inprimatu
Yannis Ritsos -Makronisos, Yaros, Leros-
Izenburua:
Yannis Ritsos -Makronisos, Yaros, Leros-
Sinadura:
Yannis Ritsos
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Iñigo Aranbarri)
Egilea(k):
Aranbarri, Iñigo
Ritsos, Yannis

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
23/24.zk.
Orrialdea:
169-172

Yannis Ritsos

—Makronisos, Yaros, Leros—

 

Yannis Ritsos

 

euskaratzailea:

Iñigo Aranbarri

 

         Yannis Ritsos. Monemvasián jaio zen 1909. urtean. 34koa du lehen

 liburua: "Traktorea". "Epitafio" bi urte beranduago. Metaxasen diktadura garaia

 da. Liburua errearaziko du. "Kanta ene arrebarentzat", "Bedats sinfonia",

 "Ipurtargi batek gaua argitzen du", 1937koak hirurak. Hurrengo urtean "Uda

 eguerdi bateko ametsa" argitaratzen du.

         Europako gerra. Alderdi komunistako partaide. Mazedoniako herri

 teatroa. "Helenitatea" —1945-1947—, lanik ezagunena agian. Lehen gartzelaketa.

 Limnos —"Herbesteko egunkaria"—, Makronisos, Ais Stratis. Libro 1952an. "Gizon

 krabelinduna" 52an. Alaba. Eri deituko dute, Eleftheríaren laburpena,

 libertatea grekeraz. "Sonata ilazkipean" —poesia sari nazionala 56an—. "Munduko

 auzoak". "12 poema Kavafisentzat". "Mito kantak". Bidaiak. Itzulpenak:

 Maiakowski, Hikmet, Neruda, Guillén, Blok, Atila Iosef.

         Koronelak. Uharte madarikatuak berriro. Yaros. Leros. Saros 1968an.

 Izkribu galeraziak. Egeoko herri lau pintatuak. 1971an Gallimard editorialak

 "Harriak, errepikapenak, ziega hagak" argitaratzen du, gartzela poemak, Louis

 Aragonen sarreraz.

 

Aholkua

 

 Borroka eta borroka —akiturik haiz jada. Gera

         hadi hada hemen bertan

 amaiera baino lehenxeago. Ahantzi. Hertsi begiak

         beste iluntasun kutunarekin

 bat egin dezaan heure baitan. Eta altxa hadi berriro

         eskena ederrak lantzera harrian

 Akilesen erredolakoak bezalakoak, azken aldiz.

 Baina saia hadi xumeenak hautatzen, pregoilariak nekaturik

         arteen pean, esate baterako; afaria

 gaitzen duten soldaduak; Errege, zetroari buruz isiltasunean

         makurturik; mutil koskorra

 oihuka muinoan behera —ahoa deiadarrik bage zabalik.

 Emazteak atarietan esertzen dituk urrunera oso urrunera

         eta beren barnera begira,

 ulertze irrifarre gozoz, egun hau ere joan baituk eta

         janariaren eta zereginen kezka—,

 arropa garbi eta lisaturik duk apalean: garbi erratza

 ate atzean; beterik pegarrak; hormako iltzetik esekirik

 kriseilua; mahaipean haren itzala, hor handi beltz batena

 bezalakoa— buztanik higitzen ez duela; artizarra

         ortzearen eskuin ertzean duk— lotsai eta

 errenkura bage begira ziezaieketek beraz lorategiko liliei,

         pizten diren beirei

 edota plazan dantzan dabiltzan neska ederrei,

         mutil gazteei

 buruz buru ezarririk inoiz, inoiz itzuli bizkorka

 eltzeginak bere dornuari frogatzearren emanikoen eran.

 

 Utz ezak eskena hau azkenerako —honela behar dik—,

 badakik —gazteen dantza—, ezen bihar hilen festa handia

 argitzen baitik —etsai eta lagunena—. Eta bidaia berriro

 Helenarekin, zilarrezko adatsez oroz ostendua.

                                                                       69-06-24.

 

Gure arbasoen hobiak

 

 Gure hilak eta haien indarra gordetzea komeni da

         ez dadin fortuna inoiz gure etsaiek

 lurpetik atera eta eramatea. Eta orduan, haien babesik bage,

         bikoitza litzateke gure arriskua.

 Nola bizi gintezke etxerik, gure altzaririk, gure lurrik

         eta batez ere gure

 arbaso gerlari edo jakintsuen hobirik bage? Oroit gaitezen

         nola ohostu zituzten Tegeako Espartarrek

 Orestesen hezurrak. Gure etsaiek non ditugun sekulan

         ez jakitea komeniko litzateke.

 Baina nola jakin nor diren gure etsaiak edo noiz eta

         nondik ageriko diren?

 Ez beraz hobi handiosoei, bitxi deigarriei.

 Hauek soa eta bekaizkeria dakarte. Gure hilek ez dituzte

         inolaz ere behar —nahikoa dute beren buruekin,

 apal eta isil orain, eztiura, doaia, aintza izunekiko

         ahierbageak.

 Hobe da harri soil bat eta geranio ontzia, seinale sekretua,

 edo ezer ere ez agian. Ziurrago da apika

 geure barnean gordetzea, ahal badugu bedere, edo

 hobe oraindik, geuk ere ez ezagutzea non dautzan.

         Gure garai hauetan gauzak dauden bezala

 —nork daki—, baliteke geuk ateratzea lurpetik

         eta nonbaitera egoztea inoiz.

                                                                       68-03-20.

 

Herakles eta gu

 

 Handi eta goratsu izan zinela diote, Jainkoaren seme,

         eta irakasle ugariduna gainera:

 Lino zaharra, Apoloren seme, Letrak ikas zitzazun

         berarengandik.

         Eurito,

 arranbelariaren artea, Eumolpe, Filamónen seme,

 kantua eta lira, eta guzietan zoragarriena

         Hermesen semea, Harpáliko,

 kopeta erdia estaltzen zioten bekain handi eta usuak

         zituen hura,

 ontsa irakatsi zion Argotarren artea: zangartea—

         honekin

 irabazten dira gauzarik gehienak, bai borrokan

         bai Letretan ere.

 Baina gu, hilkorren seme, maisurik bage, geure borondate

         hutsez,

 gotortasunez, gogo beroz eta oinazez gara heldu

         garena izatera. Ez dugu ez geure burua

 inolaz ere beheragoko ikusten, ez eta ere begirada jaisten.

         Gure pergamuetan

 hiru hitz besterik ez: Makronisos, Yaros eta Leros.

         Eta egunen batez

 dorpeak baderitzozue gure bertsoei,

 honezaz baino ez oroitu, zaindarien muturren aurrean eta

         baioneta saihetsean genuela

 izan direla izkribatuak. Eta aitzakiak ez dira beharrezko,

         —har itzazu daudenean, biluzgorririk—

 gehiago esango dizue Tokidides hitsak Jenofonte trebeak

         baino.

                                                                       68-03-23.

 

 


inprimatu