inprimatu
Kuttuna
Izenburua:
Kuttuna
Sinadura:
Eusebiren semea
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Eusebiren semea

Argitalpena:
Txistu y Tamboliñ.
Urtea:
1992
Argitalpenaren urtea:
Alea:
y aquí se mata a quien haga falta
Orrialdea:
68

Kuttuna

 

Eusebiren semea

 

 Zelanjakin nezakeen orduan ez zintudala inoiz ahaztuko?

         Zelan ez zenituen oihaneko atabalak entzun, gaua eta egunaren tartean?

         Oharkabean azaldu ziren nire bizitzan, laino tartean, gangster-

 filmeetako gaizkileak bapatean azaldu ohi diren tankera berean.

         Zelan ez zenuen hartu Ameriketara zihoan baporea?

         Gorputzez eta arimaz desiratu izan zintudan denbora luze, amaigabe

 hartan. Baina esaidazu, maitea, zelan aurkitu ninduzun, munduan bizi diren sei

 mila milioi jendeen artean?

         Eta zelan ez zenuen jakin gau hartan, nire odola zeure zainetan barrena

 hedatuko zela ilargi betearen bedeinkapenaz?

         Ez zaitut inoiz abandonatuko patu beltzaren ur lasterretan. Ez izan

 beldur, laztana.

         Alabaina, zelan ez zenituen ikusi piztuta kandelak?

         Hobe, ispiluaz bestaldean galdu izan bazina!

         Hobe, nire katu beltzarengan reenkarnatu izan bazina!

         Orain beranduegi da, ordea...

         Zelan ez zenuen ikusi ilargia gorritzen ari zela, sakrifizio-oiloaren

 odol beroaz?

         Dantzan ikusi zintudan orrazia galdu nuen egunean. Geroztik ez dut

 jakin buruko ideiak eta asmoak behar bezala apaintzen eta antolatzen.

         Zelan ez zinen konturatu, nik neuk ere ezagut nezakeela zazpi zapien

 dantza?

         Eta zelan ez zenuen garrasi egin mahai haren gainean, neure esku soilez

 bihotza bularretik erauzi nizunean? Benetan ez zinen ikaratu bihotza irentsi

 nizun gau diaboliko hartan?

         Gordeta daukat hemen zure arima, botila zuri honetan katibu. Askatu

 egingo dut agian, egunen batean.

         Zelan lortuko nuke bestela, maita nazazun?

         Esaidazu, kuttuna, zelan susma zenezakeen orduan ez zintudala inoiz

 amodio-sareetan harrapatuko?

 

 


inprimatu