inprimatu
Tristezia karabanak
Izenburua:
Tristezia karabanak
Sinadura:
Lucien Etxezaharreta
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxezaharreta, Lucien

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
17.zk.
Orrialdea:
60-61

Tristezia karabanak

 

Lucien Etxezaharreta

 

 Gaztelako leihotikan, banan banan,

 bihotz suminduraren barneko zola,

 Machado-ren tristezia karabanak...

 Debaldez, etsipenaren soa doa.

 

 Bide bazterretan xurxuriak lerro,

 gau luze luzean, ehun murru leun,

 zeru zitaletik jalitzeko erho,

 izarren distirak bortu hutsa lagun.

 

 Bihar ere berriz dator iragana

 arpegi alaian, lilien xingola,

 hilean, ez jakinaren ezazola.

 

 Samin ukurtzen urte zenduak oro.

 Izpi horik: miraila hautsi da egun,

 bidaia has dezadan, ametsa lagun.

 

 Tristezia karabanak

 urratsen dangan doatzinak,

 izarren bideetarik,

 Santio goiko aldetik

 ala goiz herrien nabar gorritik.

 

 Ikusi ditut presoak

 biharamuna gehiago galdezkatzen ez zutenak,

 belar eta sasiek jan haurzaroko bideak,

 zuhaitz ederren leku hutsetan

 alanbreen gerla ziztak

 beren haurrek iraindu aiten ukabilo hotzak,

 etxe apainduetako berina gardenen gibeletik

 emazte desolatuen behako bakartiak,

 minak jan erien begi galdezkatzaileen parrean

 pertsianak egunero apalago,

 segeretuak gaueko oren luzeeri baizik

 derasatenen

 xahar piltzar bilaka arazien garrazi mutua,

 biziaren harea ahur meharrek ezin atxikiz.

 

 Igande aratsaldeko solas kalakatsu jolastian

 zinta herrestaren musika

 bapatean

 inutila

 inula

 hila.

 Hi,

 han,

 haize,

 Seistan,

 basamortuan,

 Heriotza izenekoan!

 Shahr-e-Gholghola!

 

 Bide zaindari xume, dorre hustuak.

 Geltoki harrien putzu agortuak.

 Aihenak iguzki gorriek kiskaili,

 haizeek erraustatuz dena estali.

 

 Shahr-e-Gholghola.

 Zuregana

 haize mineralaren

 bakartasun arkaitz ezkinatsuek

 zauritu-sendaturik

 karabana.

 

 Urre hori,

 harri

 ala murru erori,

 amets hautsi iduri.

 

 Harri urre ala urre harri,

 urrutian harresi lerro,

 hurbilean dorre ta ate.

 Neurri galduak,

 harearen noblezia.

 Geziek haizea ezin geldi;

 zuziak oro itzali,

 eskorpioak zelatari

 Korona handi hor pausatuari

 mortuko haizea kantari.

 Bakartasun arkaitz ezkinatsua nigarrez ari,

 printzesa salduaren bidaiari.

 

 ez nezazula abandona.

 Shahr-e-Gholghola,

 nonbaiteko Golgotha,

 esklabo itzatuen azotea,

 mogol handiaren kaskezur piramida,

 estepako zaldi basen gomita,

 menditik jautsi ur haretua.

 

 Harresi ziloetan,

 murruen begietan,

 denbora galduaren soa.

 

 Tristezia karabana,

 bortutik iragana,

 orain heltzen dena.

 Ez du bidaiaririk

 ez eta abere akituek garraiatu zamarik.

 Gau eta egun,

 izar eta mendi,

 ibai sahets edo itsas ertz,

 hari luze da ibili,

 mundu hutsean ezin geldi.

 Ilargi eta iguzkiz,

 bidea zaio ideki

 ate erraldoia arte.

 

 Mendi gaztelu ezin setiatuaren arrano,

 basamortuaren imam dago,

 erridau urratu handien dantzan,

 argi xirio xumeen arpegi ukurtuetan,

 segeretuzko amodioen lur hortan.

 

 Ehun murru leun

 haizeak bota hareak

 ezkinatu ditu,

 argiaren gordagi.

 

 Shahr-e-Gholghola

 ez nezazula abandona.

 

 Bihotz suminduaren barneko zola,

 Gaztelako leihotikan, banan banan,

 Machado-ren tristezia karabanak...

 Debaldez, etsipenaren soa doa.

 


inprimatu