inprimatu
Esperantzari ateak zabalik
Izenburua:
Esperantzari ateak zabalik
Sinadura:
Pruden
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Pruden

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1985
Argitalpenaren urtea:
Alea:
8.zk.
Orrialdea:
7

Esperantzari ateak zabalik

 

Pruden

 

 Bertso paratzen hasi orduko

 kasko barrenean dantza,

 Hitz eta ideia guziek dute

 plazaratzeko esperantza;

 denak pusaka atera nahiz,

 ea nork duen gaur xantza.

 - ni izanen nauk larrosa eta

 hi aldiz ene arantza,

 denen artean lora dezagun

 negu gorriko MAIATZ-a.

 

 Euskal negua luzea baita

 beharko dugu su ta gar,

 hotza hezurretan sartua dugu

 ez dezagun egin nigar;

 nigar mal koak bustiak dira

 horrek berorik ez dakar.

 Humore onez dantza dezagun

 berotuko dugu elkar,

 dantza lotuan ongi tinkatuz

 gure odol hotzak gar-gar.

 

 Beti, nigarrez ari den bati

 nehor ez zaio hurbiltzen

 bere penetan bakardadean

 ba doa beti murgiltzen;

 nigar malkoek itotzen dute

 zotinek kuraia hiltzen.

 Bihotz alaia eguzki bat da

 jendea aise du biltzen

 ezpainez-ezpain, bihotzez-bihotz

 lili loratuz da ibiltzen.

 

 Euskal dramari pena dario

 bortitzegi zaigu guda,

 batzutan, segur, ilun gerade

 arrazoinez, nola duda!

 Halere gure euskal negua

 onduz, dakiguke muda.

 Fruitu onduak haziak ditu

 erein ditzagun ordu da.

 Negu zaharra erdituko da

 ez da urrun gure uda.

 

 Hesi azkarrez inguraturik

 dute Ipar Euskal Herria.

 Kate astunez estekatuak

 besoak eta gerria.

 Halere gure ezpainek dute

 esperantzaren irria,

 nehork ez deusek ezin du gorde

 zabaldu den oskorria;

 hegoko Haizeak biharko dakar

 egun eder ta berria.

 

 Ttikiak gara; ez da dudarik

 ez dezagun hortaz pena,

 udaberria hurbil da eta

 hor da gure askapena.

 ALBANIAREN KONKISTA ez da

 guretzat itxaropena;

 ORREAGAKO GUDUA dugu

 betiko oroitzapena,

 handien kontra geurea zainduz

 asmo baten hastapena.

 

 Ttikitasuna ez da izanen

 sekula ttikikeria,

 ez bada jelos, ez badu nahi

 harroputzen huskeria.

 Handi mandiei beti darie

 berezko ustelkeria;

 jende hantuak putz bat bezala

 gero dena kakeria.

 Ttiki jatorrak ez du jasaiten

 espantuen miseria.

 

 Bertso hauetan bil daitekeen

 erranahi eta morala

 euskal bihotza zaharra dela

 baina gaztea odola.

 Bataila latzak galdu ditugu

 eta horrek, zer axola

 Eguneroko borroka hoietan

 gure geroa dagola.

 MAIATZ-a hor dugu gure neguan

 bizi nahia dariola.

 


inprimatu