inprimatu
Urtarriletik abendura
Izenburua:
Urtarriletik abendura
Sinadura:
Antton Cazabon
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Kazabon, Antton

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
18.zk.
Orrialdea:
21

Urtarriletik abendura

 

Antton Cazabon

 

 1

 

 Urte Zaharra joan da eta,

 Berria gogo ta asmoz beteta.

 Nahiz elurrarekin herabeak

 seian datoz hiru Erregeak.

 Lehenengo hila,

 Hilbeltza edo ta Urtarrila,

 denontzat ona gerta dadila.

 

 2

 

 Bigarrengoa txarra ta hotza,

 Otsaila izenez ta da motza.

 Bostean dugu Santa Ageda,

 eta kopletarako bezpera.

 Ihauteriak,

 eta berdin sagardotegiak,

 Garizumaren mezulariak.

 

 3

 

 Hirugarrena hemen da Martxo,

 txarra bada ez ardi ez artantxo.

 San Josetan eguzkia bada

 bete-betean sartuak gara

 Udaberrian,

 kukuak Erromako zubian

 eta ondoren mundu guzian.

 

 4

 

 Laugarrengoa da Apirila

 baserritarrarentzat Jorraila.

 Hogeitabostean da San Markos

 eta xixa berriak ba datoz.

 Mendi aldera,

 zakur ta ardiekin batera

 artzaiak gorantz dira atera.

 

 5

 

 Aurrera segiz, hau da Maiatza,

 loretan bitez zelai ta baratza.

 Ta ez bada giro egokia

 berriz erre beharko aulkia.

 San Ixidrori

 otoitz eta erregu berari

 izan dezagun euri ugari.

 

 6

 

 Seigarrengoa orain heldu da

 Ekainarekin datorkigu Uda.

 Gure kukua zaigu mututu

 San Pedroz eginez azken-ku-ku-

 San Juanetan

 Su ugari bidegurutzetan,

 eta oporrak ikastetxetan.

 

 7

 

 Uztaila da opor garaia,

 arazo denak ahaztutzen saia.

 Bildurrik gabe -Gora San Fermin!-

 zezenaren aurrean hotsegin.

 Ta Santiotan

 edo berdin San Inaziotan

 parranda gauez, eguna lotan.

 

 8

 

 Ta abuztuko uda beroan

 jarraitzen dugu jai-festa giroan.

 Batzuk bertan besteak kanpora,

 baina hauxe dizuet gogora

 Euskal Herrian

 hobe bertan Aste Nagusian

 Gasteizen, Bilbon nahiz Donostian.

 

 9

 

 Uda lehorra, gozo-beroa

 Iraila dator eta badoa.

 Udazkenean sartu garenez

 lurra estali zaigu orbelez.

 Baserritarrak

 bildu onddo, hur eta intxaurrak

 ta eskolara gazte ta haurrak.

 

 10

 

 Hamargarrena dugu Urria,

 uso eta tortolen galgarria.

 Udazkenean hego haizeak

 ximeldu ditu piku hezeak.

 Txistu ta irriz

 artzaiak menditik bueltan berriz

 belar motxaren gose egarriz.

 

 11

 

 Hazi hila da, hazi aroa

 hamaikagarrengoa Azaroa.

 Gaua luzatu eguna moztu,

 eguraldia zeharo hoztu.

 San Martinetan

 Txerriak hil ta gazikutxetan

 neguko jana baserrietan.

 

 12

 

 Azkenekoa da Abendua

 eta berarekin dator Negua.

 San Nikolas eta Santo Tomas

 elurrezko makina bat jolas.

 Eta Gabonak

 direnez guztioi zorionak!

 Agur Urte Zahar ta esker onak.

 


inprimatu