Karmen Agirreren bertsoak
Angela Bannier
I
Karmen Agirre deitzen naute
"Florida" antzestokian partitzen dut
ene bizitza erdia
desparadisuaren oinharri erritmikoa den antzerkian sartuta
teloi zenizientoak oroimena zimurtzen duen ikusleen betazaletan sartuta
Baudelaire, Etxahun............... maniobra baten biktimak
ene behazunak, entzun iezadazue
egunaren espektakuloa
(eguzkia iratzartzen denetik
arratsaldean mendien sabelean izkutatzen den arte
................ oh!! ze polita!! ze emozioa!!)
ikusitakoan moja kolejioetako zigor-kuadernoetan bezala
gauero markatzen ditut diario-orrietan
nahiak
kaligrafia barroko batez
ezinengaitik diren nahiak
marra gorriaren marjenean gelditzen diren nahiak
amets gatzatuak
II
Gaur eguerdian ene ahizpa siamesen bisita eduki dut
anbizioa eta pairamena
bolkanaren profezia
lehenengoa
taupada beteko kraterra da
uzta hiltzailea
besteei ematera behartua
minak zulatutako ahoa
bigarrenak
labazko jantzi gorri-ubela dakar
geroaren pintura
ilunabar guztien betazaletan bildutako sekretoa
biek
beste aldeko sukarraz
edergintza mugetan dihardute
zubiak josteko ezkontz-lanetan
III
Zoro gizajoak
destinoarekin ituna sinatu nahi izateagaitik
sakel-blockeko inbentarioan apuntatzen zuen egunero lerro bat
baina jokuen emaitzak paralerroki diktatuak zeuden
efemerideak
aszensoreetako botoiak
telefono-kabinetako fluoreszenteak
beso metalikoak bailiran eroriz treneko barrerak.................
ez zegoen pietatezko arrastorik inon
satanezko kupulak ere
lore pozointsuak bailiran eskeintzen ziren
orduan zoroa gaiso ziniko bilakatzean
boxeolariak besarkatzeari eman zion
"artikulazioak minduta dauzkan txontxongiloa naiz"
petalo totelen kateetan
errepikatzen zuen
intziri-barre zotinka
eskaleen erregetasunaren tonu antzekoaz
IV
Kipula usaineko magalean
igarotakoak memoriaz ikasi nahi nituzke
patioak
uso eriaren tenperaturaz gibelaldeak errepasatzen
minez erdibitutako mizpirak
fereka irabaziak
preziorik gabeko malkoak
kaleetako jakintza gordina irakatsi didaten ahoak
larrosen jario barreiatuak hirugarren mailako bagoietan
lorepoteetako geranioen ahulezia
gardantxillokumearena
edo eskegitzen diren izararenak
inkontruak atari hezeetan
memoriaz ikasi nahi nituzke
V
"Itzuli" aditza aipatzean
"autorretatoa kamerinoko ispilua berriro errekorritzen hasten da"
perpausa diot unhatuki
poltsa zabaltzen dut eta
desordena zehatzean zeuden argazki batzuei erreparatzen diet
bai, argazki batzuetan
izan nahi dudanaren luzapena naizateke
desorekan dagoen sokaren bigarren zatia
nire balizko bahiketari buruz galdetzen diet begiei
baina hauek laino-mordoak zamatzen dituzte
aduanei buruz galdetzen diet ezpainei
baina hauek kopa debekatuetakoak direnaren irrifarrea egiten didate
behatzak parke-ertzak gogoratzen ditzuten malenkoniaz mugitzen dira
ihes egite artegatsuan
jantziak desegokiak zaizkit eta
zaila zait aurkitzen neurriko zapatarik
bisita-aretoetako apaindura artean
non gauzen atzekaldeak desafiorako gonbidagarri diren
naufragio experimental baten gisara
VI
Gaueko dorreak
kilkirgintzan dabiltza
kilkirrek orpoetatik igotzen basten zaizkit binaka, zazpinaka edo milaka
zilborreraino
non jaiotza eta heriotzari dantza egiten dieten
zilbor hondoan pilatzen den hautsarekin batera
segidan, goraxeago eta ezkerraldean
harresi bat eginez batzarrak antolatzen dituzte
zimikoak propinatzen dizkiote haragiari
lehenengo bat, gero beste bat eta pixka bat geroago beste bat
gatza eta piperminez
badoaz expedizioan
lepo-bidea zeharkatu ondoren
baimenik gabe hitz disekatuen tunelean sartzen dira
begi-osinetan,
mesanotxeko lanpara pizten dut
argia mostazazko ortzemuga zait
ilargia mantekila kerraren zati bat
maindireak zimur eta izerditsu mamuak dira
kilkirrek ene neuronekin lazoak egiten dituzte Gabonetako oparientzat
VII
Arrastiriek ihes egin dietelako
ehiztxakurrak uluka dabiltzanean eliz-atarietan
ulertzen ditut
nik ere auhenak egiten bait ditut idaztean
auhen histeriko bakoitza hizki bat, janis joplin
itxitako atean
atzamarka dagoen aberearen gogoaz
zabaldu zaidan orrian
idatzita
VIII
Lur-planeta arraultza-oskol erraldoia dela pentsa dezakgu
denbora antzar-otamenetan irensten
sugearen ziztuen agindupean
ezagutzerik ez ditugun matazaren hariak garela pentsa dezakegu
(gizotsoaren damu-lanturuak basoaren danborrean)
ezinaren kumeak (begiak harean iraulka)
gero eta absurdoagoak garela (ume zaharrak itaunka)
gero eta inpertsonalagoak (kablez betetako gelak zerebroetan)
gero eta hutsagoak (ardo boteila bat) azken finean imentzio ubelak
Nataniel
(King-Kong maite zaitugu!)
IX
Zink-teilatuetan zehar
poemen korrekzio-lanetan geniharduen
goian
begi urdinaren indiferentzia
larrosondoak ere
Bilbaoko patioen paretetan gora antietsipen lanetan
X
1a-.
Errugabeen eskeintza daukat
gauetako obsesio
indarrak bildurik negieke
legeei desafio
ardi-otsoa bikoteari
zergaitik ez ba adio
insekto-txori bilakatzea
izango erremedio
2b-.
Izotzaren kontrako borroka
hutsala da desioa
tximeletak kristal ertzeetan
apurtu ohi du hegoa
kotoiezko landetan bihotza
da arantzezko koroa
kolore beltzak babesten nau
eta jabaltzen gogoa
3c-.
Kunplituzko musuek daukate
diruaren zaporea
hasieran lausengari gero
hiltzailea da kobrea
jendearen hitz onak biltzeko
hona hemen gurutzea
oilo bipildua izan behar
zurtz eta herbail gainera
4d-.
Zopa lohian bustitzen ditugu
batera ogi muturrak
mutxurdin petralaren labean
oratutako apurrak
gaizki esa alperrak kraskatzen
dira bailiran intxaurrak
zapata-zolak lodituz doaz
eta gezurren hezurrak
5e-.
Sagar ustelak garen errua
egotzi digute erruz
horregaitik gabiltza kirtendun
buru hauekin txit garratz
ideia uniformatuekin
baina inola ez aratz
saguzarrenean pupitrea
elbarri-aulkia, orratx!
6f-.
Etxean irakatsi zidaten
fidelaren garestia
egia aitor egin beharra
ez dela gauza eztia
simaur-pila garela ezanez
datorkit abots garbia
baietz, kondenaturik gaudela
sostengatzera hazia
XI
Zeru eta lurraren arteko
parentesiaren erdigunean
lorategi
harrizkoetatik
ilada infinitoki txikiak
beltzak
XII
Bizitza
berbaro estupidoa
mozkortien zita batzuk
atezainen zirrikitu penetraezina
eta zergaitik ez posta-bulego zabal-zabala
batzutan ausentzia totala dirudi
josteko makinarekin zalantzazko adberbioz adabatzen
besteetan aditz-eztanda bat argi absolutoagaitik borrokan
urrearen disdira enbidiagarria agian
edo eta zilarraren aintzinako traizioa
auskalo zer den
bere haiduru egon arren helkizun dagoen
pizti mimetiko hori
batzuetan xafla metalikoz eszenak zirt zart egiten
besteetan bapatean baraja-kartak emeki orrazten