inprimatu
Begien bizkar
Izenburua:
Begien bizkar
Sinadura:
Joxean Muñoz
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Muñoz, Joxean

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1992
Argitalpenaren urtea:
Alea:
28.zk.
Orrialdea:

 

Begien bizkar

 

Joxean Muñoz

 

                         AIZTOZ EGITEN DIREN SEINALEAK

         Hona lirika. Behardu desorduetan eta kontraeran ibiltzen jakin.

 Desmasien eta bakarmin urratu berrien lurra.

         Poemotan bidaia bat kausitu uste dut, hondamendi osteko aldi berri

 baten hasikinetatik oasis beteko hondakinetan jausi artekoa. Ez da ezer

 gertatzen, paisaiak igaro, pasatu eta erre-pasatu egiten dira, behin eta

 berriz. Maitatzea eta oroitzea obsesioa da, ezinbestekoa bezain minbera hala

 ere. Muñozenean esperientzia etenik gabeko zera da, poesia dela alegia, eta

 poemak maitea beti faltan duten eskenatoki hauskorrak, erresistentzi kutxak,

 mezu zifratuak dira. Idazkera oso zehatza da, neurriz gaineko bertsolerro

 txalogoseetan trabatzeko ez izan beldur.

         Hirian, Donostia koxkeroan ere bai, elefanteen azken aterpean bezala

 ororen ezkutuan jazotzen dira sufrimentuak. Sentimentuak azken muturreraino

 behartuak daude, amildegia jo eta pasa egiten da maitasun poema hauetan.

 Errepideak, autoak bidaia bertikalerako eman lezake bide, eta hartara gorputzen

 erorikoa hotz hotzean ageri. Tangoak beirazko geruzen azpitik.

         Ez da konbentzionala Muñozi darion lirikotasuna, berea duen mundu oso

 koherentea moldatzen badaki. Irudi apur batzuekin etxea altxatzen du, bizpahiru

 flashetatik amodio eskena sortzen da. Pausoz pauso jarrai litekeen ibilia da,

 egia intimoen satorbidean aritutakoa apal mintzo da horren min dituenaz.

 Irudiek eta zentzumenen memoriak garamatzate maitasunaren orbainak nozitzera

 geure baitan. Fatala da bizitza. Azkenean denbora pasa egin da, min ematen digu

 oroitzeak, eta oraindik duda sortzen zaigu, ez gaude seguru. Gordin dira

 asmoak, interesgarria saioa.

         Luze isilean gordetakoak peto petoan deklaratzen dakizki, ez da

 amarrurik, ez eskupekorik, ez keinu lagunkoirik. Zauri zahar eta berriek

 zimelduak ditugu barnemuinak. Estimatzen diogu.

         Muñozek ez dio beldurrik poesiari, «Parentesiak (etabar)» (Hordago,

 1983) liburuan erakutsia zuen ez ziona, orain ordea gehiago daki. Ur handitako

 lanak eskarmentua du berarekin. To lirika.

                                                             JOSE LUIS OTAMENDI

 

Autobusez

 

 Sasiak.

 Argia ahulago.

 Lur superbibiente bat.

 Ez duzu zer

 begiraturik.

 Tren

 guztiak

 antzinatearen kolumna

 inguruan.

 Aiztoaren muturrea-

 -n ikusi harramazkak

 denboraren aztarna bakan: su

 amatatuaren arrastoa,

 eta hainbat ilenti ttiki

 ordenen baten bila.

 Ahultzen datorren argia,

 Zikin-

 durik.

 Nekea bizkarrezurrean armiarma.

 Leku bat

 garaje bat, billak, hostal bat, neon-

 ezko fletxak

 hemen

 nire

 zatoz

 leku bat, beste bat,

 orpoz orpo otearekin,

 —argiz

 lur superbibiente honetan

 argi—

 seinaleak.

 —argiz

 Beste leihatiletatik

 argi—

 sakabanatzen dira orain

 —argiz

 argi—

 azken sasiak

 bizirik iraun duten

 pizti, orru, keinu mekanikoak.

 

Flash back

 

 Geroztik

 hainbat auzo

 dira

 hainbat kale hainbat

 bidegurutze huts.

 Geroztik eremuak,

 baratz abandonatuak,

 gaua. Iragarkiak zut

 eta etzan

 eta aidanez dizdir

 karreteraren bi saihetseetan.

 Hotza sabelaren

 hodian.

 Fite noa.

 Zigarroa piztu.

 Zu.

 Itzalak itzalaren meneko.

 Ezpain haiek

 hain mantso eurituak.

 Erre.

 Kea biriketan erabili.

 Perfume akre hura

 zainak gihartzen dituena.

 Sabel hartan inora ez

 galdu nintzenekoa.

 Zuk.

 Bular herabeak, bular herabe iratzarriak.

 Euria eta parabrisetako

 eskobilak.

 Hasperen eginez.

 Egarriari zabaldu nintzaionean

 ekaitz

 sakon-

 enak

 harrotzen. Deitzen. Lehertzeraino

 erakartzen.

 Zu.

 Euriaren kortina opakoa

 belarrietan,

 zigarroaren anestesia

 eztarrian behera.

 Hitz izatera heltzeko debekua zuten

 hitzak esanez,

 izenik gabe deika,

 izuti.

 Zu.

 Zigarroa itzali,

 zigarroa bota,

 gaueko haizeari irekitako leihotik.

 Txinparta

 gorriak salto-

 ka karretera zo-

 lan hil-

 ik.

 

Argazki dedikatuak dibujatzen

 

 Sasiak so egiten du argia

 eta eman, berde ilunagotan.

 

 Itzal uzkurragoen ertzak harrotuz

 larre zurbilagotan zanpatzen bere burua.

 

 Gatazka horrek izen urdina du

 eta horia instante oso azkarretan.

 

 Iheserakoan herdoilaren abizena hartuko du

 trabeskako errainuez

 

 Etxearen atzekaldeko paretari

 koloreak lehertzen dizkiolarik

 presaka.

 

 (gero atariari eta harri busti

 erretiratuagoei)

 

 Helbide bat asmatzen dut

 direkzio bat.

 

 Halako eta halako.

 Bi puntu.

 

 Gero karretera zolak bakarrik egiten du

 argiaren atakearen aurrean

 dizdir.

 

«Berebilez»

 

 BAT,hemen hasten naiz kontatzen, ordubiak aldera dira ibaia amildurik dago, ez

 dago —lurrinaren atzean zauri trabeskakoa—. BI,nekez eusten dio azken

 argitasunak munduaribere kargu hartua badu ere mendiz,etxez eta inoiz itsasoz

 seinalatzea itxiturak eta lautadak eta orain iluntasunak zamatutako arbola da,

 arbola da eta oraintxe gaua zen eta orain bizkarrez harrapatutako seinalea da

 eta oraintxe gaua zen. HIRUbazter, irekirik sekula aurkitu ez duzun ostatua,

 atarian autoaren plastikozko estalkia bidezidorra, sasiak une batez begietan

 itsasirik. Kontra datorren kamioiaren izua ekarri du LAUtarte zabalagoak

 ikumena besterik ez balego bezala. Dena erreala izan da momentu batez.

 BOSTHirurak dira. Ordubata t'erdiak ziren. SEIArgiek ihes egiten dute.

 Suizidatu egiten dira edozein trabaren kontra, gelditu egin ohi dira zenbait,

 —argiak—, zenbait horma zokotan, zenbait bide, leiho eta aterpe itxi,

 zolagaineko zenbait gurpilarrastotan. Bi lagun. ZAZPI.Zigarro bat, ke

 mendalorearen zaporezkoa. Hainbat irudi zintzo, hainbat izen. ZORTZIErrepasatu:

 Berriz hasi: BEDERATZIbat, hemen hasten naiz kontatzen. Ibaia. Gaua. Bi, hiru,

 bizitza euskorragoa. Luze laburrean basoak,ezkutatu alde: egoitza. Lau. Egoitz—

 mina. Bost, sei, hartu egin nizun zigarroa ezpainetan. Zazpi: erre egin naiz;

 eri naiz. Zortzi, betazal haundi baten babesean. Bederatzi: errepasatu.

 

Uztailan bisita

 

 1.

 Pinuak krak lehertzen ditun

 poliki poliki

 

 1.

 Iratzeen azalik euskorrena

 kilker zeruari

 orratzez itsasirik.

 

 2.

 Zama bertikaleko itzalaren

 ordu

 tan

 

 3.

 algodoizko eguraldia hire begietara

 egiten dun etzan

 egiten dun piztu

 

 5.

 Gero irrifar egingo dun, gero

 sukar ttiki bat irristatu zitzainan

 

 8.

 soinean behera, lakuak bila ari bailitz

 edo olatuak bere harrokeriarekin topo egin behar baitluen

 

 13.

 eta hala ere pinuek krak

 etengabe eta mantso

 

 21.

 eta iratzeak eguraldiari amore ematen zion

 eta egiten dun

 etzan

 

 34.

 egiten dun umildu.

 

Adio

 

 Lehen eguerdia zetzanan hemen

 dizdizari, bete eta oso,

 neguko eguzkiak

 (orduz kanpo, garaiz landa)

 babesten duen

 moteltasun borondatezkoaz.

 Orain tren asko igarotzen dun

 norabide guztietan.

 Dagoeneko burutua din

 denborak

 bere satorkeria.

 Erori ditun prologoen

 hitzezko baldakinoak,

 sakabanatu dun eguerdia

 eta presaka jarri gaitun bizitzen

 norabide guztietan.

 Nire buruarekin akordatzen naun

 «Kaixo!» esaten

 itxura despreokupatuan.

 Gaur ordea ez haunat ajendan aurkitu

 eta hotza hegaldatu dun tamarizen erraietatik

 eta amiltzen ari ditun antxetak

 (ia zaratarik gabe)

 asfaltoaren gainera.

 Bazetorren.

 Begietan entzun dinagu tren-

 aren eztanda.

 Oihu egin nahi dinat:

 Adio

 hire izena esaten saiatu

 berriro

 galdera eginaz bezala.

 Heltzen dinat lepotik

 azken minutua

 norabide guztietara markatuz

 (ia esperantzarik gabe)

 Bost

 Hiru Bi

 eta eskura ditudan

 kodigo guztiak

 Bat.

 

 Zerk su zerk

 ekaitz

 zerk akabera

 uhin kolpe bortitz

 amildegi torturatuaren

 baitara?

 zerk tximista zerk

 kixkaldura

 kolpetik ekarri?

 zerk (etzan) zerk (iratzarri) zerk

 harrien tranparen kontra

 eztanda egitera behartu?

 eta gero

 zerk itzal

 patxada lauso berrian?

 zerk hain heze, hain izuti

 zerk, isil, esaten du

 gauaren kontra zurbil

 begi-ninien atzean

 hemen

 atsedena dago tolesturik

 eta zai?

 

 Ez da egia bihotzean zaitudana.

 Bihotzean ezer ez dago, odola

 ez bada eta bizitzaren ort-

 ots ikaragarria.

 Katxeorik latzenean ere ez

 didate

 zure aztarnik aurkituko

 baina egon

 begien bizkar itsuan daude

 zaude

 belarriaren habirik ezkutuenean.

 Zantzuok ez dira ikusten, ez dira aditzen ez

 dira ukitzen. Baina nere entzumenean

 zaude, doinuak hautatzen

 eta oihartzunak iragazten,

 nere ikusmenean zaude zeru urdin

 bapateko hau eraikitzen, isats

 luzeko txori hori

 behatzez seinalatuaz

 nik ez

 baina zuk badakizun izenarekin.

 Ni bizirik naiz, bihotzaren ort-

 otsa biziago dabilkit,

 itzal hori ere, begiak urratzen

 dizkidan arratsalde hau ere

 zuri balegokizu bezala,

 ezer esan gabe,

 ezer markatu eta zigilatu beharrik gabe.

 Begiek ikusi, belarriek entzun

 eta behatzek maitatu egiten duten

 lege (on)ez.

 

Ez bakarrik

 

 Ez bakarrik

 egunaren atzekaldeko patioan

 «deituidazu» esanez

 markatu zenituen orbain zoragarriak.

 Hori, eta nere hostroek zurea ez den euririk

 ez dutela nahi

 ekaitz haundiko arratsa izanikan ere.

 

 Ez bakarrik zure euria

 sorpresa esakto bat izana

 nere zain behartuei.

 Hori, eta nere egarriaren

 zu zaitudala ase-neurri.

 Ez bakarrik ura

 baizik eta hezetasunaren itxaropena.

 Kolore guztien estalki bakarrerako joera.

 

 Horregatik

 eta kimu txikiak heltzear daudelako

 irrikiaren izenarekin,

 dakit

 neguak ez datozela etsai

 eta arratsalde hospelek ere lilura bat ekarriko dutela bihotzean

 hostroa irekitzen zaiolako euriaren susmoari, zai

 eta euria landareon hurren

 osatzen delako, gozo.

 

Arratsaldeak erretzen

 

 Bat.

 Behin.

 Haremunetan lore urdinak bezala.

 Bi.

 Ezin asetuzko setaz

 arratsaldea nola ipintzen den

 belaunbitan.

 Leiho bat.

 Leiho bat.

 Nola amiltzen den itzala bal-

 koirik balkoi.

 Zenbat aldiz.

 Esperatu.

 Erloju itsu batek begiratzen zaitu.

 Ibil zaitez, egonean bazina bezala.

 Egon zaitez, guztia ibili dabilelarik.

 Bat.

 Ibaia adi adi.

 Nola izan litekeen bat

 egunaren adineko.

 Bi.

 Zenbat aldiz.

 


inprimatu