inprimatu
Urtarrilak 6
Izenburua:
Urtarrilak 6
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
22

urtarrilak 6

 

 Magnetofoibatean jasotako azken hitzak:

         «Gure balkoiko lorontzi gorrietan amak landatutako jeraneoak zimelduak

 izango dira honez gero. Gaur da haurren zorion eguna baina haurrek agian jakin

 nahi lukete gure berri ere, egunkarietan diotena baina zerbait gehiago, RECIBIO

 DOCE TIROS, TRES DE ELLOS MORTALES dioen erreseina zokoratu eta inozoa baino

 zerbait gehiago. Nire arreba txikiak jakin nahi luke agian non nagoen. Nire

 arrebak galdetuko lidake agian ea jeraneo bat jartzeko egin didaten zulo gorri

 hori buruan edo ba ote den gaur batere hegaberarik lubakietan. Eta ez, ez dago.

 Hegaberarik ez ikustean, sehasketako hienak ere negarrez hasiko dira ausaz, eta

 munduko haur guztiek hildako soldadu batekin amets egingo dute lau segundutan

 bederen. Ahozpez lohiaren ertz lehorrean dagoen soldadu batekin. Zulo gorri

 bateknl. Zuen lurretan ereindako hilotzekin. Soldadu bat imajinatzeko dagoen

 era bakarrarekin. Nire azken arratsari —nire azken hatsari— darion botanika

 tristearekin.»

         Eta bere helburura heldu ez den kartoizko pakete batean aurkituko

 ditugu egunkari pusketa hauek, magnetofoi zahar batean eginiko kalidade

 eskaseko grabaketarekin batera. Orrazi bat ere bai, bota lokaztu bat odol tanta

 banaka batzuekin, zigarro pakete hasigabeak, ipuin bilduma bat, erloju bat

 (Omega, baina urrezko estalkia kenduta) eta gabardina luze bat J.A.

 inizialekin, eta gabardinaren poltsikuan, azken poema bat:

 

 EDERTASUNA

 hil dun

 hil diate

 hil diagu

 berdin dun ez zegon edertasunik

 hik hil al dun zizpuru batez?

 orain ezinbestekoa dun nagusi

 hik akatu al dun hurkoaren gainean

 mundu bat erruten ari huen inurria?

 berdin dun hik ez ditun inurri guztiak akatu

 orain langarra zetorren umeen gosarian

 gauak zenbat begi isuri dituen jakitera

 bakardadea oihartzunez agurtzera

 burua ile zuriz garbitzera

 arrats gorri haizetsuak trukatu dizkinate

 inork eragozten duen biharko eurijasa

 

         Espartzuzko sokaz lotutako paketearen atzealdean herrialde baten izena

 eta data bat. Herrialdeak Desiderium zuen izena, baina izan zitekeen beste

 edozein. Data, ezabatua. Norbaitek apropos ezabatu duela dirudi.

         Eta esango nuke, jada zaila dela soldadu bat imajinatzea.

 

 


inprimatu