inprimatu
Zenbaitzuk uste dute vitoria-gasteiz espainia dela...
Izenburua:
Zenbaitzuk uste dute vitoria-gasteiz espainia dela...
Sinadura:
Xabier Aldai
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aldai, Xabier

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1994
Argitalpenaren urtea:
Alea:
32.zk.
Orrialdea:
14-15

Xabier Aldai

 

 Zenbaitzuk uste dute vitoria-gasteiz espainia dela

 gizakia aingeruaren aurka ausartu zen

 eta aingerua garaitua izan zen

 behin eta berriro gizakia besarkatzera altxatzen da

 ihesa galerazi nahi liokeen diru-saria balitz bezala

 (eskukada batez) bat bi biru mila

 estutuz jipoituz eta estutuz

 heureak nahi hituzke ostrailikiaren kolorean

 eta bat gehiago

 poeta ezezaguna

 bere lanak argitara ikusi ez dituena

 iragarkiak hasten diren tokian entseiatzen du

 behin ere irakurriko ez duzuena

 soka bat lepoaren inguruan eta

 oinak arnotan

 munduaren ordena berria eta herriaren opioa

 ni ez naiz zuetarikoa

 ezin utz diezaioket bizarra has dadin

 luze eta zuri

 eskuak bizkar gainetik bihurtzen oihukatuz

 euskara ez hiltzeko aukera bermatzen

 

                     bala bat udaberriaren magalean

                     kaskilo bat lorartean

 

 haritzik sustraitsuenak ezin jasan moduko

 ekaitza iritsi duk

 begira hitzak iskilinbak bezala

 arimak josten malerusaren zuhaitzean

 oroimenak ala errusinolak

 eskuak nik ez dakit zerez zikinduak

 zainetan odola bezain ziur

 hitzak ezpainetan maite zaitut

 bihotzak bezala

 erraz eskainiko duk beste masaila

 ogi koskorra eta postuak ez dituk faltako

 eserlekuek iraultza berotzen diate

 ugariagoak dituk gerizak magalak baino gehiago

 ez dela kasualitatea hire untziaren meneko

 hareatza honetan ez duela maizterrak sororik landatuko

 zorpeko diren hezurdura anitz baino ez

 benazko uztak baino arrosak elorrian

 nahiago duten itsaso honetako uhinak zenbatzen gelditu

 ezjakintasunaren indarra

 ipurtargitik hasita goritasun gorri-laranjatua

 ikus ezak izuaren aurpegia ikaraz ihesi ordokian behera

 baldeko urak eragin eta suzko olatua hazi

 non bandera bat eskuairatu duen bere logabetasunen lekuko

 haritzik gordeena ere erauzi beharko da

 gero hau mantentzearren

 aberria ala hil oihukatzen dute

 poesia ala hil idatz dezaketen moduan

 badute ezkutupeko amodio desira bat

 etsi ez baino zutik eutsi araziko dien indar ezkutu bat

 mugarik eta zokorik aurkituko ez duen uhina

 paparrean eramateko moduko bandera

 gurutzez inguratuak edozein aitaren etxe defendatuko duten

 leporaino hartuko ditu

 edozein kanposanturen aldapetaraino hartuko ditu

 itogin sikuak

 harroenak ere eraikiko dion kapera-sagaratua bihotz ondoan

 urrezko uztan bere haizetara hazi daitezkeen ikurrinerantz

 beltzez eta odol kolorez sortzearen atsegintasunez

 zeina oihal guztiak bezala izekitzeko den

 leiho osteko xabier guztien lekuko suhar adibidez

 ikus ezazu kea gurutz kiskaliak lama guztiak gehiago garaia;

 

                     bala bat udaberriaren magalean

                     kaskilo bat lorartean

 

 jaka bat eta betaurreko batzuk datozkit

 —agian idazle bat—

 hitzez ezin azal diren guztiak

 liburu bakar batean batzeko bezain ondratua

 su dagiot nire etxeari

 duintasun mutu baten deitoragarri

 poetaren hitzak ala oroimenaren azantzak

 odol markak urrutira heltzen dira itsasertza utzirik

 ogi horretatik eraikitzen dut nire gorputza zure jatekoa

 idazten badut ez daukat

 euskara ez bide lagun ez xede

 pinudien magalean hazitakoa nauzue

 aho bat bihotzaren san juan su

 noraezeko inoizko duintasunik edo

 joan zirenak hil eta falta direnak zenbatzera datorrena

 bat bi hiru zazpi erditan partitzen da gizakia

 eta hala ere ezin abandona ditzake ez ahoa ezta bihotza

 marmolezko palazioetatik ikusgai ditut

 bibolinak izarren esnetik edaten

 beleen hegatsak airean eta txabolen artetik umeen lo soraioa

 desagertuen amak itsasoko uhinak zenbatzen

 iturria aurkitu gura balute bezala

 ahoa eta bihotza erratuz dabiltza beti

 inoiz sagaratuko den sute hau

 pasio ezkuturik

 garestiegiak izanen dituk etzi gogoratzeko

 diru boltsa besarkatzera altxatzen da

 ihes nahi duen laguna balitz bezala

 hor kanpoan euskal poesia datza

 hor kanpoan euskal poesia datza

 

 Aldare zuriak ditugu maite ostantzeko mirian

 espartzuz ela eskuzabalez ezpain-urrekoz

 non poeta ihinzpeko liliaz gurutzefika

 izerdia eskuetan eta gosea ezagutzen ez dugunok

 —etorri handiko zozo—

 krabelin gorrien koloreko odola

 maindire garbiak ezean atabuta hezeak

 eskuak luzatzen zienei begira

 oheratu zen lagunarentzat

 kanta berrien aitzakia:

 euskaraz idazten dugu

 zaharkitu baino

 sortzearen indarra atreka ez dadin

 edo oparo bazkaltzeari uko ez dagiogun

 hilkutxa honetan norbait falta denaren kariaz

 nire masailak ez du bueltarik ordea

 logalduen lazturan sortutako hitza

 aldareen pare ederrez oroituko duen

 ikurrina bat mortuan

 zeintzuk maiteegiak ditudan bihar

 aldare zurien lekuko

 oroimenean gordetzeko

 maitasun batek bihotzaren odol

 ahoz eta sabelez

 maitasun orok bezala

 goizik ez dakarrena ikasteko gogorik

 nire hitza ez da zin hitz

 nire untzia ez dator euskaraz atrakatzera

 

 ahora itzuliko ez den uhara

 nire hitza lotara doa

 erraz topatuko du

 bere itogin sikua jarraitzen duena

 erdaldun eta mutu

 bihotzaren egarria asetzeko

 olaturik sortu gabeko

 zurrunbiloa

 

 Zerura begira nago luzaro

 noiz ageriko olentzero emaro

 sabela eta biontzat beti da azaro

 zain dagoenak entzun dezala

 gabon-oles hau oparo

 

 mailu ororen odolkina

 san martingo zerria

 baserritik herrira dakarkigu

 elur zurien eguberria

 

 aitaren etxeko zakurrak

 zaunka bete uluka

 ez da ogirik bakea eman dezan

 mihikatzen duen beztiduran

 

 gorputza ez daukat bero

 zerua urruti dut honez gero

 bankeru jaunaren alabaz

 harekin ezkontzea dut espero

 

 zure alaba dut maite

 nire gosearen atabute

 eraztun honetatik egin behar dut

 tripazorrien asebete

 

 hala bazan edo ez bazan

 sar dadila kalabazan

 eskari ona izango du plazan

 norbere ustearen prezioan

 

 


inprimatu