inprimatu
Mendian galdu direnei
Izenburua:
Mendian galdu direnei
Sinadura:
Fernando Aire "Xalbador"
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Fernando

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
30.zk.
Orrialdea:
9

Mendian galdu direnei

 

Fernando Aire 'Xalbador'

 

         Ezpeletako mendietan hatzeman zituzten Frantziarat lanketa zatozin hiru

 gizon beltzen gorputzak; hotzak eta goseak hilak zituela ezagutua izan zen.

         Gertakari horrek gogoetak egin arazi zauzkitan eta pertsuak ezarri

 nituen hortaz.

         Nik, muga bazterrekoa izanik, nor nahik bezain ongi badakit mendiko

 berri. Gau osoak iragan ditut askotan horietan gaindi. Tokia ezagutzen duenak

 ere izaiten du hor lanik aski gauaz, aro txarrarekin batez ere.

         Ez dut egundaino hauteman gaixtaginik ibili dela gauaz mendian. Gu

 iduri, behartsu batzu dira beti hor dabiltzanak. Hala ziren Ezpeletako

 mendietan hilak hatzeman zituzten dohakabeak ere.

         Beren ustez hartua zuketen, etxetik ateratzean, gogo zuten lekuraino

 heltzeko dirurik aski; bainan norbaitek bildu zioketen dena mendiari lotu baino

 lehen, eta han utziko zituzten, haur sortu berri bat gauazko sedenean,

 norbaitek bilduko duelako menturan, nork edo nork utzi ohi duen bezala.

         Horren egitea edo norbaiten jo buruan eta botatzea dituenen ekentzeko,

 berdintsu zaut eni.

         Eta zer erran gure agintarietaz? Frantzian aski barna sartuz geroz,

 haizu ziren arrotz horiek egoiterat. Zendako ez bada utz mugan ere pasatzerat

 eragozpenik gabe?

         Bada zonbait holako bitxikeria munduan, nik injustizia deitzen

 ditutanak. Bainan ixo! Ez ditzagun iratzar lo goxoan daudenak!

         Horra direlako perstuak; hor agertzen ditut ene sendimenduak hobeki.

 

                                 1

 Gauza triste bat publikatzeko kantatzerat naiz abian;

 horra zer berri zabaldu zaukun berriki Eskual Herrian:

 laguntza faltak berekin duen pairamenaren erdian,

 hiru gizonek beren bizia galdu dutela mendian.

 

                                 2

 Etziren gure arrazakoak mendian galdu direnak,

 Jainko Jaunaren bixtan ordea anaiak girade denak;

 kolorez beltzak izana gatik, heiek ere ama banak,

 bertzek bezala sofriturikan, mundu huntarat emanak.

 

                                 3

 Afrikatikan hunat zatozin, eginik bide luzea;

 ezin jasana zuketen nunbait herriko ezin bertzea;

 beren bizia hobetu nahiz, gosez ta hotzez hiltzea;

 bas'ihiziek gorenaz dute halako heriotzea!

 

                                 4

 Diru zuteno laguntzaileak bazituzten ene ustez,

 bainan zonbaiten karitatea egiten da diru hutsez;

 hartarik kanpo axola guti bertzen arima gorputzez;

 gauza horrek nau orroit arazten Judasez eta Jesusez.

 

                                 5

 Ezin bertzea berekin dauka betitik herri pobreak,

 hango jendea tirriatzen du bizi modu bat hobeak;

 haren ondotik zabiltzalarik, hil dira dohakabeak...

 Ai! Ezpeletan aurten nolako primaderako loreak!

 

                                 6

 Bas'ihiziak gerizatzeko badute lege bipilik;

 heietan zonbait ihiztatzeko ez du gizonak pegilik;

 eta jendeak norbaiten faltaz mendian goseak hilik...

 Lege horien sustatzaileak gelditu dira ixilik.

 

                                 7

 Boteretsuak ilargiraino igan zauzkigun orduan,

 nehoiz bezanbat injustizia ikusten dugu munduan:

 batzu dirutan emokatuak, gako guziak eskuan,

 eta bertzeak ogia galdez, biziaren irriskuan.

 

                                 8

 Dirua deno gure nagusi, ikusiren da holako:

 aberatsentzat atekak zabal, hertsi pobrearendako;

 iduritzen zaut, gizona bada erreprotxurik gabeko,

 bidea libro behar lukela nahi lekurat joaiteko.

 

                                 9

 Arrotz horiek horrela hiltzen ikusiz gure artean,

 nolaz eduki ginezake guk kontzientzia bakean?

 Orroit gaitezen, atsalde batez, Galbarioko gainean,

 gu guzientzat hil izan zela Jesus kurutze batean.

 

                                 10

 Jesus maitea, otoitzez nago kurutzearen oinetan,

 ixuri duzun odol saindua ez dadila debaldetan;

 gure lurrean hil zure haurrak harzkitzu, otoi, besotan,

 arraza berex eta mugarik ez den erresuma hortan!

 

 


inprimatu