inprimatu
Hiru poema
Izenburua:
Hiru poema
Sinadura:
Joakin Balentzia
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Balentzia, Joakin

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
22.zk.
Orrialdea:
125-127

Hiru poema

 

Joakin Balentzia

 

I.— Bere pasioen biktima izan zen (Neure erotasunari)

 

 Bere pasioen biktima izan zen

 errealitatearen zentzua galduz,

 predikari zantarrak erran zuenez.

 Baina zer egin zuen benetan?

 

 Bere ametsetan ito egin zen

 zaldi zoroki abiatu baten antzera.

 Zintzo eta serio.

 

 Biziaren bide luzeak ibili zituen

 bere burua iraungi arte.

 Zintzo eta serio.

 

 Munstro eskuzabalegiak sortu zituen

 gehiengoak onartu ahal izateko.

 Zintzo eta serio.

 

 Lurralde debekatuetan giza harrotasunaren

 arrazoi ezkutuak bilatu zituen.

 Zintzo eta serio.

 

 Bihotza lehertu zitzaion nonbait

 izarrak jasotzeko zorian zegoelarik.

 Zintzo eta serio.

 

 Nire laguna zen eta kito.

 Zintzo eta serio.

 

II.— Aborto izan ez zeneko bati

 

 Itsusia zara, mutiko,

 eta ez dakizu,

 baina eskubide oro duzu

 horrelako era goibelez

 behatzeko;

 ausentzietako hainbeste urte

 deskribatzeko hitzak

 ez ditut aurkitzen.

 Ez duzu ama ezagutzen,

 eta hori ona da.

 Ez duzu aIta ezagutzen,

 eta hori ere ona da.

 Ezagutuko bazenituzke

 biziari gorroto izanen zenioke.

 Egundoko kaikuak dira biak

 zu jaiotzen uzteagatik,

 zure geroa jakinez gero.

 Eskubide oro duzu, mutiko,

 horrelako era goibelez

 behatzeko.

 

III.— Hilargia mintzatzen denean

 

 Hilargia mintzatzen den aldiro

 ia inork ez dio sinesten

 gezurtien sasoia gaua omen delako.

 Baina hilargiak zernahiz irri eginez,

 zurbil eta sotil,

 bere ordua lasai itxoiten du.

 

 Orain zeruari begira nago,

 lo egin gabe, erne,

 errebelazio haundiaren zain;

 hilbetea mintzatuko da

 eta leial gutxik sinestuko diogu.

 Gaur gauean bere gezur bitxiak jaso

 eta, beren sorburu likits eta ilunez

 hitzik ere egin gabe,

 egiak bezala aurkeztuko ditugu gero.

 

 Hori da gure sekretua, oi maitale,

 inori ez diogu kondatuko

 nondik ateratzen ditugun egia hutsak.

 

 


inprimatu