inprimatu
Libertatea zein karioa
Izenburua:
Libertatea zein karioa
Sinadura:
Xanti Zabala-Lezo
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zabala, Xanti

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
18.zk.
Orrialdea:
23

Libertatea zein karioa

 

Xanti Zabala-Lezo

 

 1

 

 Euskal Herriko hego aldean,

 abantailaz ala kaltez?

 Herri batean han sortu nintzen,

 behin hola egun batez.

 Eskualduna izatez.

 Eskuotarra gizartez.

 Horra nire hastapenak.

 Geroztik hunat pairatu ditut,

 bizitzak eman poz-penak.

 

 2

 

 Nihaurk izanen nuen ezein,

 haurrek zuen haurtzaroa.

 Ilusioa begietarik,

 eta amentsez gogoa.

 Zer zitaiken geroa?

 Non zen muga beroa?

 Heldutasunaren menpe.

 Orduan jakin nuen burrukak,

 zirauela mendez mende.

 

 3

 

 Askatasunan organ kurpilak,

 behar zuela bulkada.

 Erreparatu nuen mementuz,

 lot nintzaion burrukara.

 Herria ta eskuara.

 Burruka bat bera da.

 Bi horien salbatzeko.

 Untzi kapitain gisa batera,

 jarraitu edo galtzeko.

 

 4

 

 Bainan arrotzen eskuetarat,

 erori untzi jabea.

 Sofrikario handiagorik,

 jabearentzat badea?

 Indarraren legea.

 Justizirik gabea.

 Eskubideen nagusi.

 Bietarik bat, ihesa nuen,

 edo gartzelarat jauzi.

 

 5

 

 Ezin bertzean deliberatu,

 nuen ihes egitea.

 Ahal izanik gartzela beltza,

 nehork ez dugu maitea.

 Iparrerat jitea.

 Bihotzaren piztea.

 Hala iduritu zautan.

 Bainan ihiztari artean segur,

 ez xoririk zuhaitz puntan.

 

 6

 

 Urte xorta bat bakean eman,

 ipar aldeko anaier.

 Ezin eskertu ahalko ditut,

 nahiz jaio mila bider.

 Bainan aldiz orai zer?

 Gure bila ari leher.

 Han hemengo etsai biak.

 Leku onean gabiltz otsoen

 artzaingopean ardiak!!!

 

 7

 

 Armen indarrez ebatsi zuten,

 hura nola berreskura.

 Hitz soilak ez du aunitz balio,

 orduan zeren esku da?

 Xistemaren herstura.

 Ez negu ta ez uda.

 zabaltzen ez den lehioa.

 Libertatea zeinen eder den

 bainan zeinen karioa.

 

 8

 

 Etsaigoari ez zaio laket,

 herriarentzat on dena.

 Hori horrela nahi gaituzte,

 suntsitutzerat kondena.

 Oraina zein lehena.

 Loturik dago dena.

 Malkoez eta odolez.

 Bi ukabilak jasotzen ditut,

 hil diren denen ohorez.

 

 9

 

 -Herri bat hiltzen ez duk erreza-

 horrela dio poetak.

 Nahiz probatu horretarako,

 ditaizken gerla moetak.

 Askatasun tronpetak.

 Eskualdunen kopetak.

 Argi berriak bailiran.

 Piztuko ditu Adurren hasiz,

 Ebrora arteko jiran.

 

 10

 

 Tronpeta horrek jo dezan arte,

 bidean nitaike eror.

 Oraino ere etsaia nola,

 dabilen indarrez gogor.

 Ez bedi herra nehor.

 Iparrean nuke zor.

 Hilgo banindute bertan.

 Hemen ehortzi nazaten nahi dut

 ipartarren eskerretan.

 


inprimatu