inprimatu
Amonaren azken bertsoak
Izenburua:
Amonaren azken bertsoak
Sinadura:
Jon Tapia Irujo
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Tapia Irujo, Jon

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
17.zk.
Orrialdea:
15-16

Amonaren azken bertsoak

 

Jon Tapia Irujo

 

 1

 

 Udako arrats zital honetan

 hau barneko dolorea!,

 fardel txikia eskuan eta

 utzi beharra etxea.

 Zangoak mendre, malkoak leher,

 bihotza minez betea,

 narras, astiro..., hartzera noa

 arlotearen bidea;

 zein bazterretan jausiko ote...,

 non aurkitu gerizpea?.

 

 2

 

 Elkortu dira ene joranak,

 gogoak aurpegi hitsa,

 supazterretik egotzi naute

 errumes txiroen gisa.

 Dardar batean larru-azala,

 begietan sinesgaitza,

 bihozbeltzaren herra itzelak

 jadetsi bait du garaitza,

 amets tristeen pare bihurtuz

 amona honen bizitza.

 

 3

 

 Etsi-etsian sartzera noa

 gauaren leize beltzara,

 norarik gabe ta ozta ozta

 hordi deslaien erara.

 Jakinik jada bota nautela

 desditxatuen askara,

 oroipen beltzak soilik datozkit

 krudelki jotzen aldaba,

 gogoraziaz galdu ditudan

 baserri eta alaba.

 

 4

 

 Gorputz mindua garraiatzeko

 abaildu dira zangoak,

 haitzulo baten hegi hezean

 gelditu ditut pausoak.

 Barneko kezkak,xut!, diostate,

 amona, jaso gogoak!,

 ez zaitezke hil azaldu gabe

 malura hoien erroak,

 egi gardena jakin dezaten

 heda itzazu bertsoak!.

 

 5

 

 Bertso mikatzez azalduko dut

 kinka honen zergatia,

 nondik datorren, hain zuzen ere,

 daramaten desgrazia.

 Etxeko suina dela medio

 kendu didate guztia,

 zelai-soroak, abere... eta

 sortu ninduen kabia;

 hauxe da, beraz, eman didaten

 hil aurreko oparia.

 

 6

 

 Baserri, xume, goxo, xarmanta,

 pinpirin baten jabetza,

 hori izan zen gure aitonek

 utzi ziguten babesa.

 Alaba ere banuen eta

 ezin nintekeen kexa,

 urrite mingots ta antzuetan

 triste ginenik ez pentsa;

 elkarren lehian hainbat maitasun

 ez da ulertzen erreza.

 

 7

 

 Orduko amets jori ederrak

 luzaro ezin gozatu,

 alaba horren ezkontzarekin

 bazterrak ziraden laztu.

 Pentsatzen nabil gizatxar horren

 zertaz ote zen lehiatu,

 gizona edo piztia ote...

 ba al daiteke zehaztu?

 Geroztik, behintzat, inguruetan

 ba da hamaika espantu.

 

 8

 

 Horrez gainera egin behar dut

 beste gaitz baten aitortza:

 Zenbat bihozmin, mingarri, krudel..

 zenbat mesprezu ta lotsa...

 eman dizkidan ene alabak

 urratzeraino bihotza...

 Ene irritsen krabelin zena

 eta ametsen arrosa,

 orain basati horrekin dabil

 zoriontsu ta airosa.

 

 9

 

 Gaumin honetan beste dolu bat

 datorkit bihotz erdira,

 tristura biziz sartzen nauena

 oroitzapenen saskira.

 Lehengo, mintzo, olerki, eta

 Aberriaren desira,

 basati horren zitalkeriaz

 ohilduak izandu dira;

 euskara, beraz,txokorik gabe

 etxetik urrun bizi da.

 

 10

 

 Bi pizti hoiek hortxe diraute

 alperkeriaz beteta,

 egunez goibel, gogaldi txarrez,

 gauean, aldiz, barreka.

 Ardo zurrutak ugari eta

 aldiro festatik festa;

 hori medio, soroak antzu...,

 laharra besterik ezta.

 Oilarrak ere kanta omen du

 baserri horren hileta.

 

 11

 

 Erdibiturik daukat bihotza

 ahotsa triste ta bakan,

 indarrik gabe sartzera noa

 azken bertsoaren maldan.

 Heriotzaren ezkila ere

 hor dabilkit dilin-dalan,

 eta nigarrez deika natzaio

 har nazan bere hegadan,

 samintzen nauten oinaze latzok

 behin betiko ur ditzadan.

 


inprimatu