inprimatu
Hago pixkat
Izenburua:
Hago pixkat
Sinadura:
T. Alunda
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
T. Alunda

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
19.zk.
Orrialdea:
52

Hago pixkat

 

T. Alunda

 

 Blokeak zutitzen ditun urrunean,

 bata bestearen atzetik,

 altzagailuen harrokeriari aup eginez.

 Behatz punttatan mantentzen haiz,

 edifizio batetako

 antena kolektiboan.

 (Zenbat pizu duen ibaiak urbidean!)

 Mila pote "Tipex"

 kaleak zuriztatuz,

 oinen aztarna gorrotagarria

 desagertzeko.

 Ni, hiri begira,

 kamioietako neumatikoen pean

 dardarka dagoen

 zubi batetako barandan eseria.

 Egunsentitik

 galtzairu txirbil urdinak

 deslotzen ditun,

 (euri metalurgikoa),

 eta ketan biribildu,

 helize bat bezala.

 Ur beltzatan

 (ardo okatua),

 arrai batzu itotzen ditun,

 eta antxetek

 erraiak gurkatu,

 hesteen laberintoan

 mokoa eradotuz.

 Beste antena batetaraino

 salto egin dun jada,

 kasik herzioen bidea jarraituz,

 blokeen kontra borrokatzeaz

 ase dagoen haizeari putz eginez,

 hire kontra borrokatzeaz ase,

 nire kontra eta,

 ezagutzen ez dituen etsai guztien

 kontra borrokatzeaz ase dagoen

 haize umila.

 Begiak ixten ditinat,

 eta burua bota,

 hire esku jelatu

 eta suminkoiengatik

 hartuta izatearen

 esperantza alperraz.

 Bildotsa

 etengabe lo,

 otsoen egarri

 gartsuagatik.

 Bere artile zuriaren

 azpian

 bere erraietako

 haragi urratua.

 Piztien begiek

 kolore beltza

 berreskuratu dute,

 gorri guztia,

 gorroto osoa,

 aiher dena,

 bildots lokartuaren

 gorpu

 eroso eta berotik

 eskegita

 gelditu da.

 


inprimatu