: zer zaidan gertatu...

                                 korputzak ar dezan deskantsu».

 

 Arratsik arrats zeru urrutian nirñari,

 maite-kupiraz zagerkidan izar argi:

 

 beste askotan legez natortzu gaur ere

 ixilmixil bat izan nairik zurekintxe.

 

 Aski izaten dut leiotik tinka zuri so,

 biotz-axanpak jaulkiz izketan jartzeko.

 

 Orduonean zindudan, bai, aukeran jo,

 nire ixkutuak axaltzeko aboz-abo.

 

 Zuk ez bai'duzu, lurtarrok lez iñor saltzen,

 aditu-ala ixillik duzu gordetzen.

 

 Deitzen dizudan bakoitzean: «Nere Izarra!»,

 darantzuidazu: «mintza adi, seme lurtarra»

 

 Ta amen zatozkit hainbeste luzeko bidez

 lagun gaixo oni «Gabon» ematera maitez...

 

 Maitasunezko zure errukiaren argiz

 Goza didazu zuk bekokia hamaika aldiz,

 

 Biotz-kezkaen sarigarritzat, il-ondoz,

 zaudeneko ortan Zeru bat dala adirazoz.

 

 On ta otxana zera, zerutar argia,

 on ta otxana ta ixilla ta maitatia....

 

                     * * *

 

 ...Gaur, baña, Izarño kutun orrek ba-zeneki

 zein beste dudan atzotik gaurko ikuspegi!

 

 Gogamenaren ortzeak odeirik ez dit;

 Bat-batez, samin danak poz biurtu zaizkit.

 

 Pakea sor zait, oskarbi orren pakea,

 Jaungoikoaren zolitasunez betea.

 

 Nere-baitako laiotzean azterkari,

 Goi-argitara ona zer dudan nabari:

 

 Samari'ko osin ura, Sikar'ko iturria

 Eguzkitan, ta Yesu bertan exeria

 

 Antuxiñetik bere Ur bizia eskeñiz»

 «Edan —esaten—, ez aiz egarriko berriz»...

 

 Eskale antzo urbil natzaio albetan;

 Edan dut, edan, Jainko onaren eskutikan...

 

 Ta bertan..., mundu guzia arkitu dut berri!

 Oro garden, bai, oro iztun, maitagarri...!

 

 Es nuen uste, ez onen edergarria

 zitekeanik sor zaidan egunsentia!

 

 Beste begiz dakusat orain izadia!

 Bestelako biotzez maite dut bizia!

 

 Atzo miñaren negarrik ezin zeridan.

 Ta gaur pozaren malkoa dut begietan.

 

 Zure susmurra berbera gaur Zoliago

 aditzen dizut, ta ulertzen obekiago.

 

 Millaka izarño zaudete betiraunean

 giza-begiak zuenganatu naiean...

 

 Biotzak diraust, Zeru eder orren pean

 nola gizona onen gaizto ditekean...

 

 Millaka izarño yainko-geznari or ernai...

 Baña satorrak lur-zuloa baizik ez nai.

 

 Ez ote, griñaz lañotuta dagolako?

 Ez ote entzungor zuen mintzaira aditzeko?

 

 Ezin ulertu, Zeru eder orren pean

 Nola gizona onen gaizto ditekean!!

 

                     * * *

 

 Zuk behintzat jarrai ziri izketan, Izar maite.

 Gaurkoz alare..., agur, baña bihar arte...

 

 Emen itxoingo dizut, gau ontan bezala.

 Ta gaur baño re obea arki nazazula!

 

 ... zure irudira nakusazula... argia,

 on ta otxana, ta ixilla, ta maitatia...

 

                                                                           1950

 

 


inprimatu