Ibai isilen mintzoa
Amaia Iturbide
ODOLA
Eraztunezko tuneletik deiadarra
zenbat gizaldirena ote ezkilen doinu tailatua
sustraiak jakintsu bezain zapar dira
lur gorri, lur joriaren sabelean
enborren kirioak, goldea, uztarriak
hondamendiaren erreinua sostengatzera doazen heinean
eguzki amandreen zirkuloetan
fetoen antzera igeri egiten dugu
burbuilazko koilarretan dantzatzen
odolaren ituna luze-zabalera hedatzen
neurrigabeko legearen arabera
ibaiaren arnas sakonean
ESNEA
Emaro beratutako unetan
esne-errekastoek behatz beharrezkoak bailiran
ilun sinpleak zabaltzen dituzte
intuizioaren lerroetatik barrena
ernamuinen abots korapilatsuen aiduru
orratz hariztatuetan
hasiera bana dago aho esnatu berri ororengan
ELURRA
Neguaren bidexkak
gogoan marra gardenak
luzaroko promesak
murmurioz lurruntsu
txori-kantuak bezalakoak
noizeroan gatibu
ALKOHOLA
Boteila berdeetan abere presoaren antsiaz
korritzen ditu alkoholak gorputz minberak
hilotz itxurar opaz
kamara geldian lokartzen da ilargia ere
heriotzaren fotokopiarik hurbilena
altxa ditzagun, adixkideok, ontziak
ahalik eta goien
eta bete ditzagun argirik hutsenaz
IZERDIA
Ilunabarretako itzuleran
lur jota zeuden hainbat gurdik
hainbat ahur-esperantzak
osterabe lur azala zeharkatzeari egiten diote
elkartasunezko karabanan
tanta bat
beste bat
eta beste bat gehiago, han
kunderrak direnentz elkarri galdezka
izerdiari duda-mudak darizkio
geroaren soseguaz amesten ausartzen denetan