inprimatu
Lantegiko komunean
Izenburua:
Lantegiko komunean
Sinadura:
Daniel Landart
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Landart, Daniel

Argitalpena:
Maiatz.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1.zk.
Orrialdea:
61

Lantegiko komunean

 

Daniel Landart

 

 Lanean ari naizelarik,

 batzutan bertsuak sortzen zaizkit.

 Baina ezin ditzaket paperean ezar...

 Paperik ez dut eskumenean.

 Eta bestalde, papera banu ere,

 nagusiak ez nau

 bertsu asmatzeko pagatzen; baizik

 lanaren ongi egiteko, eta ahal bezanbat.

 

 Beraz, nagusiak edo haren ordainak

 ez ditudalarik ondo-ondoan

 lantegiko komunera ihes egiten dut,

 eta han egoten naiz, (ez luzaz haatik)

 zenbait lerro idazten ditudala tarrapatan

 nehork deus jakin gabe

 

 Komunean nago orain ere.

 Benetan leku hertsia... eta itsusia.

 Usaina ez dut aipatzen.

 Paretetan ikus daitezke ,

 langile lagunek egin edo ezarri marrazkiak

 emazte biluzgorriak

 eta beste mila gauza!

 Hitz zenbait, artetan.

 Labur bezain larriak.

 Seksoa aipatzen duten horietarik...

 Seksoaren nahia, gosea, beharra, ederra.

 Seksoa, toki hontan errege....

 errege, edo... edo... edo ...

 nor ez da seksoaren esklabo?

 

 Komunean olerki Idazten aritzea,

 Hauxe bada gertakari paregabea...

 Alta horrelakoa da ene zortea.

 Hemendik, ez dut deus ikusten

 ez mendirik, ez itsasorik ,

 are gutiago ametsetako mundurik.

 Funtsean, ez nabila

 ametsetako mundu baten ondotik...

 Toki hontan,

 nehon eta sekula baino hobeki

 senditzen dut nor eta zer naizen ni

 LANGILE BAT, besterik ez.

 Baina hori aski zait .

 

 Eta zenbait aldiz, pentsatzen dut ba daitezkeela

 ni bezala beste langileak ,

 komun batetan

 gordeka, ixilka, tarrapataka,

 olerkiak idazten dituztenak.

 Segi bezate, segi luzaz.

 Baina, ez deiet gutiziatzen gertatu zitzaidana:

 Herenegun; sortuz geroztik paperean ezarritako

 ene ustez poesiarik ederren-ederrena,

 Komun zulora erori zait

 eta kakarekin batean

 urak, denak eraman ditu.

 

 Barkatu, beraz, barkatu

 eskaintzen ahalko nizuen

 olerkirik zoragarriena

 komunean baitut galdu...

 


inprimatu