inprimatu
Gerla Handiko kantuak
Izenburua:
Gerla Handiko kantuak
Sinadura:
Jean Barbier
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Barbier, Jean

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1998
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
20-23

Gerla handiko kantuak

 

Jean Barbier

 

 -1-

 

 Hiru hogoi eta hamarreko soldado zahar maiteak,

 Ez zaituztet nik mendratu nahi, sobera zaizte handikk;

 Bainan zuhaurek erranik dakit badirela jaunen jaunak,

 Gerla huntan ditug'ikusi soldadotan handienak.

 

 -2-

 

 Gerla handiko soldado gaitzak zuen ongi goresteko,

 Otxalde eta Elizanburu koplari ziren beharko.

 Heien eta Zaldubiren orde ote nauzue nahiko,

 Bozez mila banitu gaur nere, oro nuzke zuendako.

 

 -3-

 

 Aboztuaren bian, ezkila, gure Eskual mendietan,

 Banbaka hasi zitzaukularik, herri xoko guzietan,

 Oro nigarrez, ixil ixila, gure etxe xurietan!

 Bazen orduan, jauzi ederrik, Eskualdunen bihotzetan.

 

 -4-

 

 "Adios aita, adios ama, adios ene laguna,

 "Adios ene herri maitea, herrietan maiteena!"

 Bihotzean ezarri ondoan gure Nausi Jesus Ona,

 Lerro lerro joan ginen oro, etsai higuinaren gana.

 

 -5-

 

 Eta gero handik berehala, oi egun izigarriak!

 Belgikatik herrestaka heldu, gose eta egarriak;

 Launazka elgarreri lotuak'ta lokartuak...

 Beharbada jaten duelakotz, lokartzen den gosetuak.

 

 -6-

 

 Bainan huna Buruileko goiz bat, goiz orotan ederrena,

 Huna gure zeruko Amaren munduratzeko eguna;

 Huna Joffre, huna Marne ibaia, huna bitoria huna

 Gure baioneten aintzinean ihes zoan Alemana!

 

 -7-

 

 Bainan zorigaitzez gero laster, gure soldado maiteak,

 Erreka zilotan sartu ziren, sator eginak guziak.

 Eta nolako sator eginak! Zer izigarrikeriak!

 Verdun-ez aipatzean, xut xuta emaiten zaizkit ileak.

 

 -8-

 

 Errabietan, hilen gainetik iraganez, Alemana

 Burrustan heldu zaukun orroaz, Parise handia gana.

 Ziloa tapatu behar baitzen, ahalik'ta lasterrena,

 Hatsanturik harat hupatu zen soldadotan hoberena.

 

 -9-

 

 Gain hartara hurbiltzearekin, oi gerlaren antsia!

 Zer burrunba, zer ihurtzuria, burdinezko erauntsia!

 Harat igan soldado gaixoa ez ote zen ehortzia?

 Xuti hadi, eta harriturik behazak beha, Frantzia!

 

 -10-

 

 Jeneral nausiak erran zuen : "On ne passe pas! Halte-lá!"

 Eta manu izigarri hori atxiki zen hala hala.

 Etsai higuinak han higatzen du, orroaz bere ahala...

 Trebes emanak hantxet zinezten Frantsesak mila'ta mila.

 

 -11-

 

 Verdun-go berri ez dakienak deus handirikan ez daki;

 Ematzu nahigabe guziak, ez duzu erraiten aski

 Gose eta egarriarekin, indarrak oro juaki...

 Eta halere xixpa eskuan soldadoak han egoki!

 

 -12-

 

 Zeru bat! erranen baitzinuen Galbarioko iluna;

 Erauntsiak gainetik burrustan, zangotan basa zikina;

 Belaunetarainokoa, basa, oro iretsiz zoana,

 Gure alde aldean, askotan jaten baitzaukun laguna!

 

 -13-

 

 Bazterrak oro ikaragarri, oro xirtxirikatuak,

 Haragi bizian bezen barna, mendixka hek irauliak;

 Ez ikusten nun finka zangoak, ez eta ere begiak,

 Oro zilo, oro zauri puska, non nahi soldado hilak.

 

 -14-

 

 Azken judizioko erreka hola bide da izanen...

 Ez arbolarik ez aldaxkarik, loreño bat ez ikusten.

 Herioaren erresuma da ilunik hemen hedatzen,

 Atzo horiek eta egun hauk lerroan oro erortzen.

 

 -15-

 

 Eta herioa beti heldu, orotarik hegaldaka,

 Gau et'egun xixtuka, orroaz garrasian, burrunbaka,

 Erhotuak bezala, kanoiak ehunka eta milaka,

 Zilo harri eta bularreri, urrundik ari zafraka.

 

 -16-

 

 Lanho eta ke pozoindatuek, begiak erreak,

 Zaurituak'ta zilokatuak, "urtzen" erreximenduak;

 Tresna izigarri hoien kontra, ezin du deus soldadoak...

 Ama gaixoak ikus balitza Verdun-eko bere haurrak!

 

 -17-

 

 Gibeletik harat ezin etor den gutien laguntzarik...

 Mundua? Bainan hor gibelean ote da ere mundurik?

 Eta lurrarekin bat eginak, zilo hetan ehortzirik,

 Frantses soldadoak han egoki, hitz bat gabe mututurik!

 

 -18-

 

 Aintzin ezker edo eskuinean, norat ari da gudua?

 Deus bertzerikan hek ez dakite, baizen tokian hiltzea.

 Bere aldean erori zaion lagunak odolstatua,

 Noiz eroriko den ote bera? Horra han bakar gogoa...

 

 -19-

 

 Eta geroan goizalde batez, noizpeit jautsi delarik,

 Ezin sinetsia dute orok, hek ditezkela bizirik...

 Ikaran eman hadi Frantzia ez dukek hor urguilurik,

 Munduak sekulan ez dik izan hoin handiko soldadorik!

 

 -20-

 

 Nola ez eraman bitoria, holako soldadoekin?

 Hegalez zaflaka, bitoria, Frantzia eman hirekin!

 Betidanik gudu handietan, delakotz zuzenarekin,

 Jainkoak begiratu zerutik eta eman duk gurekin.

 

 -21-

 

 Suiza-tik eta Nort'itsasora, ikaran hor aintzinean,

 Etsaia xixpak bizkar gainean, gineraman azkenean;

 Gure Foch gaitzak zafratzen zuen, lehengo Marne ibaian,

 Castelnau oldar izigarrian saltatzera zen abian...

 

 -22-

 

 Eta gero San Martin goiz batez oi gu ororen loria!

 Lau urtez entzun orro handia-bet-betan zen eroria!

 Clémenceau zaharra erhotu zen erhotu Frantses Herria,

 Elizan ezkilen zalapartaz dardarikatu dorrea.

 

 -23-

 

 Gora beraz Frantses soldadoa, gora bai mila'ta mila!

 Erran die: "hire aintzinean belaunikatu beharzela!"

 Hiru hogoi eta hamarrean belek ebatsi hegala

 Arranoari diok ekarri, ixuriz hire odola.

 

 -24-

 

 Zoin handiko zorra diotegun hil diren soldadoeri,

 Soldado gaixo hoien artean, gure hil Eskualduneri!

 Ja lehertu uhaineri esker nola lama leihorrari,

 Hil direnen uhaineri esker, heldu gaizkok gu,... gainari.

 

 -25-

 

 Azken hitza zuri Jaungoikoa zuri ere Ama Ona,

 Zueri esker bizi baigira, bizi Frantzia guena.

 Eta hik gerlan odol husturik erori haizen laguna,

 Lurrean badukek amodio, zeruan aldiz korona!

 


inprimatu