inprimatu
Muga, helmuga, zerumuga
Izenburua:
Muga, helmuga, zerumuga
Sinadura:
Harkaitz Cano
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Cano, Harkaitz

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
30.zk.
Orrialdea:
4

Muga, helmuga, zerumuga

 

Harkaitz Cano

 

                     1

 Hain hiskor diren marrok

 gauak berdinduak bere oleo ihesezinaz

 ez dituzte errekek lerratzen,

 urtuaz isurian bideko berun txintxarrak;

 ez dituzte beleek erortzen utzitako lumek zedarritzen,

 ez mendiek, ez ibarrek,

 ez gizakiaren baldartasunak sikiera;

 mapetako marra zarpailok

 baioneten zizta errepikatuek edo eta

 arrastaka eraman sudarioetatik

 banan-banan irrixtatutako

 odol tantek

 dituzte marraztu

 harrapatuz eta itoz

 beren pean lore kolerikoen loak,

 beren pean sasi soslaien lausoak.

 Baina odolbilduek seinalatutako sasibideak

 euriak ditu ezabatzen,

 —euriak dakarren aroa, denborak daroa—

 gaualde susmatzaileetako

 arrastiri busti, barreiatzailean.

 

                     2

 Marrok ez dute ulertzen

 amore ematen ez duten herri itxurako multzoez

 multzo itxurako herri irlatiez,

 hizkuntzez, edo eta,

 sentimendu itxurako kasketaldiez.

 Marrok, pultsu dardartiz

 seinalatu zituen ezein jainko aketok

 gure azaletan tatuatuz minaren orbainak

 entzun gabe erreken eztarri unibertsalak

 deiadarka botatako etsipenaren sinonimoak mila

 zakur eta armiarma oro aurki ezinean bila,

 baina zeren, zeren bila,

 ez al gara ba herri hila?

 

 Marra baten alde batera nahiz bestera

 dagoen hura berdina izanik

 nola ulertu amildegi izun horien sakona?

 eta nola konprenitu

 zuria eta beltzaren artean dagoen eremu jabege

 begiz beha ezinekoak

 lerro mugatzailerik ez izana?

 

                     3

 (Helmuga da

 aurrez ezarri eta lortu nahi dena

 baina benetan helmugatan pentsa gabe

 dirauenak soilik

 erdietsiko du berea

 izan al dute akaso helmugarik

 txoriek beren migrazio suizidetan

 iparretik hegoaldera eta hegoaldetik iparrera

 ze helmuga dute mataza elurtuek

 ezpada urtuz eta elurtuz bizitzea

 rutinaren lasaitasun borobiletan galduz

 ze helburu dute astroek ezpada

 gautuala agertzea pasian

 historiaren orratz ebakitzaileekin

 espaloiak argitzera,

 gaua maite dutelako bakarrik,

 beste aitzakiarik gabe...)

 

                     4

 Egunaren urkamendi urdinetatik

 ehundaka buru grisail

 berriro ere zintzilik;

 poeten lepo estutuek

 ez dute ezer ulertzen,

 eta itsas herdoila izanik irakurle kaxkar,

 alferrikako deritze idazteari

 ZERUMUGA dela egiaz muga bakar,

 eta hura ere,

 doian dela ezberdin.

 

 


inprimatu