inprimatu
Gorrak begia belarri...
Izenburua:
Gorrak begia belarri...
Sinadura:
JosAnton Artze
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
JosAnton Artze

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1999
Argitalpenaren urtea:
Alea:
32.zk.
Orrialdea:
5-7

Gorrak begia belarri

 

JosAnton Artze

 

 Gorrak begia belarri

 itsuak, belarria eta eskua begi

 mutuak eskuak mihi... eta begiak hitz.

 

 Gizasemea ahoz

 mintzo da baten ere...

 emakumea begiez!

 

 Bihotzetik ahora

 egia gezurtu daiteke bidean.

 Eta bihotzean egia zena

 ahoan gezur izan.

 Ez bihotzetik begira bidean tarterik ez

 bihotza bera baita

 mintzo dena begian.

 

 Kontuz zeure begiokin

 bi ahoko ezpataz baino barrenkiago

 zauri dezakezu eta gutxiena uste duzuna

 begiratu zabar batez

 

 zaindu zure begiok

 lantzarik luzeenak egin dezakeen

 zauririk sakonena baino

 are zauri sendakaitzagoak

 goxa eta senda ditzakezu eta erabat

 begiratu soil xamur batez.

 

 zorionean garenean,

 zorigaitzaz ahazten

 eta zorionaz ez oroitzen;

 guztiaz ahaztuz,

 ezertaz ez oroituz.

 

 zorigaitza heltzean

 ez gara zorigaitzaz ahazten

 eta bai biziro zorionaz oroitzen

 guztiaz gara oroitzen,

 ez gara deusetaz ahazten.

 

 zorionean zorionaz oroitzen ez eta

 are zorion iturriaz ahaztenago garenok

 zer behar ote dugu

 oroitzekoaz ahatz ez gaitezen

 eta ez ahaztekoaz oroit ?

 

 Ez ote beste biderik?

 zorigaitzak jo behar ote,

 genuen zorionaz, ez dugunean bederen,

 ohart gaitezen?

 Begiak galdu behar ote,

 ikus genezakeenean ia begiratu ez geniona,

 ikus ez dezakegunean ikus dezagun?

 

 Hala gertatu ohi zaigu

 zorionaldian ez dugunoi ikusten

 zorigaitzak etorri behar guri, errukiz,

 ikusten laguntzera.

 

 zeren, zeren, zorigaitzak astinduko ez bagintu aldizka,

 esnatuko ote inoiz lotan dagoen zenbait,

 egun argitan ere esnatu ezinik

 ametsetan dabilen hainbat?

 

 ikusiko inoiz, bestela,

 inoiz zakarki jipoitzen gaituen ukabil gogorra,

 arestian leunki laztantzen gintuen esku biguin berbera dela?

 

 zorionekoa, bada, zorigaitzak astintzean,

 baldin zorionean ikusten ez zuena

 zorigaitzak ikuserazi badio;

 zorigaitozkoa bazen zorionean

 ikusten ez zuelako,

 zorionekoa baita zorigaitzean

 ikusten duelako.

 

 zorigaitzak ez baligu tarteka hortzak erakutsiko,

 zeini litzaioke zoriona zorion?

 Ez gu bezalakoei behintzat.

 

 zorigaitzak astinduko ez bagintu aldizka,

 esnatuko ote inoiz lotan dagoen zenbait

 egun argitan ere esnatu ezinik

 edo, ugariago, esnatu nahi ezik,

 ametsetan dabilan hainbat?

 

 eguzki berberak ohi duen bezala

 hor izotz gogorra biguintzen,

 han buztin biguina gogortzen,

 berdin-berdin zorigaitz berberak

 bihotza samurtzen batzuei, esnatu nahi dutenei,

 are gogorragotzen aldiz besteei, esnatu nahi ez dutenei.

 

 zorigaitz bera hark bedeinkatzen,

 honek madarikatzen;

 hark bedeinkatuz, zorigaitza zoriontzen,

 honek madarikatuz, zorigaitza gaiztoagotzen!

 

 Bada ez bada ere, ez ote genuke hobe guztiok

 ez ote genuke arreta berezi batez,

 ohi dugun baino zorrozkiago,

 begiratu behar batik bat

 zoriontzat daukagun zorion zoriontsuari,

 ea benetako zorion dugunez,

 eta zinezko zorigaitza,

 zorigaiztzat daukagun zorigaitz gaiztoa den.

 

 Bada ezbadakoa baino, baitezpadakoa da kontua,

 gerta baitakiguke erraz asko,

 sarritsuegitan gertatu ohi zaiguna:

 zoriontzat geneukana geure zorigaitzerako izatea

 eta zorigaiztzat geneukana zorionerako.

 

 zerk dakigun on eta zerk kalte ez jakiteak bezala

 ezer gutxik baitigu kaltea kalteagotzen

 eta ona batere ez hobeagotzen.

 


inprimatu