inprimatu
Abenduak 16
Izenburua:
Abenduak 16
Sinadura:
Méndez Ferrín
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Méndez Ferrín, Xosé Luis

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
2

abenduak 16

 

 Sartugaituzte trenetan, etsipena tonaka daramaten edo dakarten trenetan. Eser

 arazi gaituzte egurrezko aulkietan, egur negartiaren usaina dakarten edo

 daramaten aulki grisenetan. Ikatza eta hautsa hirian hustu dituzte, guretzat

 lekua egiteko bagoietan. Eta gutako edonork bere lepoa emango luke gaur hauts

 edo ikatz pusketa bat izatearren.

         Sartu gaituzte trenetan, etsipena tonaka daramaten edo dakarten

 bagoietan, eta hiena guztiek negar egin dute gure joaneran. Burdinbideko

 harritzar limuriek, otsoek, ohol paralelo mila aldiz errepikatuek, arratsaren

 botanika tristeak, negar. Geltoki guztietan gelditzen da gure trena etsipenaren

 karga areagotuz. Estazio guztietako koloreak eta whisky upelak arpilatu ditugu

 gure bidean eta hiri guztiak ikatzez eta hautsez betez aldegin. Periferietako

 pabiloi beltzak iragan ditugu, egunkari kioskoak, aterkien fabrika zaratatsuak.

 Trenbide asko ditu adurrak, baina bat baino ez da guretzat aukeratua.

         Euriak leihoen beira urratzen du poema bustiak erakarriz hiltzeko jaio

 diren belarrietara. Berdea ahantzitako kolore bat da izotzaren gorroto

 garroetan. Ezkilek negua dakarte; ezkilek negua daramate...

 

Neguko ezkilak

 

 MUINOEN isiltasunak kontrapuntua

 dagio ene urratsen erritmoari,

 apar marroiez gainezka

 katiuskapeko bidezidorra.

 Bizitza neguan datza.

 

 Dizdira bizian jo dute euri tantek

 pago adaxka gaztea, lurrera so

 berebala espazioaren itute begiak.

 Eta belztura sakonagoz orbandu

 eroritako enbor ustela,

 euri egarri beti, lisakin triste

 eta oihartzunik gabeko ezkila isila.

 Negua euritan datza.

 

 Artilea gizonaren bizitzaz jabetu

 da eta larru batek oibuka dioska

 besteari erregutuz fereka.

 Agurearen zilarrezko begiak

 ahantzi du oraina, hurbil ondino atzoa

 eta urrun letorlziokeen geroa.

 Gizona neguan datza.

 

 ORTOZIK ibili nahi dut

 zelaietan barrena.

 Gorputza lurrean bota

 Belarra aurpegian

 kili-kili egiten sentitu.

 

 Nire ibiltzeak

 ez du norabide jakinik izango

 Nire behatzak

 aske izango dira

 ihintzarekin jolasteko eta bustitzeko.

 

 Euriak garbitu egingo nau.

 Ortzean agertuko den

 koloretako adarrak

 Eki alaia heldu dela

 oihukatuko du.

 Lainoek ezkutatuta zuten

 urdinik urdinena

 oparituko didate.

 

 Barre egingo dut,

 ene algarek sorturiko

 malko gaziak

 masailetan behera eroriko dira.

 

 Milaka lore artean

           —lore gorriak,

           lore urdinak,

           lore zuriak...—

 Lore bat aukeratuko dut,

 lore hori dizdiratsu bat

 izango da,

 bi malkok

 bustiko duen lorea.

 

 Malkoak

 Begi bihurtuko dira,

 zure begiak.

 

 Eta eguna amaitzean

 Hilargiak

 Gure bidaia amaibakoan

 babestuko gaitu.

 

 


inprimatu