Langileen solasa
Luis Berrizbeitia
Nik ez dut poesia maite, nahiago dut
tomate ugariko sandwich bat
berdin hura garestiago eta iresgaitzago
baita, esaten dit serenoak tabernako barran
eta hik, lanik egiten al duk, hi haizenarekin,
ezkata eta begi sartu hoiekin baduka lan ondradurik
apareju txarra ez haiz izan behar traza hoiekin
bizitzen naiz, hainbatean printzesa iheseginak
atzemanez bizia biltzen dut, baina etekin gutxi aizu
zeren erregeak sozialdemokrata egin baitira
eta orain alabak bilauekin esposatzera uzten dituzte
sosalde ederra duten ber, halaxe baita, tristea badere
eta uste dut gosez hilgo naizen, gosez, gosez
gosez hilgo naizen
ordean suertez hi ez haiz izango erromantiko bat
ezta, zergatik nik ostikada bat nahiago erromantiko
batekin egotea baino, hain dira koipejarioak
ulertzen didak ezta
bai, ulertzen dizut, niri ere orain ez zait laket poesia
eta horregatik uste dut gosez hilgo naizen,
gosez hilgo naizen, eta soizu hor
printzesa bat
bere burua zorion modernoaren zarpilekin desgisatua
ez denez gauza tristea
banoakio
opa zadazu zorte on, zeren printzesak ez dira gehiago lehen zirena
poesia bezala
eta bereizi ginen, hura bere orenak kantatzera
hordi arrailak kartazaletan etxera igortzera
eta ni ilargiari destainak esatera; ene persekuzionera,
poesiaz arnegatzen duten printzesa endekatuei
zintzurrak egitera.