inprimatu
Hiru poema
Izenburua:
Hiru poema
Sinadura:
Ismail Kadare
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Iñigo Aranbarri)
Egilea(k):
Aranbarri, Iñigo

Kadare, Ismail

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
25.zk.
Orrialdea:
32-33

Hiru poema

 

Ismail Kadare

 

euskaratzailea:

Iñigo Aranbarri

 

         Etengabean jausi da elurra Sjiperian Luciano Tovolik Mastroiani eta

 Piccolik jokaturiko «L'armata ritorna» filmatu zuenetik. Ordurarte mendebaldeko

 finisterre ttiki honetan ia ezezagun genuen albaniar baten lehenbiziko nobelan

 zuen abiapuntu Tovoliren lanak.

         36an Gjirokastran jaioa, narratiban eman ditu testurik ezagunenak,

 dozenatik gora direlarik albanieraz argitaratu dituen elaberriak, Europako

 hizkuntza hedatuenetara itzultze bidean gehienak.

         Poesia da ordea hasera haseratik, 18 urte besterik ez eta 'Gaztaroko

 etorriak' ezagutarazi zuen hartatik etengabean jorratu duen arloa. Albaniak

 gerra ostean izan duen belaunaldirik interesgarrienaren buru dugu Driteno

 Agolli, Fatos Arapi eta Natasha Lakorekin batean.

         Albaniako Herri Asanbladako deputatu 1970-1982 bitartean, Fronte

 Demokratikoko Lehendakariorde hautatu zuten iaz Parisen Michel Métaisek

 prestaturiko edizioaz baliatu izan gara Kadareren gaztaroko hiru poema hauek

 itzultzeko: 'Ismail Kadare et la nouvelle poésie albanaise' Ed. PJO, Alain

 Bosqueten hitzaurreaz.

 

New York la nuit

 

 Gaua lilura beldurgarriko ziudade gainera abaildu da

 Non lorerik, txoririk, belarrik ez dagoen...

 Etxe aurrekaldeetan ez da dantzaleku, denda

 Edota taberna izen besterik ikusten musker bizkorren antzera.

 Suge bihurtu dira muskerrak ordea urrunago

 42. karrikan,

                                 boskarren abenidan.

 Horra hor Brodway, zainak zabaldurik bailitzan

 Argi multikoloreetan itorik.

 

 Etxeorratz erraldoiak kolokan dira zango gainetan.

 Batak baso whisky bati eragiten dio publizitatearen beharrez

 Besteak txiklea mazkatzen du

 Drama baten tituloa dauka

                                         egilearen izenarekin hortzartean

 hirugarren batek.

 Orain, han goian narrazti-erreklamoak

 Elkarri auzka dira gatazka odoltsuan.

 Oihana

               asfaltupean zapaldua behiala

 Lilura beldurgarriko ziudadeaz mendekatzen.

 

Requiem Maiakovskiz

 

 Hiltzaileen mahaira eseri naiz

 Idazleen opor etxean,

                                         Dabultin, Yaltan.

 Errealismo sozialistaz mintzo dira farre artean

 Haren odolak

                     euren autoetako kristalak,

 Jantziak, besaulkiak, dirua,

 Yermilov kritikoaren arpegi gorriska

                       ziprintintzen zituelarik.

 

 Sabel beteak igurtzi eta errealismo sozialistaz mintzo

 Gorriz apaindariko estartetan

                       bandera izartuaren pean.

 

 Bitartean, hura zerraldo zetzan lur beltzaren bihotzean

 Izoztu egiten du Errusiako neguak

                                                   apirilean urtzeko.

 

 Uniforme sozialistaz jantzitako indar ilunek,

 Kritiko higuingarriek, espekuladoreek,

                                                                     kargugoseek

 Erasoari diote ekiten mediokreen mendeetako leloa kantatuz:

 «Handia hintzen, hautsi egiten dituk handiak ordea».

 

 Baina horra hor haren irudia Maiakovski Plazan.

 Tentetu eta tristerik die begiratzen datozen urteei.

 Ezagutzen dituen bere hiltzaile andanaren atzean

 Kontrairaultzaren lehen hodeiak altxatzen ikusi ditu.

 

Albania Mina

 

 Minak heldu nau Albania minak

 Arrats hontan trolebusez etxeratzen nintzela

 Errusiar bat erretzen ari zen «Partizan» zigarretaren kea

 Bihurrituz, urdinduz, espiralak eginez zihoan

 Isilean mintzatuko balitzait bezala

 Albaniarren, ene herritarren hizkuntzan.

 

 Inoiz gaiztakeriaren bat egin dudan

 Tiranako kale artean paseatu nahi dut arrastirian

 Eta inoiz gaiztakeriarik egin ez dudan kaleetan.

 Zurezko ate zaharrek ezagutzen naute

 Arrenkuraz gogoratuko naute

 Keinu egingo didate

 Baina ez dut txarrera hartuko

 Herriminak heldu nau eta.

 

 Eta hosto hilez estalitako karriketan ibili

 Horbel hilak, udazkenekoak

 Zeinentzat konparazioak egokiro aurki daitezkeen.

 Karrika batetan paseatu

 Aurreiritziak bezain estua

 Ahaztura bezain iluna

 Motz eta bihurria

 Gizon zekenaren gisa;

 Zigarreta piztu,

 Txiste on batekin farre egin

 Eta oroimen bat zapaldu

 Neuk lur gainean diren

 Hosto hauek zapaltzen ditudan bezala.

 

 Minak heldu nau Albania minak

 Zeru handi, zabal eta sakonarenak,

 Olatu adriatikarren lasterka azularenak,

 Ilunabarrean gazteluen gisa nabarturiko hodeienak,

 Adats zuri eta bizar berdedun Alpeenak,

 Brisarapean ikaratzen diren nylonezko gauenak,

 Indioak bezala egunsentian dabilen lanbroarenak,

 Lokomotore eta zaldienak

 Bafaka eta intzirika izerdiz estaliak,

 Alzifre, saldo eta hilobienak,

 Herriminak heldu nau,

 Herriminak heldu nau,

 Albaniarrenak.

 

 Minak heldu eta banoa agudo

 Lainoen gainetik desioak bailiren.

 Hain zaitut urrun eta min, herria.

 Dardarrez aerodromoa burrunbapean,

 Dindilika den lanbroa amildegi atzean ageriko da.

 Erreaktoreen abiadura asmatu dutenek

 Beren herritik urrun egon behar izan dute inoiz.

 

                                                                 Moskun, 1960an.

 

 


inprimatu