inprimatu
Drama baten bi eskena
Izenburua:
Drama baten bi eskena
Sinadura:
Joakin Balentzia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Balentzia, Joakin

Argitalpena:
Korrok.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
11.zk.
Orrialdea:
32-33

Dama baten bi eskena

 

Joakin Balentzia

 

                     -I-

     Sufrimendua, oinazea, mina:

 bizitza gogorra dugu gizakiok.

 Baina egin ditzakegu galderak,

 zeruari edo infernuari,

 geure buruari,

 eta nolabaiteko erantzunak aurkitu.

 Beste animaliek ez,

 eta agian horregatik askoz gutxiago

 sufritzen dute, bakartiak,

 beren txokoetan isolaturik,

 beren baitan sarturik,

 minari mugak paratzen saiatuz.

 Oinaze, sufrimenduak berariaz

 murriztu behar genituela, erran nizun,

 gure aldemenean tragedia gehiegirik

 ez sakabanatzekotan,

 sufrimendua ere giza konbentzio bat

 dela aipatuz...

 Baina hori erraza da erratea, erran zenidan,

 sufritzen ari garela,

 besteen, lagunen edo munduaren aurrean

 antzezten bait dugu gure papera, noski,

 baina premiazkoa dugu hori

 lagunek bederen, greziar eraz,

 "pertsona"tzat hartu gaitzatela,

 horrela gure sentimendua nolabait

 gurekin konpartituko dutelakoan bait gaude;

 gizakiok, azken finean, pertsonak gara,

 aktoreak, ez animalia arruntak,

 gure bizitzaren beraren antzezpenak

 ahalik eta hoberen eginez,

 egiazko bizia komunikaezina

 dugun bitartean.

 

                     -II-

     "Oso latza izan da",

 erran omen zuen Josebak

 torturaturik hil baino lehen.

 Hori bakarrik,

 bere epitafioa idatzi nahi bazuen bezala,

 "oso latza izan da".

 Hauxe izan zen heroiaren

 bere papera, hitzez, arrunt motza,

 bere bizitza eta heriotzaren sekretua

 berarekin eramanez, agian

 geure euskal tragedia

 gehiegirik ez sakabanatzeko asmotan,

 gure eskuetan utziaz.

 Etsaiek, piztia bihurtuek, berez,

 ulertzen ez duten hizkuntzaz

 ahozkatu zuen Josebak

 euskaldunok idazten ari garen

 poema epiko honetan

 bera ere pertsona zela,

 oinaze anitzen zentzu sakona

 horrela maisuki laburtuz.

 Esaldi-epitafio hori ere, berez,

 ezin da beste hizkuntzetara aise itzuli,

 herri ia oso batek bere drama,

 tragedia edo komedia propioa beraganatu,

 txotxongiloa ere ez dela,

 protagonista baizik, aldarrikatu,

 munduan bere papera eta teatro-lur osoa

 berreskuratu,

 berezko konbentzioak,

 lainoa eta eguzkia hartzeko

 eta heriotzarantz joateko modu berezia

 sortu nahiean dabilenean.

 "Oso latza izan da", beraz,

 ezin da aise itzuli guzti hori,

 etsaiek, piztia bihurturik daudenez,

 pertsonak ere izan nahi ez dutelako.

 

 


inprimatu