inprimatu
Burezur begi bakoa ene antzik ba al duzu?
Izenburua:
Burezur begi bakoa ene antzik ba al duzu?
Sinadura:
Asier Serrano
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Serrano, Asier

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1994
Argitalpenaren urtea:
Alea:
32.zk.
Orrialdea:

 

burezur begi bakoa

ene antzik ba al duzu?

 

Asier Serrano

 

         minuskulaz idatzi behar dugu orain.

         behar baino jantzi gehiagoz hornitzen ditugu geure buruak eder

 kaleotan, antzina ginen gizon-emakumea taupaka gisa, gure ordez hotz guztiak

 jasoz.

         agian poetak inork baino gehiago oraindik, eskularru bizibakoz anaiaren

 intxaurra irentsi nahirik, zerbaiten ume-kexua.

         ager liteke poesia udaberria, euria, larrazkena eta zerua gurtzera

 eraman nahi duenik, andereņo panpoxak lepoak okertzen bere buruak irensten

 dituzten jaun panpinen aurrean.

         baina beti izango da norbait poesia gizaki biluzien amaierarik gabeko

 gudara eramango duena, haratuzte festa doanetara mozorroak kentzera, poetak

 jotzen duen xirula baina zure bizkarrak zigorturiko makila.

         eta familia eta amonak umetan kontatutako ipuinak eta beste biblia

 sakrilegoa eta arnasa hartzeko maskarila urrun izan arren, gorde amasabelean

 gelditu izan ginen egunak, nahiz eta behin ere amasabelik izan ez, nahiz eta

 zilegi den pentsatzea defendatzeko moduko aitaren etxerik izango ez dela, asier

 serranoren hitzak bederen, zu bezala ni, masailkatu egiten gaitu, airea

 urratzen etenduretan ezkutaturiko hainbat kilometrotan, nor garen eta zer

 oroitarazteko.

         aurpegira botatzeko.

         tapaukiak mihi pozoitsuz musukatzen.

         ustezko hainbat printzeren odoletan eraiki den poesia, hain garesti

 zaigun poesia, zutik iraun eta ustez poeta garen guztiak sakailatzeko balioko

 duen poesia.

         ez.

         ez dituzte gure gorpuak aurkituko.

                                                                   xabier aldai

 

 euskal baratzak diotso kresal haizeari

 fereka dezala animalia hilen odol usaina

 makur dadila adreiluen oztopoa sentituz

 askatasuna baxu aipa dezala egunsentiz

 beltzez imajina dezala gau(r) zerua

 eskatuz erreguka

 urrutirako bidaia baten mina

 

 kanpai dorreak diotso talaiari

 eman diezaiola prometaturiko uhartea gizonari

 bizi bakean dio besaulkian odol urdinez

 mozkortzen ari den barregileak

 heriorekin harremanetan fusil habitik

 irtendako putrearen sermoia

 

 eta behin eta berriz diotso

 lur zizareak hileko lehen igandeko azken olatuari

 ez dezala gizakia hondarretan bizirik utzi

 erreguka eskatuz

 gizona jaio baino lehen

 bere burua bota zuen jainkoaren izena

 

 soldaduak diotso aingura jaso duen marinelari

 ez dezala amua kendu

 azken balaren otoitza entzutean

 berak hozkatuko duela

 itsaso eta lur kateatu orotan

 estreinakoz igerian ausartu den

 zibilizazio itoa

 

 aspaldi honetan

 sukaldeko saguak bandejaz akatuz

 tomate zukua egiten saiatu naiz

 eta hala ere badirudi

 odol urdina dutela zainetan

 —gizakiek lez—

 

 egun hauetan

 zizareak lagun egin ditut

 baina damu dut mandragora belarrez

 ez ote diren urkatuen ileak erabiliz

 baleak ehizatzera joango

 

 aurten bertan

 armiarmekin jostatzen ikasi dut

 eta jada ez zaizkit zakurren laztanak atsegin

 atsegin dut mantisak

 odol hotzez biktimak ahoratzen ikustea

 —aitak gudan egiten zuen bezala—

 

 azken batean

 gizona izaten irakatsi didate

 nor hil den baino lehen

 nola hil den galdetzen

 

 urki-14eko altxorrak infernuko zerraldoetan barna

 higituz gero hautsak erratzaz garbitzen oroimena

 arratseko igande arratseko oroimena estutuz

 hondoan aingurak lehorrean zabaldu duen

 pertsianazko gora-behera gogamena

 heriotza alai dabil iturri agortuan

 harez eskeletoak higatzen burezur begi bakoa

 ene antzik ba al duzu?

 agian irudia joan zaizu poztasunezko putzura?

 joan egin da agian?

 

 uso beleek arratseko igande arratsaldeak

 hautatzen dituzte zoramenezko elurrez

 eibarko kaleak zuriz gautzeko

 jada ez da aingerurik antzemanen

 arauak ahaztuz gero ez dago

 negar egiterik fadoen elurpea urtu nahian

 agian joan egin zaizu gomuta

 igande arratseko arratsera?

 joan egin da agian?

 baina norantz?

 

 lurrak

 atzetik bukatu fuckatu nahi luke

 arnasestuka dabilen zeru hau

 urte guztiak direla legez kanpoko diotenek

 ez bide dakite katuek ere

 isatsa bere tokian daukatela

 eta hargatik ez dugula inolako tentaziorik

 nik

 berdintsu luzatzen buztana

 eta aspaldi ikasi nuen potrojorran

 zapata bat kendu eta oraindik bestea

 oinutsik dagoela konturatzeke

 zuk

 ez zenuen sentitu kantu bat

 nota eta guzti sutara botatzeko premia

 eta zakurrek ez zizuten usainik hartzen

 hilekoaz ez bazeunden

 nik

 ez nizun irakatsi hegan egiten

 ezta inolaz eskatu arrano lumarik

 gaiztoa nintzela jakin nuenean

 negar malkoz hurbildu nintzaizun zirri asmoz

 zuk

 ez zenidan inoiz barkatu ar jaio izana

 eta elkar maite izaten genuen bakoitzean

 izkina batean makurtzen zenuen belauna

 insatisfuckzio zuloa hotzez horditu nahian

 zeruak

 maitasuna nola aldatu den jakingo balu

 labanaz ebakiko lituzke zainak

 lurrak

 gudaren urkaziotik erantzungo lioke

 sehaska kanta bailitzan egunsenti grisean

 eta itsasoak sua konkistatuko luke plakton beltz lurrinez

 larrua jotzean izerdi eta kez inguraturik

 maitasun ororen sortzailea

 giza-jainkoa

 

 arrosak aspaldian usteldu zirela eta

 maitasunak ere kendu egin ditu hegoak

 Kupido Omenikek kaletar xume bihurtuz

 barre egitearen profezia ezagutu du

 ludi osoan maitemindurik dagoen bakarra

 aingeru sexugabea da

 —Narzisok ere ispilua puskatu du—

 

 liliak nor naizen baleki

 fotosintesia egingo zukeen ilargi beltzetan

 arimen erresumek antzina antzinatik espero zuten

 maitasunak zeldan dirau

 biharamunean utzi ninduzun ene etxean eroso

 kale hotza irristatzen zen

 zure belardi galduan

 —elurraren haizeek eraman zintuzten—

 

 krabelin gorriz estali ninduzun

 tximeletak birjaio egiten ziren

 azken negarrak hustu asmoz

 ez zotinik ez aienerik

 eta malko gorrien ostean loreak

 sinbolo zirela ulertu nuen

 —eta sinboloak ahulentzat dira—

 

 sanjose loreek ere lehen eki izpietan

 uztartzen jakin zuten

 neguaren eta udaberriaren kantu apokaliptikoa

 edertasuna maitasuna abestea

 gaur egun

 heriotz zigorrez ordaintzen da

 —ederkeria maitakeria—

 

 etxeorratzek haizea dakarte

 masusta lurrinez estalirik ene penaren

 zurbila

 haizeak erloju orratza dakarkit

 igaro urteak zentimetroka zenbatuz

 ene bihotz haragian sufrimenduaren

 gezia zulatuz

 eta odola ez da tonaka zenbatzen den

 gorrotoa inoiz izanen

 zauri bat beste zauri batez

 sendatzen da

 baina zenbat saurio eman dizkiozu gaur

 ahapeka dabilen ekiari

 naizena naizela

 ez dut erantzuna jakin nahi

 oroimenaren ispilura lerratu ume ametsetan

 haur biluziaren gorpu zuri

 garbia janen nuke

 oroit zaitez

 ez nago ziur zein liburutan

 irakurri zintudan

 baina uste dut ene

 autobiografian izan zela

 

 uztazu emeki

 gaua bere saskian sar dadin

 eramazu

 otoitz ilunen mezkitara

 erakargarri eginen zaizu begietara

 

 uztazu emeki

 bekatu ez direla diotenen artean

 aipu bat besterik ez dagoelako

 egia gezurtzat duen aipua

 

 uztazu emeki

 basoko iratxoa esna dago

 emaiozu hankak okertzen dituzun artean

 apatrida diozu baina

 norberaren barnean usteltzen ari den

 bidaiaria besterik ez da

 

 uztazu emeki

 presokratikoa deituko diogu

 badaki arrainek ere

 atzazalak dituztela

 badaki zerua urdin dagoenean eta lurra berde

 ilargiak irten egin behar duela

 badaki zure barnean hazi den arrautza

 jurasikoa dela

 badaki ez duela negar eginen barre

 eginen zukeelako

 badaki nor zaren eta nor ez

 zein den eta zer ez

 

 uztazu emeki

 eta lasterka ihes egizu

 iratzarri baino lehen

 eta hala ere ez duzu

 bihotzetik at utziko

 amak jaurti zuen zarenaren gorrotoa

 

 haur bihotz nahi nuke zugana itzuli

 begiek salbatu ei zuten behin haurtzaroa

 zureak hain gazte izaki gehiegi ikusi nahi izan dute

 eki zaharkituaren itzaletan bekainak ero

 elurra zeruarekin nahasten ikusi dute

 egunak nola belauniko otoitz gauari babes

 ez dute ezer sinesten jada gezurra besterik

 

 haur bihotz nahi nizuke poema bat eskatu

 lore ederrez jantzia amodio mezu batez agian

 ur-errotaren freskuran izkiriatua bestela

 baina jada ene bihotzak

 

 heltzaroan somatu du maitasuna gorrotoarekin elkartzen

 eta ez du sinesten eta ezin du sinetsi

 udazkenean lora litekeen arrosa gorririk dagoenik

 maitasun gosez hil den inor abesti bat merezi duen inor

 

 ezin dut sinetsi maitasuna ediren duen inor dagoenik

 kristal hautsiek eta fusil hotsen oihartzunek

 elurpeko ganbaretatik senide hilen aieneak

 bortxatzen dituzten bitartean

 gorrotoak maitasunari zerraldo kaxa neurriak

 hartzen dizkion artean

 ez du inork bere haur bihotza aurkituko

 

 haur bihotz jaioko da amaren amatasun hotzetik

 askatasuna oihukatuko duen poetarik oraindik

 baina berdin izango da

 nork entzungo dio? nork erantzungo dio

 fusil arnas baten itolarriari segi?

 

 haur bihotz nahi zintuzket aske

 nola ordea gizonak bere oinordekotzat nahi nauen artean

 poeta baten hilobian aurkituko gara guzti hau izorratzean

 ilargiak ekiari irteteko baimena eskatu beharko dionean

 iragana etorkizunarekin jostatuko denean

 

 bihar euria egiten badu

 zainak urratuko ditugu

 ur tanta fosilizatu batez

 posible izanez gero

 hamahiru sehaska kanta jarriko ditut

 hodei erien magaletan

 eta gutxi izanen balitz

 ttu eginen diot edozein kaletar burusoili

 zortzi amets lehor ur-akatuko dizkiot

 gauean zotinka dabilen ludopatari

 atsoak bultzatuko ditut irrista daitezen

 urez erreko ditut haurtxoen lozorroak

 eta esnatzean zerua urdin ikusiko dute

 

 bihar euria egiten badu ere

 biluzik irtengo naiz kalera

 eta gizakiari eskatuko diot

 ez dadila sartu

 bihar behintzat

 jainkoen bizitzan

 

 zer zor diezaioket

 argia eragozten dabilen ludi honi

 zer oinak non paratu zorua sugarrez josia

 zer biluzik etorria jazki olanez atondua

 zer urteen kalenda paperak eman badizkit

 guztia

 

 zer zor diezaioket

 hemezortzi udaberri bizi dituen metafora honi

 zer itsukeriaren mesprezua amoltsu izara lo

 zer jipoien kontabilitatean ahaztua

 zer neska paper baten amodio frustratua

 guztia

 

 zer zor diezaioket

 luma tranpatua duen azal hits ortografia honi

 zer hizkuntza batu baten hiztegi harroa

 zer sistema izenez A estreinakoz agurrean R

 zer poesia bekatu barkatu esateke irensteko

 guztia

 

 zer zor diezaioket

 etorkizunera heltzeko eskupekoa eman didanari

 zer plazerez estalia gauen izar arteko ezkila

 zer lehen argitan isuri hitz goxo fitsak

 zer ahantzi ordainez aitaren musu koskorrak

 guztia

 

 zer zor diezaioket

 goitik bekatarien kezkak biziagotzen dituenari

 zer beldurrez iragaten zenuen zainen gurutzea

 zer artzain beltzaren esker ona lojantzi poltsa

 zer paradisura deskomekatu zintuen izenen mena

 guztia

 

 zer zor diezaioket

 haurtzaroa lapurtu didan gizarte honi

 


inprimatu