inprimatu
Apokalipsia 90
Izenburua:
Apokalipsia 90
Sinadura:
Lucien Etxezaharreta
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxezaharreta, Lucien

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
19.zk.
Orrialdea:
62-63

Apokalipsia 90

 

Lucien Etxezaharreta

 

 Hago zutik Jean Louis

 xutik gurekin

 noiz izanen duk eguna hire soin desegina berriz ikusiko duguna?

 ez haiz bakarrik Urkoiko hilen herrian

 hirekin dituk Etti, Paulette, Gittu, Paul, Jakobe eta hainbeste

 eta Maikak ene arreba badik jostatzeko

 badituk ezagutzen nituenak eta ezezagunak

 oroitzapen bat baizik ez direnak

 eta oroitzapenik utzi ere ez dutenak.

 Alaattooneko edo Apeetxekoak

 Dominixe Arramintxenekoa

 hire aitatxik oinez egiten zian bidea gure etxeko portaletik goiti,

 gauaz, lano guziek izarrak gorderik zituztenean ere

 izar eta gauik gabeko gau hura arte.

 

 eta hitzegin behar deat hor berean

 ez duk haatik ez hunatik

 behar dituk arrazoinak jali

 bakotxak besteari bere odola erakutsi

 Gernikan haur puskatuek bezala uli beltzen burrunbarekin

 orbain beltzak larru xurian

 harrak erruten ezpain zabalduetan.

 eta egun hire gorputz usaindua hantzen eta lehertzen.

 biziaren itsasaldi astiroan

 

 zer ziok esperantzak?

 noiz egonen haiz xutik berriz gurekin?

 hik uste huen denak xutik egon behar ginela

 zer ziok orai zutik jarri gaituen gogoak?

 denboraren akabantzaren beha gaudek

 eta jinen duk biziaren hutsaren garaia

 biziak jana izanen baitu sortu duen lurra

 arkaitz bekaizti bilakatua izanen delarik

 iguzki hotzek grisa baizik ez dutelarik isladatuko

 urek eta hodeiek ortzadar nabarra

 uztarritzat izanen dutelarik.

 eta etorriko duk zazpi ateetako Babilonia

 nehork ez duena ezagutuko

 profetarik ez dela izanen

 lau zaldunek gezi botatzerik ez ditek izanen

 

 eta huts hortan nor oroituko duk hitaz?

 nork erraiten ahalko dik zutik egon hintzala egun argiz.

 hire kutxako taulen itzeak berak janak izanen ditek

 denboraren hortz gosetiak

 ulirik eta harrik gabeko zelai edo mendi izanen duk Urkoi zola,

 Martoonia gabe, Arramintxenia gabe.

 eta jauzi eginen zian denborak

 argia itzaliz iguzki histuaren itzalean.

 zer balioko dik betiereko huts horrek hi gabe?

 purruska, errauts, ondar arin izanen haiz

 beste bizi ondarkinetarik ezin bereizia.

 zer balioko dik betiereko huts horrek hitaz nehor oroituz?

 ala jainko ezazol hotz zozo bat diaguk ote asmatu?

 ez dik bihotzik kriminal horrek

 uste dik hi gabe zoriontsu gintaizkela

 

 ez duk hola sinetsi alez Jean Louis

 jainko bihozdun bat duk besarkatu munduaren borrokan

 etsiturik direnak laguntzen hintuelarik

 lehertuak direnak altxatzen

 ahalge direnak irri egin araztean.

 pitokeria jauza arazi nahiz.

 Afrikako suarekin koleraren labeak alma araziz.

 ez dituk piztu, nahi hintuen suoldeak

 

 errak, hago xutik gure artean hemen.

 egunak luze izanen dituk badakik

 lehengo egunak laburregi hintuen

 baginian hainbeste egiteko eta ezin gintian egin

 nola jasanen dituk egun berri huts horrek?

 zergatik ezarri hauie ilunean lurraren barnean?

 behar ginian hire soa, hire begien mugimendua

 hire ezpainek mugitzen zirela irriz edo haserrez

 hire esku bortitzaren kaska mahai ganean

 hire...

 

 errak, zerbait ba duk johan ez dena

 ez hintzen horko egina Urkoiko patarren beherean

 hago xutik mendiko getari.

 geroaren sentinela

 erreka izengabeen haritz eta urritza,

 xara sasituen iratze eta gaztain ondo

 udazkeneko haize epelen usain

 hosto ustelduen azpiko onddo leun distiranta

 harrien arteko lore gorri

 

 hago zutik Jean Louis

 bolboraren haserre

 Miarritzeko ondartzan CRSek estekan eremana

 ezpainetan hagun kimuz

 granada ofentsiboen dardara geldituan

 buraso hilen haur tristeen ukomilo tinkietan.

 koleraren garaieko ke zirimola beltzek

 gorde eta gaindi ditzaten

 Lidiceko haur fusilatuak

 Hiroshimako hodei erraldoian goiz argien isladatze gorriak

 mexta kiskailietako nexka bortxatuen intziriak

 Otaegiren amaren iluna Nuarbeko egunetan

 hago zutik Jean Louis

 xutik gurekin

 otoi

 

 uzta hil hartan ez diaguk sinesten

 asto baten orroak laguntzen zitian apezaren azken hitzak hilerrian

 asto baten otoitzak

 beste maldan

 egun batez basaki hil araziko duten gaixo astoak

 hire iguzkipeko azken egonaldia benedikatu dik

 bizi zelako bizia agurtu nahiz hasaren haizez

 hire lagun etsitueri burua altxatuz argia ederretsiz

 

 eta johan dituk denboraren haizeak

 zirimolek lore ximelduak botatuz

 hilobiko zimentak deseginez mendeen abiaduran

 gazteak zahartuz eta arbolak hazietarik zuhaitzetara

 urek eraman lurrak barnetik berriz ateratuz

 amets gaixtoaren murru leunak berriz hor

 izerdi hotzez Golgotako azote ezpata ozpin itzeak

 hitzik ez

 

 Yaruxalaim berririk ez duk

 hemen ez duk esperantzarik

 bakotxak bere plastiko beltzaren barnean bere ondarkinak

 eskaleri beheiti jausten

 urrats pizu nekatuan

 ondarkinkideen hats hantuan

 hor ere doaikaa...

 uste'uzüa...

 joan zen...

 ba dira egunak hala...

 ustegabeek noiz behinka iduri lukete...

 

 BAINA PIZTUKO ZAUKAIA HIRE BEGIA?

 eta ez balitz pizten ?

 otoi

 hago zutik Jean Louis

 xutik gurekin

 errak bederen noren aurpegian jarriko haizen

 nolakoa izanen den hire izena hartuko duen lilia

 zer tresnarekin jauza araziko diren ukamilo tinkatuak

 nolako hitzekin zabalduko diren ate hetsiak

 zer kolore hartuko dituen biharko biziak

 nolako Euskal Herri berria izanen dugun

 zer erranen dugun elgarri

 nolako egunak gure azkenak

 

 astiro

 astiro hire gorputza lurrean urtzen zauk

 denboraren itsasaldian

 hemen

 ezin jasanez izan eza

 gauaz argian sinetsi nahiz

 hire ezin ahantziaren eternitate esperantza xoil bakarrarekin

 oroimenari denboraren ardatza uzkaili nahiz

 gure bolsa plastikozkoa

 jautsi beharrez

 hor gaituk

 bakarrik

 Jean Louis.

 


inprimatu