inprimatu
Testamendu nomada
Izenburua:
Testamendu nomada
Sinadura:
Hawad
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: L. Etxezaharreta)
Egilea(k):
L. Etxezaharreta
Hawad

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1996
Argitalpenaren urtea:
Alea:
26.zk.
Orrialdea:
33-37

Testamendu nomada

 

Hawad

 

 Oi nere itzala

 gure mundua zirimola da

 ekaitz furfuri

 dio heriotzak

 bizia

 bere ahizpa biritxiari.

 Heriotz bertikala.

 Biluzirik zutik

 ilunabarreko kobre zimurtuari.

 Ez dakit bihar

 gutarik zein kondenatua izanen den

 zu, zure artearen zizelkaria

 mugarik gabe erdiarazle

 ala ni zure obrei espazio emailea

 etengabe garbitzaile.

 

 Orduan gauak maska beheititu

 bikote hipokritari.

 

 Berantago

 isiltasunaren eta harrien ezteiak

 kantatzen zituen ttirrittaren hipakoez

 erantzuna ortzantza bezala jo zen.

 

 Geldizkik kriskitinak

 hi igela

 eta utzak armiarma ahanzduraren ehaiten

 seska dolutuen intzirietarik baizik

 ez baita egia jalgiko,

 uraren alargun den lurraren

 nigar eresi arraildua.

 

 Mustrarako tunikaz

 lepo eta bizkar kurtuekin

 Ti-n-El xirribikaria

 Ti-n-El kantaria

 populu bidelariaren parrean

 zutik jartzen da.

 

 Oi bidaian finkatu arantz ziztak

 egunaren atzartzea gauak kaskolarrutzen duenaz gero

 mila urtek nehoiz bilduko ez duten

 goiztiriaren ezpatak behexi aintzin

 urradurak peaxa ditzagun.

 Urrutian haize geriza xehatuaren gibelean

 harearen geometria alkimikan botatu oihal ilunak

 erasorako geziak errotik kentzen ditu

 jatorriaren ibaia husten da

 lokatzaren gainera

 karabanak apar berriak isurtzen ditu

 basalta ile eta brontzezko hobi kizkaliak iduri

 eguzki sartzearen zimurdura odoleztatuak su lotzen dira.

 

 Nork begiratuko dio eskarabearen geomantziari

 ez bada ironiaren irri gaixtoa?

 Gerlari insektoak

 eta buzoka bafadak eta abere behatz gorostiak

 bidexkak zorrozten ari

 infinitoa gutan oinarritzen da.

 

 Ene karparen itzal bela

 zingila batentzat.

 

 Kuia gorraska kopeta hits

 eguzkiak borobiltzea bururatzen du

 hutsari

 lotu xirrika batek altxatu

 kaneta pizutua iduri.

 Zazpi egun eta zazpi gau geroztik

 leinuaren gainean

 goizalbatik ilunabarreraino

 beso eta lantzak gorritzen direla

 giza besoak eta zelaren beso kurutzatuak.

 Begi nomada zurratuak luhartzearen muina xurgatzen du.

 Gau eta egun

 aranbelak tinkaturik

 azotea joka

 matrailek aho burdinak ehotzen

 eta soken korapiloa burrunban.

 Oihu zorigaitzezkoa dardaratuko den

 atabalaren gainean

 Arotz Nagusia belaunikatzen.

 Dena gerturik dena lotua.

 Gizon eta abereak

 jestu eta hasperen ximera

 ekaitz bridatuak

 bakoitza beha leinuaren harroion batek

 lurrari estekatzen dituen loturetarik bat hauts dadien.

 Soin eta abots, bilduen borroka

 kameluzain eta zaldunak grenatean bustiak

 indigoaren tinta iheslari antzutua

 arrano eta apalatz bide idekitzaileak

 arroatzaile harrapari maskatuak

 ileak kukulen moduan orraztuak

 beilari auhenkalarikak

 ama itsasotik behexia den

 ur ttanttaren hileta kontzertua.

 

 Kamelu eme zahar orbainduaren gainean

 Attawal eroak, urrutien ahitzaile xifrituak

 nostalgiak janak

 bularra talismanez hanpatuak

 eskuak kopetan

 ninika dardo

 begia finkatzen

 Ti-n-Elen eraztunetan

 jende nahas mahasean zilarrezko uhain direnetan.

 

 Oi Ti-n-El

 hainbat gortelari ikusi ditugu

 tximeleta ibiltari

 Pleiaden gau beilatik itzultzen,

 bainan suaren betileak

 zizelkatzen dituen

 irrino batez sutu zure aurpegitik

 ez da so bakar bat itzuli denik.

 

 Ur askaren pean mahastiaren sapa irakituak

 lotua duen leiztafina iduri,

 ene kamelu eme arbasoaren hedeak

 zuretzat hautsiko ditut.

 Sutearen dantza,

 har uhalak:

 Oi emazte altxatua,

 ilaun zutitua.

 Zirimolak

 ezitzultzearen makila hartu aintzin

 eta bokalearen ondartza hustuei

 bere kopeta eskaini aintzin

 erraguzu

 Harmatanari abandonatu hostoak bezala

 eramaiten gaituzun mundu hori

 zoin buztinez orratua den.

 

 Entzun ongi Attawal.

 Tximistaren urraduratik

 ihurtzuriaren zainetarik

 eta konstelazioen purruskatzetik,

 hazia erditu baino aspaldi aintzinago,

 sortaldean su hazi bat piztu zen

 su harriaren haustetik

 eguna eta gauaren kraskatzeen kontra.

 Orduan

 behextearen jujubieraren adarrei

 plazenta lotu zen

 eta haizea berriro isiltasunarekin ezkondu.

 Gero, zeru jeloskorrak

 lurraren edertasunaren gainera

 nigarrak isuri zituen.

 Lohitik xotx bat jalgi.

 Lipua hil mihisearen ehaiten hasi.

 Ttirrittak kantatu zuen,

 kalaka eguzki arraxinaz mozkor

 eta hitzak jestua estali.

 Geroztik mundua txinaurrikara

 txinaurri mukurru da lanbroan.

 

 Zein ninika Ti-n-Elek

 misterioaren magaleko

 perla ohatu agertuko du?

 

 Hutsaren hutseko gaua Attawal

 eta berdin munta da

 haizea sortzen duen zirritua.

 Norabideen zutabe diren

 izaitearen zazpi poloen orrazea

 ferekatu duen gorputza gurtu da

 zirika malguz

 bere abiatzearen notak besarkatuz,

 

 Ilaunaren mihi

 kosmosaren mugimenduan sustraitu hatsa

 oroimenaren xingola irensten dut.

 

 Attawalek lurrera jauzi egiten du

 eta jendetzatik kanpo dator

 urrats ospetsuz.

 Bere tunikaren hegala apaltzen du

 eta, kanta epikoarena begistatzen.

 

 Hi, oreinkume intsumitu lepoduna

 afalahlah lilien hitz pozoindatuz

 Venusetaz jelos izaitea

 utz ezak.

 Granitazko bihozdun odol zainetan

 kaosa ereiten duten

 hire urratsen atzetik

 mundu osoa kordoka zoak

 barna diren erroetarik

 adar zerutiarretaraino.

 

 Ahahahah

 oihartzunaren loan

 eta buztinaren oskolean

 behaztopatzen ari den irria.

 Zaia urdin eta xuriak

 zetazko ortzadar

 gerrikoan itzulikatzen ditu

 eskuak hanketan finkaturik.

 

 Isiltasun geldiaren aintzinean

 hilortzen ari den kameleoia

 metafora meta nahasia den

 soinu sukar hori zer ote da?

 Hezur eta haragi

 ene oihuaren aukona

 atotsiko duen amandaren bila nabil.

 Zuei,

 bidelaritzaren jendeei,

 luhartzearen burtzoroetan exiliatu.

 jeinu erratu baten haurrei,

 zuei,

 ez gehiago gibelera itzultzea

 agintzen dizuet.

 Beren seaskaren gainean

 termitek eraikitzen dute

 eta inperioa lehertzen da

 ur putzua suntsituz.

 Tinka hede eta gerrikoak

 luza bridak.

 Bidexka geldiazen ez den soka da

 etapa zimiko laburra.

 Desertuko legeak

 jarri nahi den edozein lotgune

 biluzi eta moztu nahi duen

 ezpata bortitz dira.

 Attawal, ez hadila itzul gehiago

 hare ordulariaren gotitzeraino.

 Nabal zorrotza

 orratz ferdeak biktimaren gainean jartzen duelarik

 nork bilduko ditu arrasa eta karkasa

 ez bada suaren lotgia.

 Gerla egizak karrari Attawal.

 Zorigaitza dariola

 aitzeiru izerditua

 punalatzen duen eskuari.

 Trantsearen ilauna histuka ari delarik

 zapaburuek ere itxindiaren tunika janzten dute

 eta izarbideen palmak juntatzen.

 

 Tinta hortzikatzen duten kantariden haserrea

 eta amets ziliportatuak

 ispiluaren fragmentu

 iragan denboretako egarriaren so haluzinatuak.

 Dibortzioa erre berri duen

 tortoilaren ezteietako kolierarentzat

 hutsaren zaflakoak perla eta bihiak biltzen ditu.

 

 Luma gogortua kordokan

 zelai harrituan

 hiruki higatu eta zilatuaren

 punta maltzurrak lerrokatzeko

 iragana, oraina eta geroa desehainik.

 Hunkigaiaren ilauna eta ezinikusiaren sutea

 bereizten dituen bazterretik haraindian

 soa itzaltzen da

 eta entzumena isiltasunaren leizean hondoratzen.

 Ebidentziaren peaxatzaile den jestuari

 toki egiteko

 hitza atzeraka doa.

 Eta aztarnen idazkera jalgitzen da,

 ausentziaren keinu trakets,

 desertuan erein edertasun bihi.

 

 Bere itzalpean zureria mustupilkatu da

 eta ene gogoa, erotasunak garbatuko dituen

 mila zurdetan harilkatzen da.

 

 Orduan, zirimola eta leize burtzoragarrien artean

 zaien plegu eta treza beltzek

 eta zilarrezko petentek

 trantsearen kadentzia eta hegaltara

 aurkitu zuten.

 

 Eltze puskak

 hirien karkasak

 zuhaitz enborrak

 zuhaitz azal begiak

 itsaso erretzailearen pean

 hondoratuak.

 Hare haizearen

 aurka

 gauaren ontziak

 harepila artalde galduak

 jotzen ditu.

 Eztarri larri abots bat

 bapatean

 isiltasunaren piruetarik

 barreatzen da

 ortzantz abots.

 

 Ar'alak enkarat.

 Jende onak zuti zitezte.

 

 Egunaren adarraren gainean

 goizalba irekitzen da.

 Bere krimen gainera

 gauaren morteroa erortzen da

 eta mundua

 bere jarlekuan lehertzen.

 

 Denboraren hegalaren taupada,

 lur eta zeruak isiltzen dira

 mendeetako hipakoa entzunez,

 malko fosilak

 oihartzunaren bularretik

 sortzen direnak

 eta hutsaren belarrian

 hiltzen direnak.

 

 Oi hare ordulariaren maixu zaren oilarra.

 Zergatik beti

 sua ereiten duten

 arimaren egoste horik?

 

 Ttirritta hordia

 ttirritta enuxenta.

 Exilioaren esproinak

 zamari-ekaitzari brida kendu dio.

 Ezer ez da gelditzen;

 ez horik

 ez atsedenik.

 

 Tximixtaren zaldira jauzi egin dezagun

 ihurtzuriarekin elgarretaratzeko.

 


inprimatu