inprimatu
Poemak
Izenburua:
Poemak
Sinadura:
Patziku Perurena
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Perurena, Patziku

Argitalpena:
Literatur Gazeta.
Urtea:
1987
Argitalpenaren urtea:
Alea:
5.zk.
Orrialdea:
17

Poemak

 

Patxi Perurena

 

         Emily-ren biografi tantak, gutunak, poemak, epigramak eta

 apokrifoakizeneko liburuarekin irabazi zuen iaz poema-alorrean Azkue Saria

 Patxi Perurenak. Irakurleak jakin behar du liburu moduan agertuko dela ELKAR

 argitaletxearen eskutik laster batean. Patxi Perurenak badu beste poema

 liburua: Joannes d'Iraolaren poema bilduma.

 

Gure larrea ederra dun

 

                                                 Han bizi naiz ni

                                                 gizonak deus erein ez zuen

                                                 espazio aratzean

 

 (L.C.)

 

 Gure larrea ederra dun eta gailena

 desioa bait da espaziorik garbiena.

 Erantzunik gabeko galderak

 egiten zizkionagu elkarri

 isiltasunaren hariak ditugularik

 gure unibertsoaren lokarri.

 Hezurren eta haragiaren artean

 bide zuriak urratzen dizkin

 gure tristura ilunak gabean.

 Gure gorputzak isilik ziauden

 elkarrengandik guztiz urrun

 beren itzal sakonei begira

 amodioa lantzen gau eta egun.

 Desioa bait da espaziorik garbiena

 Gure larrea ederra dun eta gailena.

 

Utz itzan gurdibide zahar horiek

 

                                                 La vida que no es alfalfa

                                                 que retoña cada mes,

                                                 cuando la vista se troncha

                                                 se acabó pá de una vez.

                                                           (Mexikoko herri

 kanta)

 

 Utz itzan gurdibide zahar horiek

 har ezan hire soineko urdina, eta

 hator larre birjin hauetara...

 Ez dinagu kirkirrik azpian hartuko

 Ez gaitun irristatuko bare lingrindetan.

 Hator larre zoragarri hauetara...

 Ez dinagu belar guririk hankapetuko

 Ez gaitun amodiotara etzanen

 Ez dinagu laharretan aztalki larruturen.

 Hator larre miragarri hauetara...

 Karakolak ihintzetan bezala ibiliko gaitun

 hezetasunaren bide infinitoetan barrena.

 Hator larre amoltsu hauetara...

 eta utz itzan gurdibide zahar horiek.

 

Elurra bilduko dinat neguan

 

                                                 Egun, nehork ez du

                                                 elur zuririk biltzen

 

 Erreka garbiak gelarazi nizkinan seko

 hiretzat ispilu eder haundi bat egiteko

 Lore zuritan zeuden elorriondoak astindu

 hire soinekoaren azpildurak bordatzeko

 Ilunabarraren hortzak ordenatu nizkinan

 hire adats luze arreak orrazatzeko

 Txirtxilatu egin ninan zerua arraso

 hire eraztunari pipitta urdinak jartzeko

 Alkabelar batetan basamaruriak bildu

 lepoko koilare dotore bat egiteko

 Merkromina erostera joaten nindunan

 hire ezpain ikarak harrapatzeko.

 Baina, hemendik aurrera, etzan pentsa

 elur zuria soilik bilduko dinat neguan

 hire gorputzaren disimulatzeko

 eta, udan urtu eginen haunat zeharo.

 

Hire bidera atera naun

 

                                                 Nik ere izkiriatzen segituren

 dinat

                                                 dagoenean deusek ere iraun ez

 dezan

 

 Gaur ilunabarrean hire bidera atera naun

 baina ez haunat aurkitu inon

 eta gure amodioa errepasatzura pausatu naun

 miruaren antzera ostadarraren harietan.

 Begiak atera zizkionat haizeari

 denborari dation oinazea ongi behatzeko:

 Hegazti amoltsu izuak iragan ditun

 hik begiratzen hitunan hegi beltzetan

 Apaburuskak jaio ditun, hik

 oinak jarri hitunan istilean

 Goroldioak estali dizkin

 hik laztantzen hitunan harriak

 eta, harri txintxarrez bete ditun

 hik iturrian utzi hitunan urontziak.

 Baina, guzi honek honetan iraun ez dezan

 izkiriatzen dizkinat letra eri hauek:

 Sare gardenak hedatuko dizkinat

 hegazti mingarri horiek harrapatzeko

 Apaburuskak, beren gisa aienatuko

 hanken gainean jarri orduko

 Goroldioa nik neuk kenduko zienat harriei

 eta, hustu eginen dizkinat urontziak.

 Hire gorputzak utzi zituen hutsuneak

 haizeak eta nik bakarrik beteko dizkinagu.

 Gaur ordea, ez zebilan haizerik, eta

 ene oroimenez soilik beteko dizkinat

 hik utzitako urontzi zilar birjinak.

 

 


inprimatu