inprimatu
Arituen parada: Koldo Izagirre
Izenburua:
Arituen parada: Koldo Izagirre
Sinadura:
Koldo Izagirre
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Izagirre, Koldo

Argitalpena:
Korrok.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
5.zk.
Orrialdea:
56-57

Arituen parada: Koldo Izagirre

 

Koldo Izagirre

 

         Idazten afizioz hasi omen zen pasaitar honi egin diogu Korrok

 honetarako "gonbitea". Bibote elegantea, ile kixkurra, ttikipottoloa, ongi

 enkajatu zuen golpea telefonoz deituta, soken kontra akorralatura, "hi,

 bigotes, Korrokerako zerbait idatzi behar duk!" jaulki genionean, sinpatikoa.

         Papina Ustelaaldizkari literarioaren bidez ezagutu genuen guk. Baina

 Zeruko Argian, Oh Euzkadineta azkeneko Susa-ren orrietan ere ikusi dugu bere

 firma. Lan luzeagoak egin ditu, "Oinaze zaharrera", "Guardasola ahantzia" eta

 "Gauzetan" prosa eta poesia liburuak lekuko. Inbestigazio lan mardultzat jo

 genezakeen liburu lodikotea (motxila aproposa erosi behar izan zuen gutako

 batek hori garraiatzeko!) ere eskaini zigun "Euskal Lokuzioak" izenburupean.

 Zinegintzan ere aritua omen da, "Ikuska"etan eta, sari bat bederen bereganatua

 duelarik, baina ez dakizkigu bere lanen izenak (ez, "Tasio" ez omen da berea).

 Korrokero romantikoenak esan digu ahantzi gabe aipatzeko Imanol-ek kantatzen

 dituen Koldoren "Ene haserrea" eta "Zure bularretan" poemak.

         Hilabete honetan edo argitaratuko omen du bere lehendabiziko nobela

 "Euzkadi merezi zuten" izenekoa, hain xuxen..., eta gehiago ere izanen

 duelakoan gaude, baina guk ez jakiki, eta aipatutako nobela horren zai gauden

 bitartean honatx bidali digun aperitiboa. Mila esker, Koldo.

 

Hamar bertso berri Kantabriako partean

 

         1

 Baionatik Bilbora

 itsaso barea

 maria behetik gora

 zer bakardadea.

 

         2

 Baionatik Bilbora

 itsaso antzua

 han zuen harro utzi

 Okendok zantzua.

 

         3

 Baionatik Bilbora

 lapa ta lanperna

 handikan honeraino

 Okendoren pena.

 

         4

 Baionatik Bilbora

 itsaso petrala

 aspaldi esan zidaten

 besterik ez zala.

 

         5

 Baionatik Bilbora

 itsaso aingura

 nadila zure albora

 oraindik ingura.

 

         6

 Baionatik Bilbora

 itsaso zakarra

 baldin baneki nora

 kamino bakarra.

 

         7

 Baionatik Bilbora

 itsaso pobrea

 non du aurkitu behar

 Euskadik hobea.

 

         8

 Baionatik Bilbora

 itsaso euskara

 Baionatik Bilbora

 galduak ez gara.

 

         9

 Baionatik Bilbora

 itsaso gorria

 Baionatik Bilbora

 gure memoria.

 

         10

 Bilbotik Baionara

 alua itsasoa

 iheri ez dakiena

 hondarrera doa.

 

 


inprimatu