inprimatu
Hiru poema
Izenburua:
Hiru poema
Sinadura:
Koldo Biguri
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Biguri, Koldo

Argitalpena:
Stultifera Navis.
Urtea:
1983
Argitalpenaren urtea:
Alea:
2.zk.
Orrialdea:
39-41

Hiru poema

 

Koldo Biguri

 

 Isilduko ez den itsaso

 horren oihua

 izarreztatzen da

 kaiako harri gautuetan

 mila enbata jasan dituzten gizon

 horien begirada urrunduetan.

 Bai:

 hutsik  etorri diren txalupak

 beterik galtzen omen dira;

 honenbeste aztarna zahar

 lur urtu honetan...

 Haien testimonioa gelditzen zaigu,

 soilik,

 bainan ez du inork

 onhartu nahi.

 

 Eta urak; nork itzaldu ditu

 ur  urratuak eukaliptu horriez?

 Heriotza merezi du.

 Bainan ez: ez du

 inork

 itzaliko gure esperantza;

 poesia eta arimazko kolpez

 defendituko dugu.

 

                                 Pais que  o que chora vive, iremos indo;

                                 Indo, chorando, andando,

                                 Salvaxe voz que ha de trocarse en ira

                                                                       C.E.

 Ferreiro

 

 Zeru krudel baten dardara

 harrapatu dut nere begietan

 eta nere esku desolatuetan azaldu dizuet

 Entzun duzue

 tenplu urrun baten oihartzuna

 lur antzu hauen gainera

 amiltzen:

 aire geldoaren soinu harraparia zen.

 Eta orain

 kanpai moreak

 entzuten dituzue lurpean

 mendi biluzi horien barnean.

 

 Oihuka zahartzen ari da

 denboraren itzal itzela,

 eta bertsoz ere

 ezin dugu jadanik

 haize ustel hau uxatu,

 bainan zutik irauten dugu

 bizitzen, maitatzen

 eta gizonki hiltzen irauten dugu.

 

 Metalezkoa da zerua

 arraka torturatu hauen gainean.

 Isiltasun trinkoak trumoitzen du

 itsasoaren ertz itoan.

 Denbora oroitezin batetan galdu zen

 horizonte harriztatuan hondoratu dira

 Nere begi hordituak.

 Jadanik ez da hemen entzuten

 moteltzen ari den kantu zaharra:

 bai,

 sirena hilezko burrunba dago.

 Haien abots sorgingarriak oihartzuntzen dira

 oraindik

 nere belarri zulatuetan.

 Hare isil honetan hatzaparkatu zituzten

 haien azken kantuaren bertsoak,

 ur pozoatuak maitatzen,

 bakardade latzenean hil zirenean.

 Bainan ez du inork irakurriko

 otoitz bukagabe hori,

 haize biluziak

 itsaso mareak

 eta nik ere

 ezabatuko bait ditugu

 haien hitz hilen hildoak.

 

 


inprimatu