inprimatu
Maitasunezko axiomak
Izenburua:
Maitasunezko axiomak
Sinadura:
Stanley
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Estankona, Igor

Argitalpena:
Zantzoa.
Urtea:
1997
Argitalpenaren urtea:
Alea:
4.zk.
Orrialdea:
23

Maitasunezko axiomak

 

Stanley

 

 Hemen bazina

 AEK-ko irakasleak nola maitemintzen

 eta desmaitemintzen diren ikusiko genuke.

 Ez al litzateke zoragarria izango

 gure abizenak jartzea belauntzi bati?

 Bankuetan dirua azukre bihurtzen da

 gogoratzen zaitudan bakoitzean.

 Garai hartan guztiak errimatzen zuen

 zure begien kolorearekin

 norbaitek argia asasinatu balu bezala

 zugandik kanpo

 norbaitek erlojuak egin nahi balitu bezala

 gure aurka.

 Azken musua automatikoki bihurtzen zen lehena

 eta ibai baten izena ahaztu zitzaion

 geografiako maisuari.

 Hemen bazina

 arkatzak landatuko genituzke eta estutxeak bildu.

 Distantziak ez lirateke gure arazoa izango,

 txoriena baizik.

 Bazirudien itsasoa, historia, soziologoak eta ONG guztiak

 gure maitasunaren alde zeudela.

 Negua izugarri atzeratu zen urte hartan

 zentimetro, dezimetro eta metrotan neurtzen nuen

 zure edertasun luzea.

 Eta hala ere ez zaude hemen.

 Jakin nahi nuke

 bai, jakin nahi nuke

 nire ametsetako zein koordenadatan

 galdu zaren...

 

 


inprimatu