Jin joan
Mayi Pelot
1
Berinak ebakitako
agurraren erdia eskuan,
ekintzaren gatzezko sigilua ezpainetan
autoak eraman hinduenean,
esatera ez hinduten utzi
hitzaren ispilu arrailduan
eta Ispahareko loreen erdian zai
harriturik,
mendiko bidexka lanbrotsuan
aurrean ixildu zaigun
oinotsan
hotz hotzik
jin duk.
2
Ahoa betetzen digun hondar geza ixilean
tiro ematen dutenen betzulo beltzetan
birika ate zehargi zabalduetan
zehar
arnas beroan
eztarri idortura,
lehertu hauen
sugar izoztuan
izerdiz izerdi
jin duk,
eta ezpain gogortuen ertzean
orro egiteko zorian huen.
3
Bidea hetsi digun ezponda luze nabarreko
ezpain lasaietan,
atzeko lur erhautuan ta harria ukatzen duten
berro berde makurretan,
aingirako begi nini musker
osto betazalan itzaleko duda mudan
narrasta,
barroteen atzetik so egon den lagunaren
aurpegi itoan,
hormigoian zehar ttanttaka jin eta
edenez eden
biluzik
dantzan duk.
4
Arkaitzeko gelaren orde
ustegabeko maldan
zai
ezer ezerako pasagitik
zeru urdinaren irri gordinera
kukuka, edo
kale ertzean urdinez jauntzia zai,
- Ama Lurraren lepoko epela!-
ezkataz ezkata
jin duk.
5
Hau duk Itsas Hileko estatuetan mugikorrena
Hau duk larros urdinduaren bihotzean datzan
agur usainduna
edo
gailurreko zerrailua ihintzez diz diz-
gorputz ahituari laberintoa zaionean,
anaien arteko eztabaida itsuen galmendian
hezurrez hezur
suz edo hegalez
segaz edo antsiaz
belez edo ezkataz
jin duk.
Odol malkoak arakatzak bihurtzen direnean
Bular idekiko adar kiskalduetarik,
kheak hedatzen dituen irazkizko musu apaletan
Benareseko kaian,
edo geroaren hegal atzapar beltzek
Itsas Hileko uhainetan mutuenari
aurpegia ematen diotenean
herriz herri
joan duk.
Azkarrenak direla
egia erosi dutela
lurra ahurrean atxiki daitekela
uste dutenen
goiznabarreko zimur ziloetara
nahitaez ihesi
joan duk.
Miņa eta hitza
maldaz behera
- hondarrak lohia bezala
edaten dituen
arakatza malkoak -
irauli direnean,
aurtengo hautsetako
zapore barreiatutik
joan duk.
Haragia giltza
arroka estatua
amentsa herria
bilakatu denean
joan duk
Ez delako egotekoa
ez delako abestekoa
ez delako
joan duk
norbait argiz beti bete
hortzadarreko zubian zutik
hedoietako itsasoan
aske
"hor gaituk"
esateko
baita.