inprimatu
Nazim Hikmet -Bursa, Istanbul-
Izenburua:
Nazim Hikmet -Bursa, Istanbul-
Sinadura:
Nazim Hikmet
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Gabriel Aresti / Josu Landa)
Egilea(k):
Hikmet, Nazim
Gabriel Aresti / Josu Landa

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
23/24.zk.
Orrialdea:
137-143

Nazim Hikmet

—Bursa, Istanbul—

 

Nazim Hikmet

 

euskaratzaileak:

Gabriel Aresti eta

Josu Landa

 

         Nazim Hikmet 1902. urtean jaio zen Salonikan —Turkia orduan, orain

 Grezia—. Poeta zuen aitona. "Baina oraindik ere ez ditut bere poemak ulertzen",

 kontatzen omen zuen Nazim-ek. "Hamahiru bat urte izango nituen gurearen pareko

 etxeak su hartu zuenean. Lehen aldikotz sute bat ikusten nuela. Asaldatu egin

 nintzen. Aitonak, gure etxea suak harrapa ez zezan, Corana hartu zuen eta

 garretara jaurti. Itzali egin zen sua. Ez Coranaren indarragatik, ezta

 suhiltzaileengatik sikiera, etxea goitik behera erre zelako baizik, hauts

 bihurturik. Ordubete gero idatziko nuen ene lehen poema.

         1920an Sobiet Batasunera abiatu eta zientzia politikoak estudiatu

 zituen Moskun. Zortzi urte gero itzuli zen Turkiara, baimenik eta pasaporterik

 gabe joan izanagatik 1926. urtetik bere atxiloketa agindua zegoelarik.

 Aministia baten ostean aske. Baina 1930ean giltzapetuko zuten berriro, bigarren

 amnistia bati esker (1950) kaleratu zen arte. Bihotza kolokan harrez gero,

 hainbeste gose grebaren kausaz. Sobiet Batasunera egin zuen ihes 1951ean,

 gaztetan egin gabeko soldaduskara behartu nahi izan zutelako. 1963ko ekainean

 hil zen Moskun, 30 urtez errefuxiatu eta preso egoteari eutsi ondoren.

         Segidako poematarik lehendabiziko biak Gabriel Arestik itzuli zituen

 ("Lau Gartzelak", Lur, Donostia 1971). Beste biak Turkian idatzi azkenetarikoen

 artetik hautatu ditugu.

 

 Ene amodio bakarra!

 Heure azken gutunean

 "bihotzean min diat",

 "arima itzali zaidak"

 diostan,

 "urkatuko bahindute",

 "galduko bahindut"

 diostan,

 "ez nindukek biziko".

 

 Biziko haiz, andrea.

 Ke beltzaren antzean

 ene oroitzapena

 haizeak eramanen din,

 biziko haiz,

 ene bihotzaren arreba bilo-gorri hori,

 gure mendean

 heriotzaren minak

 gehien batean

 urte-bete

 ziraun.

 

 Heriotzea.

 Soka batetik hilotz bat zintzilika.

 Ito egiten zaidan

 boza

 eztarrian,

 eta inola ere

 ez din ene bihotzak ametitzen

 herio-klase hau.

 

 Hala ere,

 zihur haizen, maite,

 armiarma beltz baten antzean

 ijito miserable baten

 esku bilotsuak

 lepora soka hori

 botako badaut,

 alferrik

 begiratuko dautatela Nazimi

 neure begi urdinetan beldurren bita!

 

 Nik,

 azken goizaldearen argi epelean

 neure lagunak ikusiko ditinat,

 hi ikusiko haut,

 eta lu-pera

 kanta bukatu-gaberen baten tristura

 eramanen dinat

 bakarrik...

 

 Ene esposa,

 arima onaren

 ene erlea,

 urrezko aurpegiduna,

 eta eztia baino begi eztiagoetakoa,

 urkabea eskatu zeutatela,

 zergatik idatzi neunan?

 

 Hasiera batean diagon oraindik

 judizioa,

 eta gizonaren semeari ez zaion bururik kentzen

 harbi bat balitz bezala.

 

 Ea, honekin ez ezan trajediarik egin.

 Oso posibilidade urruna dun.

 Dirurik baldin badaukan,

 artilezko galtzontziloak

 eros ietzadan.

 Zangoetan berriz ere

 erreuma dinat.

 

 Eta ez hadi inoiz honetaz ahantz,

 gartzelatu baten andreak

 ez dadukala gauza tristeetan pentsatu behar...

 

                                                 Bursako gartzelatik. 33-11-11.

 

 1939garren otsailean,

 Istanbulen,

 gartzela honetako

 burdin-artean,

 negu honetako

 egun eguzkitsu batez,

 euria atertu ondoren,

 urak

 bustitako lurrean

 dirdiratzen diren bitartean,

 hodeiek, teilatu gorriek, paretek eta ene aurpegiak

 bertan

 taupa egiten duten bitartean;

 nik,

 neure balentasuna eta kobardekeria soinean daramatzadala,

 munduaz, neure aberriaz eta zutaz egiten dut gogoeta.

 

 Ene anaia,

 bidali

 amaiera zoriontsuko

 liburuak,

 abioia

 arazorik gabe lurrera dadila,

 medikua

 irrifartsu irten kirofanotik,

 zabaldu haur itsuaren

 begiak,

 afusilatzetik libro

 gaztea,

 kumeek

 elkarrekin topo berriro,

 daudela festak,

 ospatu ezteiak.

 Egarriak

 aurki dezala

 ura!,

 askatasuna

 ogiak!

 Ene anaia,

 bidali

 amaiera zoriontsuko

 liburuak,

 gertatu egingo diren

 horiek

 azken batean.

 

                                                                       46-3-17.

 

 Aurrera dagien argiaren barnean nago.

 Irrikan dauzkat eskuak, ederra da mundua.

 Ene begiak ez dira asetu arbolez.

 Hainbeste esperantza gorderik, hain dira berdeak...

 

 Bide eguzkitsu bat igaro da marzustondo artetik,

 gartzelako erizaindegian, leihoan nago.

 

 Ez dut somatzen botika usainik.

 Krabelinak loratuko ziren nonbait.

 

 Hauxe gakoa.

 Arazoa ez da preso atxitua izatea.

 Ez etsitzean datza arazo guztia.

 

                                                                         48-6-1.

 

 


inprimatu